Andoni Garcia: “Zuzenean jotzeko sekulako egarria dugu taldean”

Betagarri, Vendetta eta Lauroba taldeetan ibilitako musikari batzuek proiektu berria dute esku artean: Modus Operandi ska taldea. Aurreneko diskoa grabatzen gaur hasi dira.

 775088_742557602541989_4620247980545901848_o

Modus Operandi musika taldeak ez du inoiz zuzeneko kontzerturik eskaini, baina aurreneko diskoa labera sartu berri dute. Izan ere, gaur hasi dute grabaketa, eta udazkenerako prest izango dute lana. Durangoko Azokan kontzertua ematekoak ere badira, baina oraingoz «ezin da gehiago aurreratu», Andoni Garcia (Zarautz, 1994) zarauztarraren esanetan. Lauroba, Emon eta Fan&Go bezalako taldeetan gitarrista aritu da, eta ilusioz heldu dio erronka berriari.
Aurreneko lana plazaratzeko gogotsu egongo zarete, ezta?

Bai. 2017ko ekainean elkartu ginen aurreneko aldiz Iñaki [Ortiz de Villalba, Betagarri] eta biok, eta kristoren pisua kenduko dugu gainetik diskoa argitaratzean. Zuzenean jotzeko sekulako egarria dugu taldean, tentsio handia dago.
Zergatik aurrena diskoa eta gero kontzertuak, eta ez alderantziz?

Gauzak ondo nahi genituen egin. Batetik, Betagarrik iazko uztailean eman behar zuen desagertu aurreko azken kontzertua; Lauroba ere apirilean utzi behar genuen; eta Vendettak ere aurten utziko du. Agenda topera geneukan, eta nahiago izan dugu pixkanaka egin gauzak, pauso txikiak emanez, baina aldi berean, pauso handiak izatea.
Hainbat estilotako taldeetatik zatozte denok. Diskoan zer estilo izango da nagusi?

Abestiak Iñakirenak dira, eta horregatik, batez ere ska estiloa izango da nagusia. Rock ukituak izango ditu, baita hardcore eta punki ukituak ere; eta reggae pixka bat ere izango du.
Hizkuntza bakarrean ala gehiagoan ibiliko zarete kantuan?

Hamar abesti dira, eta gehienak euskaraz daude, baina abesti bana sartu ditugu katalanez, gaztelaniaz eta ingelesez.
Zeri buruzko abestiak dira?

Denetarik jorratu dugu. Asko egunerokotasunarekin lotutakoak dira, baina badaude bestelako gai batzuk ere. Esaterako, frankismoarekin lotuta, memoria historikoarena, tamalez, gaur egun oraindik puri-purian dagoen gaia. Ez beti da ez leloa ere hor dago.
Jotzeko gogoz zaudetela esan duzu. Kontzerturik bai lotuta?

Aurreko astean hasi ginen promozioarekin, eta deiak jasotzen hasi gara, bai kontzertuak emateko, bai elkarrizketak egiteko. Ez genuen espero halako oihartzun edo harrera izaterik, esku artean produkturik eduki aurretik.
Taldearekiko interes handia sentitzen ari zarete, hortaz.

Nahi edo nahi ez, Betagarrik utzi berri du, Vendettak ere laga egingo du, eta jendeak jakin duenean bi talde horietakoak elkartu direla, bada, jendeari atentzioa ematen dio.
Zeu nondik iritsi zara proiektu honetara?

Orain urte batzuk Iñakik komentatu zuen nahi zuela zerbait egin, eta ni prest agertu nintzen parte hartzeko. Iazko maiatzean deitu zidan, ekain amaieran elkartzeko, eta Betagarriren Gasteizko lokalean elkartu ginen.
Eta orduan hasi zen forma hartzen Modus Operandi?

Proiektua Iñakik zeukan buruan, bere abestiak dira, eta saiatu gara berak nahi zuen bezala egiten. Oso bitxia izan da kantak ekoizteko modua bera ere.

Zer zentzutan?

Aurreneko aldiz biok Gasteizen elkartu ginenean abestiak egiteko, dena buruan zeukan. Ez du instrumenturik jotzen, eta kantatu egiten zizkidan melodiak, nik gitarrarekin akordeak jartzeko. Bere intonazioaren arabera jarraitzen nion gitarrarekin. Eta horrela osatu genituen abestiak. Ez zait sekula halakorik gertatu.

Lauroba taldean bospasei urtez aritu zara. Nola ikusten duzu pop estiloa Euskal Herrian?

Pop eszena Euskal Herrian oso pobrea da. Kerobiak sekulako indarra eman zion, eta talde batzuk orain ari dira pop estiloa ukitzen. Ken Zazpik ere estilo hori jorratzen du eta oso ezagunak dira, noski, baina oro har, talde gutxi daude Euskal Herrian, eta zaila da jendea erakartzea horrelako estilo batek.

Zeuk badaukazu estilo kutunik?

Heavya izaten hasi ninzen, eta gitarra hartu nuenean Gun’s Roses, AC/DC eta halakoekin hasi nintzen. Nire aurreneko gitarra irakaslea Akelarreko Jesus Mari Lopetegi izan zen. Bi urtez irakatsi zidan; asko miresten dut. Ondoren, neure kasa ikasi dut, eta nire irakasleak izan dira ibili naizen taldeetako kide guztiak. Bereziki, Iker Lauroba. Musikalki ere berak eragin dit gehien. Denetarik entzuten dut, batez ere musika amerikarra eta britainiarra. Euskal Herrikoa eta Espainiakoa ere asko, baita europarra ere. Baina musika da gustatzen zaidana, eta ez dut estilorik baztertzen.
Gitarraz gain, jotzen omen duzu beste instrumenturen bat.

Bai, iaz hasi nintzen ikasten lap steel izeneko instrumentu bat, eta hori lantzeko beste talde bat sortu genuen lagun batzuek. Berez instrumentu hawaiiarra da, eta country amerikarrean, adibidez, dezente erabiltzen da. Kuriositatez fijatu nintzen, eta ohartu naiz entzuten dudan musika mordo batean erabiltzen dela. Horregatik erabaki nuen ikastea.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend