Energiaren Erakundeak eskualdeko udalek egindako lana aitortu du

Udalek trantsizio energetikoarekiko erakutsitako konpromisoa txalotu zuen joan den astean Zumaian egindako ekitaldi baten bidez. Urola Kostako udal ordezkariek bereizgarri bana jaso dute.
20181011_115319(0)

Energiaren Euskal Erakundeko eta Urola Kostako udaletako ordezkariak Zumaiako Aitzurin. (Argazkia: Juan Luis Romatet)

Urola Kostako eta Urola Erdiko udalerriek trantsizio energetikora begira erakutsitako konpromisoa aitortu zuen Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) joan den astean Zumaian, Aitzuri frontoian egindako ekitaldi batean. Erakunde horrek bereizgarri bana eman zien udaletako ordezkariei.

EEEtik adierazi zutenez,  egindako bilkurak arrazoi bikoitza izan zuen. Alde batetik, hurbiletik ezagutzea «trantsizio energetikoarekiko konpromisoa» azaldu duen Zumaiako Aitzuri frontoiko proiektua. Bestetik, udalek energia berriztagarrien efizientzian eta bultzadan egiten ari diren ahalegina aitortzea.

EEEko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak trantsizio energetikorako agertutako «inplikazioa» eskertu zien udal ordezkariei, eta egindako lanarekiko esker on hori irudikatzeko, erakundeak sortutako Energiaren bidea – Euskal Enerigaren Trantsizioa Udalean ere bereizgarria eman zien. Erakundetik gaineratu zutenez, bereizgarri hau pixkanaka jarriko da ikusgai Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalerrietako udal erakundeetan.

Oztopoak
Trantsizio energetikorako izandako trabak ere gogoratu zizkien Ansolak. Adibidez, haize errotekin. «Denok gaude energia berriztagarrien alde. Baina, aldi berean, mendizaleak gara eta ez dugu haize errotarik nahi gure mendietan. Gero, beste era bateko zailtasunak ere izan dira».

Ostiralean Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak Eguzki zerga bezala ezagunagoa zen energiaren autokontsumorako zerga ezeztatu zuen. «Erabakia ostiralean hartu zuen, larunbatean argitaratu eta iganderako indarrean zegoen. Erabakia txalogarria da, eta autokontsumorako zeuden zailtasunak kenduko ditu hein batean. Epe labur edo ertainera aldaketa handiak ikusiko ditugulakoan nago», azpimarratu zuen Ansolak.

Zumaiaren konpromisoa
Zumaiako Aitzuri frontoian egin zen ekitaldian udalerri gehienetako ordezkariak, alkateak edo zinegotziak, izan ziren, EEEk gonbidatuta. Pilotalekuak eguzki-energia termikoko instalazio bat du, eta eguerdi partean egindako bisita teknikoan horren berri eman zien Oier Korta Zumaiako alkateak bertan bildutakoei, baita frontoiko beste xehetasun batzuk ere. Udalerrian energia berriztagarrien inguruan egindako lanaren berri ere eman zien Kortak geroago.

Zumaiak XXI. mendean trantsizio energetikorako izandako konpromisoaren berri ere eman zuen EEEk. Hala, Lubaki kiroldegiak 2007tik eguzki energiarako azpiegitura bat duela gogoratu du, «bere garaian Euskadiko handienetakoa». Elektrizitatea ekoizteko planta hori kiroldegiaren estalkian dago kokatuta.

Lubaki kiroldegiko instalazio horrek urteko 80.000 kWh ekoizten dituela azaldu du energia erakundeak, «hiru kideko 30- 35 familiaren kontsumoaren baliokideak. Horrek atmosferara 26.480 kilo CO2 emititzea saihesten du, eta urteko hamabost petrolio tona baliokide aurreztea ahalbidetuko du, beste iturri mota horri dagokionez».

Aitzuri pilotalekuan egindako lanak ere txalotu ditu Energiaren Euskal Erakundeak. «Eraikin modernoa da, eguzki energia termikoko instalazioetan egindako aurrerapenak biltzen dituena ur bero sanitarioa hornitzeko pilotalekuari nahiz eraikinean kokatuta dagoen ostalaritza negozioari. Neurri handi batean, led teknologian oinarrituta dagoen argiztapen efiziente bat dauka, energia kontsumoaren %50 aurreztea ahalbidetzen duena».

Bailarako herrietako datuen berri emateko baliatu zuten ekitaldia. Hainbat herritako argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena nabarmendu zituzten, besteak beste. Hona hemen eskualdeko datuak, herriz herri:

Aia: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.
Aizarnazabal: argiteria publikoa, eraikinak (barneargiztapena) eta energia berriztagarrien sustapena.
Azkoitia: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena. Eguzki-panelak ditu adinekoen egoitzan.
Azpeitia: Itunerantz zuzenduz itunari atxikitutako udalerria da, argiteria publikoa, eraikinak (klimatizazioa eta barneargiztapena), ibilgailu eletrikorako karga puntu publikoen ezarpena eta bi ibigailu elektrikoen erosketa udal flotarako, geotermia instalazio bat dauka kiroldegian eta eguzki panel fotovoltaikoak hainbat eraikinetan.
Beizama: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.
Errezil: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.
Getaria: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.
Orio: argiteria publikoak, eraikinak (barne-argiztapena) eta energia berriztagarrien sustapena.
Zarautz: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena: eguzki-panelak hainbat eraikinetan.
Zestoa: argiteria publikoa eta eneria berriztagarrien sustapena.
Zumaia: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena: eguzki panelak kiroldegian eta pilotalekuan.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend