Paola Moto: “‘Oreina’-k erakusten du hitz gutxitan asko esan daitekeela”

'Oreina' filmeko produkzio idazkaria izan da azpeitiarra. Koldo Almandozek zuzendutako filma Soreasu antzokian izango da ikusgai asteburuan. Igandean aurkeztuko dute.
Paola Moto. (Paola Moto

Paola Moto. (Paola Moto

Zinemagintzak txunditu egiten du Paola Moto (Azpeitia, 1994), eta zaletasun horrek bultzatuta egin zuen salto Andoaingo zinema eskolara. Esperientzia hark ireki zizkion Txintxua Films-eko ateak. Han, denetariko lanak egin ditu, eta horien artean da Koldo Almandozek zuzendutako Oreina filma. Bihar (22:00), etzi (19:30) eta astelehenean (21:00) emango dute Azpeitian, Soreasun. Etziko emanaldian izango da Almandoz, Erika Olaizola filmeko aktore azpeitiarrarekin batera.

Zer dela eta hasi zinen zinemaren arloan murgiltzen?

Batxilergoan zehar liburuetatik jasotako informazioa praktikara eramateko grina nuen. Behin batxilergoa bukatuta, burutik pasatu zitzaidan aurreneko ideia izan zen ikus-entzunezkoen gradua egitea. Baina laster sortu ziren zalantzak. Izan ere, Andoaingo zinema eskolaz hitz egin zidaten zenbait pertsonek, eta hura nahikoa izango zela pentsatu nuen orduan. Zalantzen balantza horretan, zinemaren aldeko hautua egin nuen, eta Andoaingo Escivi zinema eskolara egin nuen salto. Haurra nintzenetik ditut gogoko zinema eta antzerkia, eta banuen bi mundu horien atzean zer ezkutatzen zen jakiteko grina. Barruan piztutako senak aginduta hartu nuen erabakia.

Zinema eskolan hasi eta…

Garai hartan, nekien bakarra zen film baten atzean, besteak beste, grabaketak egiten zirela. Sekula ez nuen imajinatu ezkutuko zenbat lan dagoen ikus-entzunezkoen atzean. Andoaingo eskolan ikasi nuen itzalpeko lanak egiten: gidoiak, storyboardak, plano motak, telebistako programetako eskaletak… Eta, pixkanaka, egiteko horien guztien atzean dagoen lan burokratiko guztiaz jabetu naiz. Hasieran oso arrotza zitzaidan arren, gaur egun nire lanaren zati da.

Zerk ireki zizun Txintxua Filmsera sartzeko atea?

Pertsona berezi bati esker nago gaur egun hemen. Hodei Lavega da bera. Lankide izan nuen, Pausoka ekoiztetxearen Aitaren Etxea telesailean praktiketan aritu nintzenean. Hark pasatu zion Txintxuari nire kontaktua, elkar ezagutu eta bi hilabetera. Zinema eskolatik atera berri nintzen; 21 urteko gazte bat. Izugarrizko konfiantza jarri zuten nigan. Horrela hasi zen dena.

Nola oroitzen dituzu egindako aurreneko lanak?

Txintxua Films ekoiztetxean egindako lehen lanarekin zehatz-mehatz gogoratzen naiz. Mimoz oroitzen dut, gainera. Ez zen denbora asko praktikak amaitu nituela, eta Txintxuako ekoizlearekin, Marian Fernandezekin, hitzordua nuen lehengo bulegoaren ondoko kafetegi batean. Hura zen Txintxuako jendearekin elkartu nintzen aurreneko aldia. Azkenean, elkartu ez ezik, lanean gelditu nintzen bulegoan. Egin nuen aurreneko lana honako hau izan zen: Amama filmeko amonari, Anparo Badiolari, argazki album bat egitea, Amama filmaren grabaketan atera zizkioten irudi guztiak elkartuta.

Amama filmari esker ezagutu zenuen gertutik Donostiako Zinemaldia. Zer sentipen piztu zizkizun esperientzia hark?

Amama 2015eko Zinemaldiko Sail Ofizialeko hautagaien artean zela, ardura handia izan nuen eskuetan. Estreinaldiaren egunean, filmaren lehen pasearen ostean egin ohi den festa antolatzea egokitu zitzaidan. Garai hartan, Donostia nahikoa ezezaguna zen niretzat, eta zalantzak zalantza, Dabadaba aukeratu nuen festa egiteko. Gaur-gaurkoz ez naiz erabakiaz damutzen, kar kar, kar… Bertan ikusgai izan zen erakusketa antolatu nuen, Amamaren arte zuzendariarekin harremanetan. Hori ez ezik, ezin hobeto oroitzen naiz Maria Cristina hotelera joan ginela filmeko photocalla ikustera eta Kandido Urangarekin Zinemaldiko auto ofiziala elkarbanatu nuela… Ez nuen hitzik hura azaltzeko. Zirraragarria, benetan.

Zer ikasi duzu Txintxuan daramazun denboran?

Dakidan guztia egunero ondoan dudan Marian Fernandez lankideari esker ikasi dut. Hiru urteko ibilbide honetan, jakin-mina asetzeko eta zalantzak argitzeko izandako grinak asko lagundu dit. Hau da, zalantza ororen aurrean, galderak egiteak. Hastapenetan, ardura gutxiko lanak egiten nituen, eta gaur egun idazkari lanak ez ezik, proiektu handiak finantzatzeko diru laguntzak eskatzen ditut lankideen laguntzaz. Horrez gain, 2017an zehar, Telmo Esnalek zuzendutako Dantza filmean produkzio idazkaria izan nintzen. Lan horri esker ohartu nintzen zer ezkutatzen den grabaketen atzean. Ikasi dut zer den eguraldiak eguraldi, eguzkia ala euria, lanean aritzea, eta horrek dakartzan zailtasunei aurre egitea.

Egindako lan guztietatik batzuk nabarmentzearren...

Amama filmaren posprodukzioan sartu nintzen Txintxuan. Horren ostean, Koldo Almandozek zuzendutako Sipo Phantasma lana munduko hainbat txokotara zabaldu nuen. Las Chicas de Pasaiken Gure hormek lana ere Txintxuak ekoitzi du, Koldo Almandozekin elkarlanean, eta proiektu horretan ere aritu naiz lanean; baita Ancora Lucciole film laburrean ere. Eta nola ez aipatu Oreina eta abenduan aurkeztuko den Dantza filmak. Izan ere, esan dezaket nire aurreneko bi fikziozko filmak direla horiek. Dantzaren kasuan ezin dut esan hasieratik jarraitu dudanik proiektua. Oreina filmaren prozesua, aldiz, gertutik ezagutu dut hasi zenetik gaur arte.

Zein izan da zure egitekoa Koldo Almandozek zuzendutako azken lanean?

Produkzio idazkaria izan naiz Oreinan. Bulegoko lana egin dut gehienbat: langileen kontratuak egin, horiek aholkularitza enpresari pasatu… Behin filmaren grabaketak amaituta, material bilketan lagundu dut. Fotogramak, soinu eta irudi klipak nahiz pressbookak bildu, trailerrak eta telebistako spotak egin… Orain, DVDak egiteko materiala biltzen ari naiz. Horrez gain, Oreina ikusteko herriz herri prestatutako emanaldien antolakuntzan laguntzen ari naiz.

Zerk egiten du berezi Oreina?

Ikustera ohituta ez gauden elementuak agertzeak egiten du berezi filma. Hiri bateko periferian elkartzen diren industrialdearen eta naturaren arteko kontrasteak, esaterako. Eta Almandozen lanetan ohikoa den gisan, beste behin, Oreinak erakusten du hitz gutxitan asko esan daitekeela.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend