‘Kantaurialdea’ filma eskainiko dute gaur Zumaiako Aita Mari aretoan

Alberto Gorritiberea eta Antton Garikano zumaiarrek hartu dute parte filma euskarara itzultzen. Kantauriar mendikatearen natura aniztasunari balioa ematea du helburu.
kantaurialdea

Urtarrilean estreinatu zuten lehenbizikoz euskarazko bertsioa, Tolosan. (Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia)

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako departamentuak eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatuta, Kantaurialdea filmaren emanaldia izango da gaur, 19:00etan, Aita Mari aretoan. Aurtengo Goya sarietan dokumental onena izendatu dute lan hau.

Gaur euskaraz emango duten filmaren gaztelerazko bertsioa 2017ko martxoan estreinatu zuten Donostian. Wanda Films ekoiztetxearekin batera, Joaquin Gutierrez Achak zuzendutako eta filmatutako eta Jose Maria Moralesek ekoiztutako filma estreinatu eta gero, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako departamentuak filma euskarara itzuli eta bikoizteko proiektua abiatu zuen.

Hain justu, bi zumaiar aritu dira itzulpen lan horretan: Alberto Gorritibereak zuzendu du bikoizketa, eta narrazioaren itzulpenaren ardura izan du Antton Garikanok. Maider Segurolak, berriz, ahotsa jarri dio itzulpenari.

Naturaren defentsan
Kantauriar mendikatearen natura aniztasunari balorea ematen izan da film honen lehentasuna, eta Geoparkeak helburu horrekin bat egiten duela adierazi du.

Gipuzkoa Naturaldiaren barruan antolatu dute film emanaldia. Kalitatezko eta sormenezko naturaren defentsarako ekitaldia da, herritarrei zuzendua, lurraldeko hainbat egoitzetara zabaltzen dena urtean zehar, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak antolatutako programarekin eta Gipuzkoan Naturaren esparruan lanean ari diren hainbat agenteren partaidetzarekin.

Orain arte Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako departamentuak antolatutako Gipuzkoa Naturaldiaren ekitaldiak jaso dituzten egoitzei (Azpeitia, Eibar, Errenteria, Oñati, Tolosa eta Aquarium Donostia), aurrerantzean Geoparkea gehituko zaie.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend