Gutuna: “Azkoitian ere animalien tratu txarren aurka!”

Azkoitian asteburuan ospatzekoak diren Zezen Asteburuaren harira, honako gutun hau igorri dute Ania Alberdik eta Ania Diezek, herritar talde baten izenean:

“Irailaren 28an, 29an eta 30ean Azkoitian Zezen Asteburua ospatzekoak dira, eta beste ekintza batzuen artean, sokamuturra eta entzierro txikiarekin bete dute egitaraua.

Albiste honen berri jakitean, hainbat herritar harrituta geratu gara. Nola da posible XXI. mendean, beste leku askotan zezen festei mugak ipini eta sufrimendua oinarri duten hainbat ospakizun debekatuak izan diren bitartean Azkoitian orain hastea horrelako festa deitoragarriak (tamalgarriak-negargarriak-lotsagarriak) antolatzen.

Azkoitiko sokamuturraren 500. urteurrena ospatzera omen datoz, bertan zezenen tradizioa aspaldikoa dela eta. Gure ustez, gaur egungo gizartean ez dute lekurik horrelako ikuskizunek. Tradizioak tradizio, ez dugu zilegitzat jotzen pertsonen dibertimendu hutserako animaliei tratu txarrak ematea. Gizarte aurrerakoia bagara, nola justifika daitezke orduan, funtsezko eskubideak urratzen dituzten ohiturak? Animalien sufrimendua behar al dugu dibertitzeko?

Eta hori ez da guztia, Azkoitiko Udalak horrelako ekitaldiak debekatu edo gutxienez trabak ipini beharrean, guztion diruz laguntzen eta bultzatzen ditu, esaterako, urtero ospatzen diren idi-demak. Beste kontu bat, ikuskizun horiek baldintza batzuk bete behar izaten dituzte legalki ospatuko badira, eta Zezen Asteburua antolatu dutenen kasuan badugu herritarrak jakin behar duten albiste bat. Dirudienez, sokamuturra eta entzierroak egiteko, antolatzaileek beren agiriak aurkeztu behar dituzte Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizun zuzendaritzaren eskudun organoetan, beti ere ospatu baino 10 egun baliodun lehenago. Jakin dugunez, oraingoan ez da horrela izan, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak oraingoz baimena emanda eduki.

Honekin zer esatea nahi dugu? Eskaera epez kanpo egitean, udala berak ere badakiela araudia ez duela osorik bete, eta, hala eta guztiz ere, Eusko Jaurlaritzaren sasi-baimenarekin aurrera doala asteburuko “festarekin”. Hortik aurrera bakoitzak atera ditzala bere ondorioak.

Bukatzeko, animaliei errespetua zor diegu, errespetatu ditzagun. Egin dezagun denok animalien alde borroka, izan gaitezen beraien ahotsa”.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend