Zumaia eta Deba arteko harraldea plastikoz beteta dagoela salatuz bideoa grabatu du Oier Bartolomek

Bartolomek Zumaia eta Deba artean grabatutako bideoaren oihartzuna erakundeetara ere iritsi da

Oier Bartolomek Zumaia eta Deba arteko harraldean grabatutako bideoa asko zabaldu da sare sozialetan. Bideoan, harraldea plastiko txikiz beteta agertzen da, eta haserre agertzen da Bartolome. Irudi horiek erakundeengana ere iritsi dira. Esaterako, Euskal Kostaldeko Geoparkeko kudeatzaile Leire Barriusok Berriarekin hitz egin du, eta bideoa dela-eta “dei asko” jaso dituztela esan du. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Turismoko zuzendaritzek, berriz, oharra kaleratu dute, flyscharen egoera “tamalgarria” nahigabea azalduz eta “kontzientzia hartzearen beharra” nabarmenduz.

Euskal Geoparkeko kudeatzailearen esanetan, bideoan ikusten diren irudiak “ez dira ohikoak”, eta marea bizien ondorio da: “Neguan, marea bizien ondorioz, plastikoak labarren goialdean metatzen dira. Hurrengo marea biziak heldu arte, han gelditzen dira, itsasoa ez delako normalean hain gora iristen”. Plastikoen tamaina kontuan hartuta, berriz, urrutitik etorritakoak direla esan dio Berriari: “Plastiko zati txikiak dira. Ez dira bota berriak. Kanpotik iritsitako plastikoak dira […]. Biltzen ditugu beste mota bateko plastikoak udan; labarren goialdean gelditzen direnak; plastiko handiagoak”. Inguru hori garbitzeko lanak egiten direla ere azpimarratu du Barriusok, “baina arazoa ez da konpontzen hori garbituta; ez zikinduta, baizik. Denok izan behar dugu arazoaz kontziente”.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen zuzendari Monica Pedreiraren arabera, “itsasoetako kutsadura arazo global bat izan arren, tamalez, Gipuzkoari ere eragiten dio, eta horregatik, ekimen zehatzekin lanean jarraitu behar dugu gure lurraldetik, gure itsasoetako kutsadura desagerrarazi arte”.

Ingurumeneko Zuzendaritzatik martxan dituzten zenbait proiektu ere aipatu ditu Pedreirak kaleratutako oharrean; esaterako, 2016tik abian duten Life Lema egitasmoa. Horretan, Aztirekin eta Surfriderekin batera, itsasoa garbitzeko eta herritarrak kontzientziatzeko lan egiten dute. Era berean, aurten, Ingurumen Departamentuak hondartzen garbiketan arreta berezia jarri duela nabarmendu du Pedreirak. Iazkoen aldean hondartzetan bildutako hondakinak %18 murriztu dira. Horri lotuta, gipuzkoarrak plastikoaren erabilera okerraz eta urak ez kutsatzearen premiaz kontzientzia hartuta dutela esan du. Hala ere, “kontzientziazio maila erabatekoa izatea lortzeko” lanean jarraitu beharra dago haren ustez.

 

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend