Urolako bidegorria osatzeko konpromiso zehatzik ez dute hartu Batzar Nagusiek

EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk agintaldi hau amaitzerako "baliabide ekonomiko guztiak" jartzeko aurkeztu zuten eskaerari osoko zuzenketa ezarri diote EAJk eta PSE-EEk, neurri zehatzak saihestuz. "Ezetzik inoiz ez digute esaten, baina hitzetatik ekintzetara pasatzeko momentua iritsitakoan, atzera egiten dute beti", diote Arroako Bidegorriaren Aldeko taldekoek.
Bidegorriaren aldeko bigarren martxan hartutako irudia. (Julene Frantzesena)

Bidegorriaren aldeko bigarren martxan hartutako irudia. (Julene Frantzesena)

Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du jasoko Urolako bidegorria osatzeko gelditzen den zatirako diru poltsa zehazteko Batzar Nagusien eskaerarik. EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk ebazpen-proposamena aurkeztu zuten joan den irailean Batzar Nagusietan, datorren udaberrian amaituko den agintaldia agortu aurretik erakunde horrek aldundiari eskaera hau luzatzeko eskatuz: “Jar ditzala baliabide ekonomiko guztiak Arroabeko bidegorria egiteko”; Arroabeko herritarrekin harremanetan jartzeko ere eskatzen zioten ebazpenean aldundiari, “une honetan bidegorriaren proiektuari buruz duten informazio gabezia asetzeko”.

Irailean bertan, EAJk eta PSE-EEk osoko zuzenketa aurkeztu zioten EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztutako testuari. Zuzenketarekin, aldundiari eskatzen zioten “jarraitzeko lanean aldundiaren aurrekontuetan onartutako eta Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Planean jasotako bidegorrien proiektuak garatzeko”; era berean, “Arroabeko bidegorriaren proiektuan inplikatutako erakunde publikoekin eta auzo eragileekin irekitako komunikazio ildoak irekita mantentzeko” eskatzen zuten jeltzaleek eta sozialistek. Horrela, joan den ostiralean Batzar Nagusietan egin zuten Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Batzordearen bileran atzera bota zuten EH Bilduren eta Podemos-Ahal Duguren proposamena.

Iraeta eta Narrondo arteko bost kilometro inguruko zatia da Legazpitik Zumaiaraino doan Urolako bidegorria osatzeko falta dena.

Bizilagunen frustrazioa

Arroako Bidegorriaren Aldeko taldekoak oraindik ez dira elkartu azken berriak aztertzeko eta balorazioa osatzeko, baina ez dute ezkutatu Batzar Nagusietan gertatutakoak eragin dien haserrea, etsipena eta frustrazioa. Duela bi urte eratu zuten taldea, eta harrezkero hainbat egitasmo gauzatu dute: bi martxa jendetsu egin dituzte –2016ko azaroan lehena eta 2017ko urrian bigarrena– eta birritan eraman dituzten beren eskaerak Batzar Nagusietara, 2017ko martxoan eta joan den maiatzean; azken bisita horretan salatu zuten erantzunik jaso gabe jarraitzen zutela. Gipuzkoako erakundeetara ez ezik, Zestoako Udalera ere eraman dituzte eskaerak; iazko abenduan onartu zuen udalak bidegorriaren jarraipenerako batzordea osatzea. Joan den uztailean, berriz, falta den bidegorriaren zati bat auzolanean txukundu zuten arroarrek; baina kexu dira, udalak ez duelako bete garbitutako zatia txukun mantentzeko zegokion partea.

Herritarrek orain arte egindako lanak ez du, beraz, haiek nahi bezalako fruiturik eman. Erakundeekin izandako harremanetan, “ezetzik inoiz ez digute esaten, baina hitzetatik ekintzetara pasatzeko momentua iritsitakoan, atzera egiten dute beti”, salatu dute.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend