Udal aurrekontuak osatzeko prozesua hasi dute Getarian

Herriak udal erabakietan protagonismoa izatea nahi dute. Astelehenetik aurrera, 2019ko udal aurrekontuetarako ekarpenak biltzeko bilerak antolatu ditu udalak.

logoa guztiok1_02019ko udal aurrekontuak osatzeko, Guztiok 1! prozesua jarri du martxan Getariako Udalak. Datorren urteko udaleko kontuak osatzeko herritarren ekarpenak eta iritziak bildu nahi dituzte, herriak udal erabakietan protagonismoa izate aldera.

Herritarren parte hartzea bermatzeko eta proposamenak jasotzeko, bide ezberdinak irekiko dituzte datozen egunetan. Partehartze fitxak banatuko dituzte herriko etxe guztietan, eta arloz arlo proposamenak idatzi ahal izango dira fitxa horretan. Gero, udaletxean jarriko diren postontzietan aurkeztu ahal izango dira proposamen horiek.

Parte hartze fitxaz gainera, bilera irekiak ere antolatu dituzte, astelehenean hasita. Urriaren 15eko batzar irekian landuko dituzte kultura, euskara, hezkuntza, kirola, ongizatea eta parte hartzea arloak, udaletxean 19:00etan. Meaga eta Eitzagako auzokideekin elkartuko dira urriaren 16an, Artelatz Elkartean, 21:00etan. Urriaren 17an, berriz, Askizu eta San Prudentzio auzoetako bizilagunen txanda izango da. Auzoko Elkartean jarri dute hitzordua, 21:00etan. Hirigintza, tokiko garapena eta turismoa lantzeko bilera, urriaren 18an jarri dute; udaletxean, 19:00etan. Azkenik, herriko elkarteei eta eragileei ere hitza emate aldera, urriaren 23an biltzeko asmoa agertu du udalak. Oraindik hitzorduaren berri eman ez badute ere, bilerara deituko dituztela azaldu dute udaletik.

Udaletik zehaztu dutenez, Internet bidez ere jasoko dituzte herritarren proposamenak. Alde batetik, online inprimakia betetzeko aukera jarriko dute Getariako Udalaren webgune ofizialean: getaria.eus helbidean. Bestetik, herritarrenparteartzea@getaria.eus helbide elektronikoan jasoko dituzte proposamenak, mezuaren gaian Guztiok 1 2019 testua idatzita, beti ere.

Udal aurrekontuen inguruko proposamen guztiak jasotzeko azkenengo eguna urriaren 31 izango da.

Gero, prozesuarekin amaitzeko, Udala informatzen saioa antolatuko dute. Ekarpenen berri emateaz gain, prozesuaren balorazioa egingo dute bertan. Aurrerago jakinaraziko dute saio horren eguna eta ordua.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend