Maite Uria: “Erronkak maite ditudalako etorri naiz Zanzibarrera bizitzera”

Gobernuz Kanpoko Erakunde batekin Zanzibarrera joan, eta han bizi nahi zuela ohartu zen gazte azkoitiarra joan zen udan. Orain, hotela zabaldu du Afrikako irlan, bere mutil lagunarekin batera.
MaiteUria

Maite Uria (eskuinean), Mutil lagunarekin. (M. U.)

Lekuek badute zerbait. Batzuek herrialde bat zapaldu orduko sentitzen dute zirrara berezia. Horixe gertatu zaio Maite Uriari (Azkoitia, 1993). Zanzibarrera (Tanzania) iritsi orduko jakin zuen han zegoela bere lekua.

Zanzibarren bizi zara egun. Nolatan joan zinen hara?

Iazko abuztuan etorri nitzen lehen aldiz Tanzaniara Gobernuz Kanpoko Erakunde batekin, eta Zanzibarren igaro genituen azken bost egunak. Etxera itzuli nintzenean ezin nituen burutik kendu hango paisaiak, jendea, poza, bizitzeko modua, musika… Bi aste barru bueltan nintzen berriz, eta gaur arte.

Zergatik erabaki zenuen han bizitzen gelditzea?

Euskal Herrian, asteburuetan zerbitzari lanak egiten nituen, eta noizean behin, irakasle aritzen nintzen. Aspertuta nengoen bizimodu horretaz; errutinan sartuta nengoen, kurrikulumak banatzen, lan bila… Aldaketa bat behar nuen: bizitza bizitzen hastea eta orainaz gozatzen ikastea. Bizi kalitate hobearen bila etorri nintzen Zanzibar irlara, zehazki, Nungwi herrira. Hemen, gauza txikiekin gozatzen irakatsi didate, gutxirekin pozik bizitzen, eta gaurko eguna txarra izan bada lasai egoten, biharkoa sekulakoa izango delako.

Hotel bat ireki duzu han. Nolatan sortu da proiektua?

Nungwi herria oso turistikoa da; geroz eta jende gehiago etortzen  da munduko edozein tokitatik. Lagun batek proposatu zidan hotelaren ideia, eta pentsatu nuen aukera paregabea izango zela. Beraz, baiezkoa eman nion, eta pixkanaka ideia errealitate bihurtzen hasi zen.

Zeu bakarrik al zaude proiektu horren atzean?

Ez. Bertako mutil laguna dut, eta biok ari gara egitasmoa garatzen. Hemen zaila da bakarrik horrelako proiektu bat aurrera eramatea. Izan ere, etorkinei baldintza bereziak ipintzen dizkie gobernuak, eta dena askoz ere garestiagoa da guretzat.

Aurrez ba al duzu antzeko esperientziarik?

Hasieran, logelak alokatzen nituen hemen, baina bestela, ez dut antzeko esperientziarik.

Zer ezaugarri izango ditu hotelak?

Gure hotela, Dane Beach Hotel, arrain azokaren ondoan dago; hondartza hamar pausora daukagu. Sei logela ditu; haietako bakoitzak bainugela, ur beroa eta aire girotua ditu, eta itsasora begira dago. Teilatuan terraza handi bat dugu, eta bertan, gosariak eskainiko ditugu; bertatik itsasoa eta herriko bizimodua ikus daitezke. Ederra da ikustea goizetan arrantzaleak nola iristen diren edota arratsaldeetan nola konpontzen dituzten dhown izeneko ontziak.

Zanzibarko hotela

Zanzibarren zabaldu duten hotela. (M.U.)

Zer ardura duzu zuk hotelean?

Ni hoteleko managerra naiz. Guztia kontrolatu, zuzendu eta antolatu behar dut.

Hotel bat irekitzeak lan asko eskatuko du, ezta? Zer moduz eraman duzu prozesua?

Amaitu gabe zegoen eraikin bat hartu genuen, eta guk amaitu dugu egiteko zegoen guztia. Lan pila bat eskatzen du, eta prozesua zaila egiten da kultura zein hizkuntza desberdinak direnean. Gobernuak egunero legeak asmatzen zizkidan, material aukera eskasia dago hemen, lan guztia eskuz egin behar da, dena lasaitasun handiz hartzen dute… Ez da erraza izan; prozesua neketsua izan da, baina oso pozik gaude. Urrirako ditugu lehen erreserbak.

Beldurrik ez al duzu sentitzen erronka berri honen aurrean?

Sekulako proiektua dut eskuetan, eta horrek sortzen du beldur moduko bat. Baina beldurrak aurrera egiteko indar handiagoa ematen dit. Erronkak maite ditudalako etorri naiz Zanzibarrera bizitzera.

Zer aurreikuspen dituzu etorkizunera begira?

Egia esan, asko ez dut pentsatu;  egunero pozik esnatzeak balio dit niri. Baina uste dut abentura hau luzerako izango dela.

Zanzibar Tanzaniako eremu bat da. Nolako lekua da?

Bi irlaz osaturik dago Zanzibar: bata Unguja da, eta bestea Pemba. Lehenengoak du fama eta ikusteko leku gehien; Pemba, berriz, ez da oso turistikoa. Ni Ungujan bizi naiz. Stone Town da hemengo hiriburua, 2000. urtean gizateriaren ondare izendatua. Paradisua da irla hau: sekulako hondartzak ditu, inguru berdea da, koral zoragarriak daude… Hemengo biztanle gehienak musulmanak dira, eta hori ere interesgarria da bizitzeko.

Zanzibarko bizimodua

Bi ume Zanzibarren jolasean. (M.U.)

Zer hizkuntzatan hitz egiten dute han?

Hemen Kiswahili hitz egiten dute, baina askok dakite ingelesa. Beraien hizkuntza zerbait hitz egin eta ulertzen dut, baina gehiago jakitea nahiko nuke; hurrengo urtean hizkuntza eskolan hasteko asmoa dut. Oso hizkuntza polita da, goxoa.

Modan dago leku hori, ezta? Turismoak gora egin du han azkenaldian?

Geroz eta jende gehiago etortzen da hona. Espainiako jende asko ikusi dut uda honetan, italiarrak, errusiarrak, alemanak, amerikarrak… Txoko guztietatik etortzen dira.

Zer turismo eredu dago han?

Natura, lasaitasuna eta aisialdia nagusitzen dira. Gauza asko egin daitezke hemen: izurdeekin igeri egin, koral pila bat ikusi, basoan trekking egin, kobazuloetan igeri egin, kultura berri bat ezagutu, milaka fruta dastatu, diskoteketan gauero dantzatu, Stone Town hiriburuan eguna pasatu, uretako kirolak praktikatu… Tanzaniara joanez gero, berriz, safariak egin edo Kilimanjaro mendia nahiz beste hainbat gailur bisita daitezke.

Nolakoa da hango eguneroko bizimodua?

Lasaia. Jende oso langilea dago hemen, ordu asko ematen dituzte lanean, baina dena lasai egiten dute. Emakume gehienak etxeko zereginez arduratzen dira, eta gizonezkoak lanera joaten dira. Ume asko, berriz, eskolara joaten dira, baina beste askok ez dute horretarako aukerarik. Familia gutxik ordain ditzake unibertsitateko ikasketak, eta, beraz, gazte hasten dira lanean. Horrez gain, musulmanak direnez, beraien tradizioak dituzte; nire herrian hogei mezkita daude, eta egunero otoitz egiten dute. Euskal Herriko bizimoduarekin alderatuta, oso desberdina da hemengoa.

Zer egiten duzu egunean zehar?

Egunero zerbait desberdina egiten saiatzen naiz. Hotelaren proiektuarekin, gainera, ez daude bi egun berdin. Denetarik egiten dut: lana egin, ilunabarraz gozatu, lagunekin egon, hondartzan paseatu, noizean behin izurdeekin ibili…

Zerk harritu zaitu gehien?

Pobrezia nabaria da hemen, baina hilean 5.000 euro irabazten dituztenek baino poz handiagoa dute hemengo biztanleek. Horrek zer pentsarazi ematen du.

Zer gustatzen zaizu leku horretatik gehien? Eta zer gutxien?

Bizi kalitatea, laguntasuna, orainean bizitzea, sinpletasuna…  gustatzen zaizkit gehien. Gutxien, berriz, gobernuaren lan egiteko era.

Azkoitira itzultzeko asmorik ba al duzu?

Noizean behin faltan sumatzen ditut familia, lagunak, janaria… Baina bizitzeko nahiago dut leku hau; oraingoz, ez dut neure burua han bizitzen imajinatzen, zaila egingo litzaidake. Hemen gelditzen naiz. Oporretan, noski, han izango naiz, baina orain hemen dago nire etxea.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend