Maria Eugenia Atxega: “Orioko futbol taldearen helburua gazteei futbolean aritzeko aukera ematea da”

Maria Eugenia Atxega Orioko futbol elkarteko boluntarioa da
Maria Eugenia Atxega Orioko futbol zelaian (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Maria Eugenia Atxega Orioko futbol zelaian (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

1999-2000 denboralditik boluntario ari da Maria Eugenia Atxega Orioko Futbol Taldean. Gaur egun, Orioko futbol zelaiko eguneroko martxa antolatzen du, eta elkarteko tabernaren ardura du.

Nolatan hasi zinen Orioko futbol elkartean boluntario?
Kasualitatez hasi nintzen. 1999-2000 zen futbol taldean boluntario hasi nintzen sasoia. Etxean beti gustatu izan zaigu kirola, ni neu seme-alabak txikiak zirenetik haien partida guztiak ikustera joaten nintzen. Garai hartan, Orioko futbol taldeak hondartzan zuen zelaira futbol partidak ikustera joateko ohitura genuen, eta orduan futbol taldeko presidente zen Makatzak, nire senarrari proposatu zion gaztetxoekin delegatu jardun nahi zuen. Senarra arrantzalea zen, eta esan zion azarora arte ezingo zuela hasi. Ondorioz, senarrak niri galdetu zidan joan nahi nuen. Hasieran, ez nengoen ziur, ez nekielako zein izango zen nire lana. Gero, ordea, delegatuaren egitekoa zein zen azaldu zidaten eta onartzea erabaki nuen. Horrela hasi nintzen. Hamalau urte egin ditut  futbol taldeko delegatu gisa, eta kadeteetan, jubeniletan eta nagusien mailan aritu naiz.

Zer lan egiten du delegatuak?
Asteburuero futbol taldearekin ibiltzen da batetik bestera, eta partida bakoitzean bete behar diren izapideez arduratzen da. Horrez gain, entrenatzailearekin batera, aulkian ere egoten da delegatua; ni, esaterako, apuntetxoak hartzen aritzen nintzen: gola nork sartzen zuen, zein minututan…

Delegatu lanaz gain, beste eginbeharrik izan al duzu futbol elkartean?
Bai, gurea bezalako futbol elkarte batean gauza asko egoten da egiteko, eta niri denetik egitea egokitu zait. Elkarteak martxa ona izan dezan, lanak banatu egin behar izaten dira. Elkarteko presidentea joaten da futbol federazioarekin egiten diren bileretara. Ni, berriz, jokalarien fitxak betetzearen arduraduna naiz, eta horretan nabil azken egunetan. Garai batean, eskuz egiten genituen lan horiek, baina orain ordenadorez betetzen dira Interneteko programa baten bidez. Horrez gain, entrenamenduen eta partiden ordutegiak ere kudeatzen ditut, eta duela urte batzutatik elkarteko tabernaren ardura daukat. Taberna Oriokok etxean jokatzen dituen partida denetan ireki behar denez, delegatu lana utzi egin behar izan nuen. Tabernako irabazia futbol elkartearentzat izaten da.

Laster, hogeigarren denboraldia beteko dituzu futbol elkartean. Asko aldatu al da Orioko futbol elkartea?
Bai, azken hogei urteotan, futbol elkartea pixkanaka indarra hartzen joan da herrian, eta horrekin gustura gaude. Ni hasi nintzenean hondartza inguruan genuen futbol zelaia, eta hiru talde zituen elkarteak. Futbol zelaia tokiz aldatzea aldaketa handia izan zen, ordutik elkartea asko hazi dela uste dut. Orain futbol zelaia herrian bertan dago, eta jende asko joaten da asteburuetan futbola ikustera. Horrek pixkanaka afizioa sortzen du, eta gero eta haur eta gazte gehiago animatzen da futbolera.

Zenbat talde ditu Oriokok?
Gaur egun, mutilen sei talde eta nesken beste bi ditugu. Horrez gain, futbol eskola ere badugu. Asko hasi da elkartea, eta orain lehen ez genituen zailtasunak sortu zaizkigu. Alde batetik, entrenatzaileak bilatu behar izaten ditugu; orain arte gurasoek jarrera ona izan dute eta laguntzeko prest agertu dira, baina elkarlana garrantzitsua izaten da. Horrez gain, sarritan entrenamendu saioak eta partidak antolatzeko arazoak ere izaten ditugu, zelai bakarra dugulako. Gainera, zelaia sofbol taldearekin elkarbanatzen dugu, eta talde guztiak kudeatzea eta denen ordutegiak koordinatzea nahiko lan zaila izaten da. Zailtasunak zailtasun, futbolean jokatzera etorri nahi duten guztiak ongi etorriak dira elkartera.

Emaitzei dagokionean zein helburu ditu Oriokok?
Guk badakigu elkartearen mugak zein diren: herri txiki bateko futbol elkartea gara, eta gure kirol helburuek horren araberakoak izan behar dute. Gazte mailan, esaterako, argi dugu partida irabaztea ez dela garrantzitsuena, eta taldekide guztiek jokatzea izaten da entrenatzailearen helburua. Bestalde, gizonezkoen talde nagusiak Gipuzkoako Erregional Preferente mailan jokatzen du; mailaz igo izan gara, baina badakigu oso zaila dela gero Gorengo maila mantentzea. Maila nagusian ere, herriko gazteei futbolean jokatzeko aukera eskaintzea da gure helburua.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend