Errotaberriko lanen bigarren fasea martxan da

Iñurritza ibaiaren iparraldeko ibilgua zabaldu ostean, Errotaberri eta Aritzbataldeko herri-gunea lotzeari ekingo diote. Horretarako, autobidearen gainean dagoen pasabidea erabiliko dute. Azaroan hasiko dira obrak, eta 16 hilabeteko epean amaitzea aurreikusten dute.
Errotaberriko obrak hasita daude dagoeneko. (Dorleta Agiriano Lai)

Errotaberriko obrak hasita daude dagoeneko. (Dorleta Agiriano Lai)

Errotaberriko Kontzertazio batzordeak bigarren faseko obrak esleitu ditu jada; Altuna y Uria – Lurkide UTEak gauzatuko ditu lanak, 3.895.915’24 euroko aurrekontuarekin eta 16 hilabeteko epean, azaroan hasita. Helburua Errotaberri eta Aritzbataldeko herri-gunea lotzea da, horretarako autobidearen gainean dagoen pasabidea erabiliz. Frantzeskoako kutxa berritzea, Aitza auzoarekin lotunea egitea eta T itxurako bidegurutzea egitea ere jasotzen dute lanek.

Pasa den ekainean sinatu zuten hitzarmena Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zarauzko Udalak, aldundiak Frantzesbidea deritzan atalari dagozkion lanak partzialki finantzatu ditzan. Bere eskumenekoak diren arloetako kapituluetan, guztira 1.243.026’59 euroko ekarpena egingo du aldundiak. Xabier Txurruka Zarauzko alkatearen arabera, “Gipuzkoako Foru Aldundiak lan hauen finantzatzean parte hartuko du, badakitelako obra hau klabea dela Zarauzko mugikortasunerako eta etorkizun ekonomikorako”.

Txurrukak adierazi duenez, aldundiarekin lortutako finantzatze akordio honek Frantzeskua zubitik poligonorako sarbidea eraikitzea ahalbideratuko du, “enpresa berriak Zarauzko industria gunean kokatu ahal izateko ezinbestekoa izango dena. Hainbat enpresek Zarautza etortzeko interesa erakutsi dute jada, eta hori da benetan garrantzitsua”. Proiektu honek “industria jarduera handitzea eta garatzea” ahalbidetuko duela ere nabarmendu du.

Olaa erreka eta uholdeak

Bestalde, 2016ko urtarrilean, alkateak eta URA Uraren Euskal Agentziak lan hitzarmena sinatu zuten, Iñurritza eta Olaa ibaiertzak berreskuratzeko eta Errotaberriko eremuan uholdegarritasunari irtenbidea emateko. Txurrukaren arabera, “Errotaberriko industrialdeari behin betiko bultzada emateko eta herria zeharkatzen duten bi ibaiertzak berreskuratu eta beraien ingurumen baldintzak eta hidraulikoak hobetzeko funtsezko helburua da hitzarmenean jasotzen dena”.

URAk hitzarmenean hartutako konpromezua betetzea ezinbestekotzat jo du alkateak, 2018an Errotaberriko industrialdeko lanetan aurrera egin ahal izateko. Olaa erreka Bombas KSB Itur instalazioaren azpitik igarotzen da, eta Eusko Jaurlaritzak bere gain hartutako obra hauekin, ibaiaren ibilgua desbideratu eta kanpora aterako dute, uholdegarritasunari aurre egiteko.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend