Urriaren 31ra bitartean aurkez daitezke Bizenta Mogel ipuin lehiaketako lanak

XXXVII. Bizenta Mogel ipuin lehiaketa antolatu dute Azkoitiko Kultur Elkarteak eta udalak, euskara eta literatura indartzeko eta sortzaileei aukera bat emateko asmoz. Antolatzaileek dagoeneko kaleratu dituzte lehiaketako oinarriak, eta herritarrek urriaren 31ra bitartean aurkez ditzakete lanak udaletxean.

18 urtetik gorakoek parte har dezakete lehiaketan, eta euskaraz idatzi beharko dituzte ipuinak. Luzeerari dagokionez, lau eta hamar orri arteko ipuinak aurkeztu behar dira, orriaren alde batean eta tarte bikoitzarekin idatzita. Lanek originalak eta inon argitaratu edo saritu gabekoak izan behar dute.

Idazleek udaletxera (Azkoitiako Udala, Herriko plaza z/g. 20720) bidali beharko dituzte lanak, goitizen batekin izenpetuta. Era berean, goitizen bera daraman kartazal bat ere aurkeztu beharko dute, kartazalaren barruan egilearen datu pertsonalak zehaztuta. Irabazleen artean, 600, 400 eta 300 euroko sariak eta oroigarriak banatuko dituzte antolatzaileek. Haien arabera, epaimahaiak abenduaren 21ean hartuko du irabazleen gaineko erabakia, eta otsailean egingo dute sari banaketa, udaletxean.

Iaz, 29 lan aurkeztu ziren Bizenta Mogel ipuin lehiaketara, eta Iraitz Legarra markinarrak irabazi zuen. Antolatzaileen arabera, urtetik urtera “gorantz” doa aurkezten diren lanen kalitatea.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend