Jendea jendeari laguntzen

Esku Bidez taldea sortu dute Azkoitian, migratzaileen "oihua plazaratzea" eta SMH GKEari laguntzea helburu. "Herriak gertatzen denaren kontzientzia" har dezan nahi dute, eta ekitaldiak prestatu dituzte azarorako.
Esku Bidezeko kideak: goian, ezkerretik eskuinera, Nerea Machado, Daniel Varela, David Sanz eta Mila Larrañaga; behean, Koro Epelde, Miren Guembe eta Aitor Matxo. (Esku Bidez)

Esku Bidezeko kideak: goian, ezkerretik eskuinera, Nerea Machado, Daniel Varela, David Sanz eta Mila Larrañaga; behean, Koro Epelde, Miren Guembe eta Aitor Matxo. (Esku Bidez)

Gerratik, gosetetik, biolentziatik ihesi, edo besterik gabe, bizimodu hobe baten ametsak bultzatuta Afrikatik edo Asiatik Europara iristea odisea lazgarria bihurtu da milaka lagunentzat aspaldiko urteetan. Europa bere mugen atzean gero eta gotortuago, basamortuetan eta itsasoan hil dira asko, eta hiltzen jarraitzen dute askok. Badira, ordea, migratzaileekin gertatzen ari denaz kezkatzen direnak eta laguntzeko prest daudenak ere. Horren adibide da Azkoitian sortu berri duten Esku Bidez taldea.

“Hainbat pertsonak beren bizi kalitatea hobetzeko egiten dituzten mugimendu migratorioen berri ematea” da Esku Bidezen elkartu diren herritarren asmoa, “beren oihua plazaratzea”; eta, era berean, SMH Itsas Laguntza Humanitarioa Gobernuz Kanpoko Erakundeari laguntzea. “2015eko azaroan, Egeo itsasoan lehertu zen krisi humanitarioaren ondorioz sortu zen SMH, beste irtenbiderik gabe, itsasoa zeharkatzera ausartzen diren pertsonei laguntza emateko,  haiek sorosteko”, azaldu dute Esku Bidezeko kideek Mediterraneo itsasoan laguntza humanitarioa emateko lanean ari den erakundearen sorrera.

“Pertsonen bizitza babestea da erakundearen helburua, boluntariotzan, elkarkidetasunean, gizatasunean, unibertsaltasunean, berdintasunean, inpartzialtasunean eta duintasunean oinarrituta”, gaineratu dute, Azkoititik ere lagundu nahi duten GKE horren jardueraren oinarriak eta filosofia azaltzeko.

Zuk eta Izaro, Azkoitian

Hain zuzen ere, Esku Bidezen elkartu diren zazpi herritarrek –Mila Larrañaga, David Sanz, Daniel Varela, Nerea Machado, Aitor Matxo, Miren Guembe eta Koro Epelde– ezagutzen zituzten SMHkoak, eta migrazioen gaur egungo egoerak sortzen dien kezkak, eta errealitate horren berri zabaltzeko sentitzen duten beharrak batuta, erabaki dute SMHren proiektuak laguntzea eta bultzatzea izan daitekeela kezka eta behar horiek bideratzeko modu egokienetako bat.

Uztailean hasi ziren taldea sortzeko lehen pausoak ematen, eta udako oporralditik bueltan hasi dira herrira begira dituzten lehen asmoen berri ematen. Horrela, azarorako bi hitzordu garrantzitsu prestatu dituzte: CEAR-Euskadi, Zaporeak, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta SMH erakundeetako boluntarioen lanaren lau adibide erakusten dituen Zuk dokumentala emango dute azaroaren 9an Elkargunean. Biharamonean, azaroaren 10ean, Izarok kontzertu solidarioa emango du Baztartxo antzokian.

“Guretzat garrantzizkoena dokumentala da, bertan agertzen baita benetako egoera, bere bizia arriskuan jartzen duen jende horren egoera”, nabarmendu dute antolatzaileek. “Badakigu kontzietziazio lana ez dela horrelako erraz lortzen, baina behintzat jendeak etortzeko prestutasuna erakusten badu, errealitatea beste begirada batekin ikusteko aukera izango dute. Gero, norberak landu beharko du bere baitan ikusitakoa”, diote.

Horrek ez du esan nahi, inola ere, kontzertu solidarioak garrantziarik ez duela. Aldiz, “momentuko helburua SMHkoei laguntza ekonomikoa eskaintzea” dela azpimarratu dute taldekideek, GKEak Aita Mari itsasontzia Mediterraneora bidal dezan. Duten “helburu sakonagoa” ez dute ahantzi nahi, baina, Esku Bidez taldekoek: “Herriak gertatzen denaren konzientzia hartzea, edo behintzat, gu entzutea nahi dugu. Eta batik bat, bertan egon direnak entzutea. Benetako egoeraren berri izatea”.

Salgai daude kontzerturako sarrerak

Aste honetan jarri dituzte salgai Izarok azaroaren 10ean Baztartxo antzokian emango duen kontzertu solidariorako sarrerak.

15 euro balio ditu sarrera bakoitzak. Azkoitian Orbelan, Ñam Ñam-en eta Hazian eros daitezke, eta Azpeitian Aliurren. Sarrerak soberan geldituz gero, egunean bertan Baztartxoko leihatilan ere jarriko dituzte saltzen, kasu horretan 18 euroren truke.

“Kontzertu solidarioaren funtsa dirua lortzea” dela gogoratu dute Esku Bidezekoek. “SMHkoek laguntza ekonomiko handia behar dute beren proiektua aurrera eramateko. Oso eskertuta daude Euskal Herriko jendeak agertu duen solidaritatearekin. Guk, berriz, geure ekarpena egin nahi genuke #maydayterraneo proiektuak aurrera egin dezan”.

Azkoitiko hainbat saltokik ere Esku Bidezen egitasmoarekin bat egin dutela azaldu dute taldeko kideek, itxulapikoak jarrita; martxan duten kanpaina borobiltzeko, herriko hainbat denda eta gune SMHk azken urteotan Greziako Chios uhartean eta Mediterraneo Ertainean bizitako egoeren erakusleiho izango dira, argazkiekin eta Chiosetik eta ingurutik ekarritako zenbait objekturen bidez.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend