Errazkinek eta Intxaurrandietak “herritarren interesen alde” jokatu zutela azpimarratu du EH Bilduk

Gipuzkoako koalizioko kideek eta Ingurumen diputatu ohiak eta GHKren presidente ohiak Espainiako Kontu Auzitegiaren ebazpenaren balorazioa egin dute gaur, EH Bilduren Gipuzkoako egoitzan. Koalizioak EAJri eta PSE-EEri dei egin die, "auzibidea eta mendekua" alboratu eta afera "gipuzkoarrekin batera" bideratu dezaten. Errazkinek eta Intxaurrandietak jasotako babesa eskertu dute.
Gipuzkoako EH Bilduren gaurko agerraldia. (EH Bildu)

Gipuzkoako EH Bilduren gaurko agerraldia. (EH Bildu)

Espainiako Kontu Auzitegiak Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohiaren eta Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) presidente ohiaren aldeko ebazpena eman eta biharamunean, Gipuzkoako EH Bilduk agerraldia egin du gaur, osteguna, koalizioaren Donostiako egoitzan. Han izan dira Errazkin eta Intxaurrandieta, koalizioko kideek babestuta. Jasotako babesaz esker oneko hitzak izan dituzte diputatu ohiak eta GHKren presidente ohiak. Era berean, azpeitiarrak agerraldian hitza hartu du, eta azpimarratu du Jose Ignacio Asensio egungo diputatuak “ustelkeria administratiboa” egin izana leporatzeak “min handia” eragiten diola.

Marian Beitalarrangoitia EH Bilduko diputatuak gogor gaitzetsi du erraustegiaren auzian Gipuzkoako Foru Aldundiko EAJk eta PSE-EEk auzibidera jo izana, eta Espainiako Kontu Auzitegiaren ebazpenaren funtsa azpimarratu du. Izan ere, Errazkin eta Intxaurrandieta errugabe jotzeaz gain, erraustegiaren lehenengo proiektua “neurriz gaindikoa” eta “defizitarioa” zela ebatzi du auzitegiak. Hori hala izanik, Gipuzkoako Foru Aldundiko 2011-2015eko agintariek “herritarren interesen alde” jokatu zutela azpimarratu du Beitialarrangoitiak: “Erraustegia defendatzen dutenek, berriz, banketxeen eta enpresa handien interesak lehenesten dituzte”. Ildo horretan, Juan Karlos Izagirre EH Bilduren datozen foru hauteskundeetarako Gipuzkoako hautagaiak dei egin die bi alderdiei, “auzibidea eta mendekua” alboratu eta afera “gipuzkoarrekin batera” bideratu dezaten.

Berria.eus atariak atzo jakinarazi zuen Madrilgo Kontu Auzitegiak Errazkinen eta Intxaurrandietaren aldeko ebazpena eman zuela, eta epaiak erreakzio ugari sortu du Azpeitian eta Gipuzkoan. Azpeitiko EH Bilduk eta Gaztetxeak, esaterako, “pozez” hartu dute berria, eta koalizioak azpimarratu du “gipuzkoarren mesedeten” oinarritutako erabakiak hartu zituztela aurreko legealdiko aldundiko agintariek. ELA sindikatuak ere Intxaurrandieta eta Errazkin zoriondu ditu, eta EAJren eta PSE-EEren jokaera gaitzetsi du.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend