Xabi Bordak uko egin dio Euskadi literatura sarietan finalista izateari

Itzulpengintza alorrean dago izendatuta azpeitiarra, Seamus Heaney poeta ipar irlandarraren obrak euskarara ekartzeagatik. Koldo Izagirrek eta biek egin diote uko finalista izateari, eta "bakean uzteko" eskatu dute.
Xabi Borda

Xabi Borda, Seamus Heaneyren poemen itzulpenaren aurkezpenean.

Xabi Borda idazle azpeitiarrak uko egin dio Euskadi literatura sarietan finalista izateari. Munduko Poesia Kaieretan argitaratutako Seamus Heaney poeta ipar irlandarraren obrak euskarara ekarri zituen Bordak, eta itzulpengintza alorrean dago izendatuta, baina Naiz-ek jakinarazi duenez, “bakean uzteko” eskatu du. Koldo Izagirre ere arlo berean izendatu dute finalista, Rosalia de Castro galiziarraren poemak euskarara ekartzeagatik, eta biek egin diote uko sariketan finalista izateari.

Beren ukoaren berri emateko, Utikan Euskadi saria izenburua duen idatzia igorri diote bi idazleek Eusko Jaurlaritzari. Bertan diotenez, “liburu berberagatik” izendatu dituzte finalista “euskal literaturaren erresumaren barneko itzulpenaren komunitate autonomoan: ‘Poesia Kaiera’ delako bana ageri da izendapenaren kausagarri bioi iritsi zaizkigun jakinarazpen ofizialetan”.

“Ez batak ez besteak euskaratu dugu horrelakorik, eta honenbestez abisatu nahi genioke igorleari igorri diezazkiela jakinarazpen horiek dagozkien itzultzaileei, suplantazio salaketarik erantsi ez diezaguten, larria bailitzateke guretzat sariketa horretan parte hartu nahi ez eta amarrutan harrapatuko bagintuzte”, azaldu dute Bordak eta Izagirrek.

Izendapen ofizialean Rosalia de Castroren eta Seamus Heaneyren izenak ez agertzea kritikatu eta bi autore horiek aldarrikatu dituzte: “Bromazkoak diruditen kontutxo hauek alderdi tristerik ere izan ohi dutenez, guk ere jakinarazi nahi genuke beste hauxe, biok eta beste askok daukagun literaturaren kontzeptuak begiramen handiz tratatzen dituela Rosalia de Castro eta Seamus Heaney bezalako poetak”.

“Euskadi Sariak, utzi gaitzazue bakean Eta batez ere, utzi ezazue literatura bakean” esanez bukatu dute idatzia.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend