Elizak atzera bota du Arroagoiko apaizetxeaz udalarekin hitzartutakoa

Eraikinaren erabilera erlijiosoa aldatzeko eta etxebizitza pribatu gisa saltzeko adostua zuten hirigintza hitzarmena. Horrek jolas parkea tokiz aldatzea lekarke, eta bizilagunak ez daude ados.
Arroagoiko jolas parkea eta, eskuinean, apaizetxea. (Mailo Oiarzabal)

Arroagoiko jolas parkea eta, eskuinean, apaizetxea. (Mailo Oiarzabal)

Arroagoiko apaizetxea “dagoen bezalaxe geldituko da”, eta haren atarian dagoen auzoko jolas parkea ere bai. Hala jakinarazi du Zestoako eta Arroako parroko Koldo Intxaustik, Parrokiak –Gotzaindegiaren izenean– Zestoako Udalarekin behin-behinean hitzartua zuen hirigintza hitzarmena atzera botatzea erabaki duela jakinaraztean.

Hilaren 9an argitaratu zuen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak Zestoako Udalak eta Parrokiak behin-behinean adostutako hirigintza hitzarmena, eta egun berean iragarri zuen udalak bere webgunean urriaren 10etik azaroaren 7ra bitartean jendaurrean erakusgai izango zela aipatutako hitzarmena, alegazioak aurkezteko ohiko epealdian. Hitzarmen horrekin, apaizetxea etxebizitza pribatu izateko bidean jartzen zuten, orain artean izan duen erabilera erlijiosoa aldatuta; eta, horrekin batera, eraikinari dagozkion lurretan dagoen auzoko jolas parkea lekuz aldatzea onartzen zen.

Parkea kezka

Egun berean eman zuen UROLA KOSTAKO HITZAk Arroagoiko apaizetxeari eta jolas parkeari eragiten zien akordioaren berri bere webgunean. Albistearen berri izanda, Arroagoiko bizilagun batzuek beren desadostasuna azaldu zioten parrokoari, Intxaustik onartu duenez, eta berehala etorri zen hitzarmena bertan behera uztearen erabakia: “Ikusi dugu hitzarmenak sortu duela egonezin bat, kezka bat, behintzat, Arroagoiko biztanleriaren zati batean. Parrokiak, eta Gotzaindegiak ere bai, erabaki dugu atzera botatzea eta akordio hori ez sinatzea”.

Erretoreak, eta Arroagoiko bizilagunek ere, gogora ekarri dute duela bi urte antzeko egoera gertatu zela. Orduan ere, arroarrak urte luzez toki berean dagoen parkea lekuz aldatzearen kontra azaldu ziren, eta kezkatuta, inork ez zielako aukera horretaz galdetu. “Ikusita egoezinak hor jarraitzen duela, gu ez goaz jendea minduko duen erabakirik hartzera. Horregatik, gauzarik garbiena da kontua bere horretan uztea eta akordio hori ez sinatzea”, adierazi du Intxaustik. “Aktore guztiak gustura gelditzeko baldintzak ez dira betetzen. Eta aktore guztiak ez direnez gustura geldituko, nik, parrokoa naizen aldetik, erabakitzen dut akordiorik ez egitea”, gaineratu du.

“Harrituta”

Ezustean harrapatu du parrokoaren erabakiak Zestoako Udala. Elizak hitzarmena atzera botatzearen berri astelehenean izan zuela dio Josetxo Mendizabal alkateak, Danbolinen bidez, eta “udalean denak harrituta” daudela.

Atzo goizera arte, behintzat, ez zuten jaso udalean Parrokiak eta Gotzaindegiak hartutako erabakiaren berri ofizialik. Hitzarmenaren erakusketa publikoak aurrera jarraitzen du. “Geure pausoekin eta epeekin aurrera egitekotan gelditu gara. Sinatzeko unea iritsitakoan ez badira aurkezten edo ezezkoa ematen badute, artxibatuko da eta kito”. Elizaren jarrera aldaketa ez du ulertzen alkateak, “azken batean, inoiz berriro saltzea planteatzen badute, atzera bide berdina jarraitu beharko” dutelako. Arroagoiko bizilagunen kezken berririk ere ez duela jaso adierazi du Mendizabalek: “Ez dakit nondik irten duen gai honek”.

Arroagoian bilera, gaur

Apaizetxe aurreko jolastokiaz bilera deitua du gaurko, hain zuzen ere, Arroako Herri Elkarteak. Herri Etxe elkartean egingo dute auzotarren batzarra, 19:30ean hasita.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend