Bertako ekoizleen eta erabiltzaileen arteko elkarlana indartzeko proiektua abian

Zarautzen aurkeztu dute eskualde mailako Urolapiko proiektua, bertako ekoizleen eta erabiltzaileen arteko lankidetza ehuntzeko helburua duena. Egun, Lakari eta Hiritik At kooperatibek, bertako zazpi ekoizlek, Urkomek eta Urola Kostako Udal Elkarteak osatzen dute Urolapiko. Proiektu pilotua martxan da jada, Zumaiako Zumaiene ikastetxeko jantokian.
Ezkerretik eskuinera; Zaldua (Orioko Udala), Iturain (UKUE), Madariaga (Eusko Jaurlaritza), Eizagirre (ekoizlea), Prieto (Lakari), Peñagarikano (Urkome), Renedo (Hiritik At) eta Sese (EHU). (Dorleta Agiriano Lai)

Ezkerretik eskuinera; Zaldua (Orioko Udala), Iturain (UKUE), Madariaga (Eusko Jaurlaritza), Eizagirre (ekoizlea), Prieto (Lakari), Peñagarikano (Urkome), Renedo (Hiritik At) eta Sese (EHU). (Dorleta Agiriano Lai)

Gaur aurkeztu dute Urolapiko proiektua Zarauzko Merkatu plazan. Eskualde mailako proiektu honen bidez, “ekoizleen eta erabiltzaileen arteko elkarlana” sustatu nahi dute, “eta batez ere, Urola Kostako ekoizle guztien arteko elkarlana”. Horretarako, lankidetza ehuntzeko sare bat jarri dute martxan, non bertako ekoizle eta transformatzaileak protagonista diren.

Proiektu hau osatzen duten eragile eta sektore desberdinetako ordezkariak izan dira gaurko agerraldian; Arantxa Madariaga (Elika Fundazioko zuzendaria eta Eusko Jaurlaritzako ordezkaria), Miren Prieto (Lakari Kooperatibako kidea), Mikel Eizagirre (ekoizlea), Saioa Sese (EHUko kidea), Karlos Renedo (Hiritik At Kooperatibako kidea), Igor Iturain (Urola Kostako Udal Elkarteko presidentea), Jose Angel Zaldua (Orioko alkatea) eta Yurre Peñagarikano (Urkomeko gerentea).

Madariagak azaldu duenez, “elikagai industria aukera asko dituen eremu bat da EAE mailan. Egia da osatu dugun kate honetako eragileak oso txikiak garela; horregatik iruditzen zitzaigun hain garrantzitsua gure artean ezagutzea eta gure arteko elkarlana, lehiakorrak izan ahal izateko”. “Mundu globalizatu honetan eta komertzializazio ikuspegitik hainbeste aukera egonda, aukera berriak sortu ahal izateko, beharrezkoa da txikiak batzea, denon artean handitzeko eta lehiakorrak izateko”, gehitu du.

Beraz, Madariagaren esanetan, proiektu honen helburua “txikien artean” elkar ezagutzea eta elkarlana saretzea da, “eta baita eremu publiko eta pribatuaren arteko elkarlana ere. Hori ere oso garrantzitsua da. Eragile publikoak eragile pribatuentzat lanean aritzen gara askotan, baina azken finean, guztiok helburu bera daukagu, eta guztiok egin behar dugu lan, elkarrekin”.

Hausnarketa bat abiapuntu

Duela 3-4 urte abiatutako hausnarketa bat izan zen Urolapikoren jatorria. Peñagarikanok honela azaldu du ibilbidea: “Nik Lakari proiektua ezagutzen nuen. Elikadura-katea osatzen duten eragile desberdinek elkar ezagutzea eta merkaturatze bide berriak irekitzea beharrezkoa zela ikusi genuen. Horretarako, elkarlana funtsezkoa iruditzen zitzaigun. Hausnarketaren puntu honetan geunden momentuan, Eusko Jaurlaritzatik lankidetza proiektuei diru-laguntzak bideratzen ari ziren, eta eskualde mailako proiektu bat sortzea bururatu zitzaigun”. Urola Kostako Udal Elkartearekin harremanetan jarri ziren eta bat egin zuten, eta baita Hiritik At Koopetatibak ere.

Madariagaren ustez, “Proiektua sortu izana oso garrantzitsua da berez. Gero ikusiko dugu nora garamatzan, baina pauso hau eman izana eta proiektu pilotua martxan jarri izana oso garrantzitsua da. Gainera, proiektuak eredu bezala balio dezake, eskualdean bertan edo beste leku batzuetan, beste iniziatiba batzuk martxan jartzeko”. Horretarako, prozedura hauek eta emandako eta eman beharreko pauso guztiak sistematizatzea beharrezkoa dela iritzi du Peñagarikanok. Urolapikoren kasuan, Sesek hartu du lan honen ardura.

Bertako produktuak protagonista

Peñagarikanoren esanetan, bertako ekoizle eta baserritarrak funtsezkoak dira Urolapikon; “beraiek gabe ezingo genuke proiektu hau aurrera eraman, eta gainera, hasieratik inplikatu dira asko”. “Landa-eremuaren potentzialari eta balio erantsiari ikusgarritasuna ematea garrantzitsua da, eta eskualdean bertan ekoiztutako produktuak balioan jarri nahi genituzke”. Bestalde, “komertzializazio bide berriak irekitzea, tokiko garapen iraunkorra bultzatzea eta informazioa eta ezagutza partekatzea” ere helburu gisa identifikatu ditu Peñagarikanok.

Gaurko aurkezpenean, Mikel Eizagirre baserritarrak ordezkatu ditu bertako ekoizleak. “Nire ustez, ekoizle bezala, Urolapiko proiektuak bertako ekoizle txikion arteko lotura sortzen du, elkarlan bat bultzatzeko. Hau oso aberasgarria dela iruditzen zait”. Bestalde, “aukera bat da gure produktuak jende gehiagori erakusteko eta garai bakoitzean dauzkagun produktuak ezagutarazteko, eta baita gure lan egiteko modua ikusarazteko ere. Bertako produktuak nola ekoizten diren ikus dezake jendeak”. Azkenik, proiektuak “salmenta puntu gehiago lortzeko aukera bat” ere eskaintzen diela gehitu du Eizagirrek. “Momentuz lan ona ari gara egiten”.

Bertako ekoizle eta transformatzaileekin zuzeneko harremana izan nahi dutela adierazi du Peñagarikanok; “bertako ekoizleak, bertako ekoizpena eta bertako ekoizpen ohiturak ikusarazi eta ezagutarazi nahi ditugu”. Hau honela, “kontsumitzaileek tokiko eta garaiko produktuak eskuragarri izatea lortu nahi dugu, horretarako bideak erraztuz”.

Proiektu pilotua abian

Prietok azaldu duenez, hasieran, proiektua sei fasetan banatu zuten, eta lehenengo fasea azterketa izan zen. Ekoizleek (batez ere barazkigileak, frutagileak, okinak, esnekiak lantzen dituztenak eta arrautza ekoizleak) galdetegi batzuk erantzun zituzten, beren lanari, lan egiteko moduari, banaketa moduari, beharrei eta abarri buruzko informazioa helarazteko. Erabiltzaileei (batez ere jantoki handiak eta ostalaritza) ere galdetegi bat zuzendu zieten, beren lan egiteko modua eta tokiko produktuaren erabilpena zein kontsumoa ezagutzeko.

Behin azterketa egitean, ekoizleekin batu zirela esan du Prietok, “beraiek baitira protagonista”. “Dinamika batzuk landu genituen, proiektua diseinatzeko eta banaketa kooperatiba integral bat sortzeko”. Oraingoz, zazpi ekoizlek osatzen dute Urolapiko, “eta espero dugu pixkanaka-pixkanaka ekoizle gehiago batzea”.

Lehenengo proiektu pilotua Zumaiena ikastetxean (Zumaia) jarri zuten martxan, duela bi hilabete inguru; “sukalde berri bat ireki dute eta beharrak zituzten. Ez zuten tokiko produktua topatzen, eta Zumaiako Udalaren bidez, beraiekin elkartu ginen”, adierazi du Prietok. “Orain prozesuaren erdian gaude; diseinua sortzen eta froga pilotua martxan jartzen, eta gehiago abiatzea espero dugu”.

Azkenik, Peñagarikanok deia egin die erabiltzaile zein ekoizleei, proiektuaren parte izan daitezen; “ateak irekita ditu parte hartu nahi duen edonork, Zumaienan bezala froga pilotuak martxan jartzeko edo ekoizle sarea osatzeko”. Interesa dutenak, gaurko agerraldian izan diren eragileekin (Urkome, Lakari, Hiritik At) jar daitezke harremanetan, beren webguneen bidez; edo bestela, urolapiko@gmail.com helbidera mezu bat bidaltzeko aukera ere badute.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend