Heldu da Getariara mendizaleen astea

Bihar hasiko dute Mendi Astea Getarian, II. Mendi Duatloiarekin. Urriaren 21era bitartean, ekintza ugari izango da Getaitrik, udalak eta mendi taldeak antolatuta

duatloiaGetariako II. Mendi Duatloia jokatuko dute bihar, 15:00etan hasita. Iaz egin bezala, Mendi Astea antolatzeko baliatu dute proba. Hala, bihartik urriaren 21era bitartean, mendizaleei zuzendutako askotariko ekintzak izango dira herrian Getaitrik, Getariako Udalak eta mendi taldeak antolatuta.

Urriaren 16an, esaterako, bloke eskaladaren inguruko hitzaldia izango da Alondegian, 19:00etan hasita. Urriaren 16an, Mendia dortsaletik haratago hizketaldia emango du Oihana Azkorbebeitia mendi lasterkari abadiñoarrak. Hilaren 21ean emango diete amaiera Mendi Asteari, Urdunbidetik hasi, Gorbeia zeharkatu eta Muruan amaituko den zeharkaldiarekin. 07:00etan irtengo dira Getariatik mendizaleak.

Nolanahi ere, Getariako II. Mendi Duatloia izango da Mendi Astearen barruan antolatutako ekitaldi nagusia. Iaz Askizun antolatu zuten proba lehenbizikoz, eta izan zuen arrakasta ikusita, jarraipena ematea erabaki dute. Probaren ibilbidea izango da aurtengo berritasun nagusia. Izan ere, proba herrira gerturatzeko asmoarekin, Igarategi industrialdean jarri dituzte irteera eta helmuga. Era horretan, korrikako sektorean herritik igaroko dira parte hartzaileak. Herrerieta kaleko zati bat jaitsi ondoren, erromatar bidea jarraituz, Kanpaia aldera igo beharko dute lasterkariek. Bizikletako sektorean, berriz, Askizu aldera abiatuko dira, eta Garate ingurutik itzuliko dira berriro Igarategira. Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko proba da Getarian jokatuko dena.

Getaitri Triatloi Klubak zehaztu duenez, bertan izango da hainbat aldiz Triatlon Cross modalitatean munduko txapeldun izandako Ruben Ruzafa triatleta profesionala; Mauin (Hawaii) jokatuko den aurtengo Munduko Txapelketako bi asteren faltan. Euskal zirkuituko kirolari onenak ere Getarian izango dira; besteak beste, iazko proba irabazi zuen Zuriñe Frutos eta Alain Santamaria. Aurtengo zirkuituko bost proba jokatu dira dagoeneko, eta Santamaria eta Frutos izan dira liderrak. Getarian ere, faborito nagusien artean egotea espero dute antolatzaileek.

Izen-ematea eta sariak
Gaur gauera arte eman daiteke proban parte hartzeko izena, kirolprobak.com atarian. Kupoa betetzen ez bada, hala ere, larunbatean bertan ere parte hartzeko aukera izango dela zehaztu dute. Bakarka edo erreleboka parte hartzeko aukera izango dute kirolariek: 15 euro ordaindu beharko dute proba bakarrik osatu nahi dutenek; erreleboka parte hartzeko, berriz, 25 euroren  prezioa izango du lasterketak. Bakarka parte hartzen dutenen artean, helmugan lehenbiziko postua egiten duten gizonak eta emakumeak 120 euro eta oroigarria jasoko dituzte saritan. Bigarrenek, 80 euroko ordainsaria eta oroigarria jasoko dituzte, eta, hirugarren egiten dutenek, 50 euro eta oroigarria. Erreleboka parte hartzen dutenen artean lehen postuan sailkatzen direnek oroigarria eta hurrengo probarako izen ematea jasoko dituzte sari gisa.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend