“Al-Anon-en, besteak beste, gaixoa nola tratatu ikasten dugu”

Alkoholikoak diren pertsonen familia eta senitartekoei laguntzeko sortu zen Al-Anon elkartea. Zumaiako bi pertsonen esperientzia ezagutu dugu.

IMG_1286

Ane eta Leireri (izen fiktizioak dira), nerabezaroan harrapatu zien alkoholismoaren arazoak. Bien kasuan gurasoetako bat erori zen gaixotasun horretan. Horrek etxean eragin zuen eztanda gogoan dute oraindik, “nahiz eta hogei urte baino gehiago igaro diren”, esan dute. Aneren kasuan, aita izan zen alkoholiko bihurtu zena. “Txikiteroa zen, baina besterik gabe. Lanean, ordea, arazo bat izan zuen eta hor hasi zen bere gainbehera, eta ondorioz, etxekoena ere”, gogoratu du. Leirek ere egoera antzekoa sufritu zuen. Ezkutuan bere ama botila batetik ardoa edaten harrapatu zuen, eta harrituta aitari kontatu zion. “Ordura arte ez nuen inoiz ama alkohola edaten ikusi, ezta ospakizunetan ere. Aitari esan nion eta erabat lur jota bizi guztiko arazoa zela kontatu zidan”, esan du.

“Alkoholismoak etxeko giroa asko gaiztotzen du, eta sentimendu negatibo asko loratzen dira gaixoaren inguruan: gorrotoa, lotsa, beldurra…”, nabarmendu dute. Arazoa ezustean etortzen omen da eta irtenbidea aurkitzea zaila bihurtzen da. «Etxean areagotu egiten da arazoa. Askotan muturka egoten da familia, eta inoiz, aitak dirua ere lapurtu zidala gogoratzen naiz», esan du Anek.

Horregatik, biak bat datoz Al-Anon elkartearen garrantzian. “Aita psikiatrikoan zegoela, astero-astero Alkoholiko Anonimoetako jendea joaten zen bisita egitera. Aitak bere sendatze prozesua hasi zuen beraiekin eta horiek Al-Anon elkartearen berri eman zioten. Alkoholikoen familia eta senitartekoei laguntzeko elkarte bat zela esan zioten, eta etxeko bi hasi ginen taldeko saioetara joaten”, kontatu du Anek. “Niretzako, inoiz izan ez nuen etxea izan da Al-Anon. Lehen egunetik oso maitatua sentitu naiz, eta etxean izan ez nuen maitasuna jaso dut. Argi izpi bat ikusi nuen han hasi nintzenean”, jarraitu du Leirek.

Sendatze prozesua

Al-Anon elkarteko taldeen saioetan bakoitzaren esperientziak partekatzen dituzte. “Hasieran pentsatzen duzu zuri bakarrik gertatzen zaizkizula gauza desatseginak, baina hara joandakoan, norberari gertatu zaizkion gauza antzekoak edo okerragoak jasan dituen jendea dagoela konturatzen zara”, esan dute.

Protokolo edo pauso batzuk jarraitzen dituzte saioetan. “Horiek dira errekuperaziorako sustraiak”,  nabarmendu dute. Irakurketak izaten dituzte, eta horiei esker hausnarketa egiteko bidea hasten dute. “Bizitzan aurre egiteko tresnak ematen dizkigute”, gaineratu dute. “Lehenengo pausoa gaixotasun bat dela onartu behar da. Horretaz gain, noski, gaixoa nola tratatu ikasten dugu: beraiekin nola hitz egin behar dugun, etxeko egoera eta giroa ahalik eta ondoen eramateko tresnak erabili…”, kontatu dute. “Baina senideari laguntzeaz gain, gu geu pertsona bezala hazten laguntzen dute, eta gure erabakiak gestionatzen ere ikasten dugu”.

Izan ere, Al-Anonen helburuetako bat, alkoholikoaren senitartekoei sendatze prozesuan laguntzea da. “Hasieran pentsatzen duzu gaixoari laguntzeko hasten zarela taldera joaten, baina ez da horrela. Zu zeu sendatzeko da, gu geu ere gaixo jartzen baikara. Alkoholikoak berak egin behar du bere aldetik sendatze prozesua. Egia da adibidez, gaixoa Alkoholiko Anonimoetara joaten bada, guztion prozesua errazago egiten dela”, adierazi du Leirek.

Aneren aita duela lau urte hil zen, baina oraindik bere amak elkartera joaten jarraitzen du. Leire, berriz, ohiko partaidea da. “Guri lagundu ziguten bezala jakin behar dugu guk ere lagundu dezakegula besteei”, esan dute.

55 urte Gipuzkoako familien beharretara

Alkoholiko Anonimoetara joaten ziren pertsonen senitartekoek sortu zuten 1951. urtean Al-Anon elkartea Estatu Batuetan. Esperientziak partekatu, eta elkarri laguntza ematea zen taldearen asmoa. Gipuzkoan, berriz, 1963an jaio zen lehen taldea; estatu mailan lehenengoa. Gaur egun, guztira, 15 talde daude Gipuzkoan, eta Espainia osoan, 350 inguru.

Urriaren 5en taldearen 55. urteurrena ospatuko da, eta Gipuzkoako Al-Anon elkarteko lehendakariak garrantzitsutzat jotzen du talde honen laguntza gizartean. “Alkoholismoa asko zabaldu da eta adin eta maila sozial guztiei eragiten die”, azpimarratu du.

Al-Anonen eginkizun orokorra alkoholismoa duten pertsonen senitartekoei laguntzea da, eta horien bizimodua hobetzeko tresnak ematea. “Horrelako gaixo baten ondoan bizimodua oso gogorra egiten da. Etxeko giroa oso zakarra izaten da eta askotan pentsatzen da gaixoak edateari uzten badio arazoa konpondu egiten dela. Baina ez da horrela izaten. Aurrerapauso handia da baina ez da nahikoa”, kontatu du.

Laguntza eskatzera joaten diren familiartekoak edalontzia gainezka ikusten dutenean gertatzen da. “Lehen esan dudan moduan, egunerokoa gogorra egiten da. Gaixoarekiko gorrotoa sortzen zaigu, eta ezin izaten dugu jarraitu. Gu ere gaixo bihurtzen gara era berean. Horregatik, gure emozioak eta sentimenduak kudeatzen ikasi behar dugu, eta Al-Anonek zabalik hartzen gaitu”, nabarmendu du.

Elkarteak oinarrizko zutabe batzuk ditu: partaideak anonimoak dira, ez da kuotarik kobratzen, eta ez da talde erlijioso bat. “Anonimotasuna erabatekoa da. Han kontatzen dena bertan gelditzen da, eta sarrera-irteerak libreak dira. Hau da, dena borondatezkoa da”, azaldu du.

Talde guztiek funtzionamendu berdina duten arren, herri bakoitzean leku, ordu eta egun batean elkartzen dira. “Hilean behin gainera, talde guztietako ordezkariak biltzen gara Donostian. Bertan taldeen berri ematen dugu eta bileretan zer irakurketa eta gai tratatu behar diren lantzen dugu. Hau da, taldeen proposamenak, kezkak, iradokizunak… jasotzen ditugu”, esan du. Informazio gehiago behar izanez gero, edo harremanetan jartzeko bide hauek erabili daitezke: 650 26 59 63 telefonoa, gfaarea1@gmail.com helbide elektronikoa eta www.al-anonespana.org eta www.al-anon.alateen.org webguneak.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend