Zestoako Pilota Elkarteak frontoia “behingoz” erabilgarri jartzeko eskatu dio udalari

Zestoako Pilota Elkarteak salatu du udalak hainbat alditan atzeratu duela pilotalekua erabilgarri izango den data. Horrek ia urtebetez Aizarnazabalgo eta Itziarko frontoietan entrenatu beharra eragin die. "Urriaren bigarren hamabostaldian frontoia erabiltzeko moduan jartzen ez badigute, Zestoa ordezkatzen ari diren pilotari guztiak Gipuzkoako Txapelketatik erretiratuko ditugu", azaldu dute.
Zestoako Pilota Elkartearen agerraldia

Zestoako Pilota Elkarteko kideak, gaurko agerraldian. (Ihintza Elustondo)

Zestoako Pilota Elkarteak prentsa agerraldia egin du gaur, kiroldegiko obrekin gertatzen ari dena salatzeko. Hain zuzen ere, elkarteak adierazi du udalak ez dituela bete aurreikusitako epeak. “Aste honetan jakin dugu udalak urte amaierara arte pilotalekua ez duela erabiltzeko moduan jarriko, eta horrek sortu du gure haserrea. Batetik, emandako hitza beste behin ez dutelako bete, eta bestetik, gurasoekin nahiz pilotariekin egindako azken batzarrean erabakitako plangintza guztia pikutara joan zaigulako”.

Elkarteak azaldu duenez, udalak hainbat alditan atzeratu du pilotalekua erabilgarri izango den data: “Hasieran, obra egin arren bertan jokatzeko moduan izango ginela esan ziguten; gero, maiatzera arteko epea ezarri ziguten; duela gutxi, urriaren amaierarako izango genuela frontoia esan ziguten; eta, orain, abendurako izango dela”. Haserre agertu dira elkarteko ordezkariak: “Nahikoa da! Adarra jotzen ari zaizkigula dirudi”.

2017aren amaieran hasi ziren kiroldegiko obrak, eta hasiera batean lanek irauten zuten bitartean pilotalekuaren zati handi batean entrenamenduak egiteko aukera izango zutela esan bazieten ere, data hori iristean jakin zuten hilabete batzuez frontoia ezingo zutela erabili. Orduan, egun batetik bestera, Itziarko eta Aizarnazabalgo frontoietan entrenatzen hasi behar izan zuten, eta horren aurrean, beren kexa agertu zioten udalari. “Halere, hasiera hartan udalak pilotalekua konpontzeko asmorik ez zuela ikusita, gutxienez ezker pareta konpontzeko eta frontoia margotzeko eskatu genion. Udalak proposamena onartu zuen, eta maiatzerako edo ekainerako frontoia erabiltzeko moduan izango genuela adierazi zigun. Baldintza horiek aintzat hartuta, Zestoako Pilota Elkarteak erabaki zuen epe horretan aipatutako herrietara joatea entrenatzera”.

Ondoko herrietara bueltaka

Ia urtebetez ibili dira ondoko herrietako pilotalekuetara bueltaka, eta “eragozpen handiak” sortu dizkio horrek elkarteari. “Astean bi aldiz umeak entrenatzera eraman behar, asteburuetako etxeko partidak kanpoan jokatu behar…”. Egoera horren aurrean, uda amaitzen ari zela ikusita, obra egiten ari den enpresarekin eta udal ordezkariekin bilera egin zuten, denboraldi berrirako frontoia erabiltzeko moduan izango ote zen jakin nahian. “Bilera horretan, argi erakutsi ziguten enpresako ordezkariek pilotalekua epe motzean erabiltzeko moduan jartzeko inolako arazorik ez zutela, udalak horrela erabakiz gero”. Horrez gain, pilota elkartearen arabera, udalak “agindu” zien urriaren amaierarako frontoia erabiltzeko moduan izango zela. Dena den, aste honetan jakin dute abendura arte ez dela egongo pilotalekua erabilgarri.

Horrek hainbat zailtasun eragingo dizkio elkarteari: “Gipuzkoako Txapelketako etxeko partida guztiak kanpoan jokatu beharra, entrenamenduak ere kanpoan egin beharko ditugu, ia urtebetez bertan behera utzita egon den larunbat goizetako umeen saioak datorren urtera arte ezingo ditugu hasi…”. Gauzak horrela, udalari “behingoz emandako hitza betetzeko” eskatu dio Zestoako Pilota Elkarteak.

Elkarteak azaldu du ez dagoela beste atzerapenik onartzeko prest. “Badakigu frontoia epe motzean erabilgarri jartzea posible dela”. Udalak emandako hitza betetzen ez badu, neurriak hartuko dituela azaldu du elkarteak: “Aipatutako epean, hau da, urriaren bigarren hamabostaldian frontoia erabiltzeko moduan jartzen ez badigute, Zestoa ordezkatzen ari diren pilotari guztiak Gipuzkoako Txapelketatik erretiratuko ditugu. Badakigu erabaki gogorra dela eta kaltetuenak elkartea nahiz pilotariak izango direla, baina jasan beharreko guztia jasan eta gero ez gaude adar jotze gehiago onartzeko prest”.

 

 

 

 

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend