Zestoako Pilota Elkarteak hainbat aldaketarekin hasiko du sasoia

Aurrerantzean kuota bat ordaindu beharko dute pilota elkarteko kideek, "azkenaldiko beherakadari aurre egiteko" .Taldeko arduradunak aldatu dituzte
Hainbat gaztetxo Zestoan pilotan. (Ihintza Elustondo)

Hainbat gaztetxo Zestoan pilotan. (Ihintza Elustondo)

Zestoako Pilota Elkarteak hainbat aldaketarekin hasiko du datorren ikasturtea. Hain zuzen ere, azken urteetako “seriotasun faltari” irtenbidea bilatu nahian, funtzionamendua aldatzea erabaki dute, herrian pilota behar bezala sustatzeko helburuarekin. Horrez gain, taldeko zuzendaritzan ere aldaketak izango dira.

Aurrerantzean, Adonis Gelis eta Iñigo Uria izango dira taldeko entrenatzaileak, Mikel Arregi arduratuko da administrazioaz eta Jon Etxeberriak egingo ditu beste klubekin harremanak.

Bestalde, pilota elkarteko kideak kuota bat ordaintzen hasiko dira datorren ikasturtean, entrenatzaileei dieta bat ordaindu ahal izateko. Azken urteetan izan den beherakadaren ondorioz hartu dute erabaki hori, Gelisen arabera: “2008an sortu zen elkartea, eta hasieran, antolaketa aldetik ondo funtzionatzen zuen. Kontua da jendea borondatez ari zela pilota elkartean lanean, eta beste ardura batzuk ere bazituela; horregatik, askotan berandu iristen ziren entrenamenduetara, eta horrek gaztetxoak desanimatzen zituen. Gainera, pixkanaka arduradunak elkartea uzten joan dira, eta azken hiru urteotan beherakada handia izan da taldean”.

Horrez gain, Gelisen esanetan, sarritan “jendetza” elkartzen da Zestoako pilotalekuan, eta ezin izaten dituzte entrenamenduak behar bezala egin. “Zestoan beste aterperik ez dagoenez, haur ugari joaten da frontoira, eta entrenamendu orduetan baloiarekin edo erraketekin jolasean aritzen dira”.

Egoera horren aurrean, «seriotasun pixka bat» lortu nahi dute ezarri berri duten kuotaren bidez. Entrenamenduen jarraikortasuna bermatzea eta frontoian beraien lekua izatea nahi dituzte. “Azpeitian ere iaz hasi ziren kuota bidez funtzionatzen, eta haien metodo bera erabiliko dugu. Ea zer moduz joaten den”.

Joan den asteartean bilera bat egin zuen Zestoako Pilota Elkarteak egitasmo berriaren inguruko nondik norakoak azaltzeko, eta Gelisek azaldu duenez, “ondo” iruditu zaie herritarrei pilota elkarteak hartu duen bidea. Izan ere, haren arabera, “ezinbestean” aldaketa bat behar zuen taldeak, biziraungo bazuen: “Pauso hau eman izan ez bagenu, urte gutxiren buruan taldea desagertzeko zorian izango zen”.

Guztira, federatutako hamar lagun eta fitxarik gabeko beste horrenbeste dira Zestoako Pilota Elkarteko kideak. Pilotalekuko obrak amaitu bitartean, –abendurako amaituta izango direla aurreikusten dute– Aizarnazabalen eta Iraetan egingo dituzte entrenamenduak, eta partidak Aizarnazabalgo frontoian jokatuko dituzte.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend