Iban Hernandez: “Gogorra izango da etzikoa, baina oholtzara igotzeko irrikitan nago”

Necros Christos eta Extinction taldeetan jotzen du Iban Hernandez bateria-jotzaileak (Azpeitia, 1986) eta biekin ariko da zapatuan Sanagustin kulturguneko metal gauean (22:30). Numen taldeak borobilduko du gaua.
Iban Hernandez, Necros Christosen kontzertu batean. (Saskia Gaulke)

Iban Hernandez, Necros Christosen kontzertu batean. (Saskia Gaulke)

Etzi lan bikoitza izango duzu Sanagustinen. Egokitu al zaizu halakorik inoiz?

Bai. Berlingo lagun batzuekin dudan Antiligent taldearekin Euskal Herrian biratxo bat egiten ari ginela, Legen Beltzarekin batera jotzeko aukera suertatu zitzaigun. Gau hartan ere tokatu zitzaidan bi kontzertu segidan ematea. Larunbatekoa zailagoa izango da, ordea. Extinctionekoa zein Necros Christosekoa dira bateria-jotzaile bezala eduki ditudan lan gogorrenak, eta biak gau batean… Gogorra izango da etzikoa, baina oholtzara igotzeko irrikitan nago!

Necros Christos ibilbide luzeko taldea da. Noiztik ari zara haiekin jotzen?

2013an hasi nintzen. Randy Blackekin hartzen nituen bateria klaseak garai hartan. Nik ez nekien, baina berak eta Necros Christoseko gitarristak Duskmachine izeneko talde bat zuten elkarrekin. Necros Christosek bateria-jotzaile berria behar zuela jakin zuenean, Randyk ni proposatu ninduen. Betirako eskertuko diot ate hori ireki izana, Necros Christosen hasteak musika bizitzeko eta ulertzeko eran aldatu ninduelako eta mundu osoan biran ibiltzeko aukera eman zidalako. Otsailean bira berria egingo dugu Europan, eta harako prestatzen ari garen set-list-a joko dugu Azpeitian.

Aurten atera duzuen disko hirukoitza, Domedon Doxomedon, aurkeztuko duzue Azpeitian. Nolako lana da? Zer harrera ari zarete izaten?

Death metala oso modu pertsonalean eta berezian jorratzen duen 113 minutuko diskoa da. Lau urte behar izan ditugu hura idatzi, aurre-produkzioa egin, grabatu eta kaleratzeko. Den-dena geuk egin dugu, baita azala ere. Sepulchral Voice gure diskoetxearen laguntza ezinbestekoa izan da; beste edozeinek zoratuta al gauden galdetuko zukeen, bi orduko disko batekin azalduz gero. Gaur egungo musika industriaren kontzeptuari muturrekoa ematea da horrelako disko bat kaleratzea. Jende gutxi geratzen da bi orduko disko bat entzuteko prest dagoena edo horretarako denbora duena. Arrisku handiko apustua zen, baina hara non, jendearen harrera eta  salmentak izugarriak izan dira. Alemaniako disko salduenen zerrendan sartu ginen, diskoetxe independente batekin eta death metaleko bi orduko disko batekin! Hori bai ez genuela espero…

Extinctionen, berriz, Legen Beltzan ere taldekide duzun Ekaitz Garmendiarekin aritzen zara. Zeu Berlinen bizita, nola moldatzen zarete?

Ekaitz eta biok ezagutzen gaituenak badaki bereiziezinak garela, Garmendipeko etxe berean jaio ginen, eta elkarrekin musika egiten hasi ginenetik, ez gara banandu. Legen Beltza, Jon & Sugramas, Clockwork eta Extinction taldeetan aritu gara biok, eta etorriko direnak! Ekaitz pertsona eta musikari bikaina da, eta elkarrekin dugun esperientziak elkarlana asko errazten du. Azpeitikoa Extinctionen bigarren emanaldia izango da; Dimako Dimetal Fest-en eman genuen lehena. Ostegun gauean heldu ginen Ekaitzen etxeko Black Storm estudiora, Andoni [Bassman] baxu-jotzailea Madrildik eta ni Berlindik; egun bakarra izan genuen entseatzeko. Orain ere antzera ibiliko gara, baina etxeko lanak eginda ekarrita, posible da horrelakoak egitea.

Berezia al da zuretzat Azpeitiko kontzertua?

Noski. Etxean jotzea beti da berezia, are gehiago Berlinen bizi naizenetik. Legen Beltzak eta Anestesiak eman zuten kontzertuan jo nuen lehen aldiz Sanagustinen. Antolakuntza oso ona duen aretoa da, soinu aldetik ere bikaina da, eta horrek izugarrizko aldea egiten du.

Legen Beltzak berpizteren bat izan du azken urteetan. Besterik izango al du epe motzean?

Legen Beltzarekin gertatutakoa oso polita izan zen. Bere garaian erabaki genuen kontzertuak jotzeari uztea, baina ez zen behin betiko agurra izan. Urte batzuk pasatuta, kontzertu eskaintza pare bat izan genituen eta Edortak [Azkune], bateria-jotzaile ohiak, galdetu zidan ea ondo iruditzen zitzaidan berak bere postua berreskuratzea. Baietz esan nion, noski, eta horren ondorioz ideia berri bat eduki genuen: kontzertuak bi bateria-jotzailerekin ematea, berak kontzertu erdi bat eta nik beste erdia joz. Sekulako freskotasuna eman zion taldeari kontzeptu berri horrek. Gainera, niretzat ohore bat da Edortarekin oholtza elkarbanatzea. 18 urte nitueneko karnabal haietan Legen Beltzan jotzeko eskaintzarekin etorri ez bazitzaidan, ez nintzen gaur egun nagoen lekuan egongo. Beti eskertuko diot hori! Legen Beltzako denok lagun oso onak gara, eta elkarrekin bizi ditugun momentuak gozatzea da gure helburu bakarra. Horrek horrela jarraitzen duen bitartean, ziur nago emanaldi gehiago eta musika berria etorriko direla.

Berlingo Clash tabernan egiten duzu lan. “Berlingo Gaztetxea” ere esaten diote batzuek.

Hasieran, han egoten nintzen gauero, bezero bezala, jendea ezagutu nahian eta alemana ikasteko asmoz. Bertakoen lagun egin nintzen, eta halako batean, barraren bestaldean bukatu nuen. Taberna oso ezkertiarra izan da beti, eta horrek hasieratik erakarri ninduen, hori baitzen Berlinen ezagutu nahi nuen mugimendua. Zoritxarrez, Berlinen horrelako elkarguneak desagertzen ari dira, hiria parrandaren Disneyland erraldoi bat bihurtzen ari da. Burmuinik gabeko turismoa hiria akabatzen ari da, eta horren kontra borrokatzea behar du Berlinek; horretan saiatzen gara gure tabernan.

Ez nintzateke ausartuko Clash gaztetxe batekin konparatzera, baina baditu antzekotasunak. Azpeitiko Gaztetxearen ibilbideari begiratzen badiogu, urteetan egiten ari diren lana izugarria da eta asko errespetatzen dut. Clashen ere askotariko ekintzak egiten ditugu, ekitaldi politikoak ere bai, asko Euskal Herriari eta Kataluniari begira. Azaroan, esaterako, Altsasuko gazteen aldeko bazkaria egingo dugu; eta Pasaiako Badia dokumentala emango dugu, alemanez azpidatzita.

Euskal musika talde askok jotzen du zuenean. Hemengo musikariekin loturak mantentzeko balio al dizu horrek?

Talde asko ezagutzeko eta loturak indartzeko aukera izan dut Clashi esker. Euskal Herrian egonda, agian, ez zitzaidan halakorik gertatuko. Hemen beti izango naiz “Clashen lan egiten duen azpeitiarra”, horrela errazagoa da  jendea oroitzea.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend