Asteazkenetan plastikozko poltsarik ez ematera animatuko dituzte Zarauzko dendariak

Udaleko Agenda21 sailak aurrera jarraitzen du Zarautz erabilera bakarreko plastikozko poltsarik gabeko herria izateko kanpainarekin.
Martxoan eskola desberdinetako ikasleak hondartzan izan ziren, plastikoak jasotzen. (Aritz Mutiozabal)

Martxoan eskola desberdinetako ikasleak hondartzan izan ziren, plastikoak jasotzen. (Aritz Mutiozabal)

Udaleko Agenda 21 sailak neurri gehiago hartuko ditu plastikozko poltsak gutxitzeko kanpainan. Azken egunetan sarean zabaldu diren Flyscheko irudiak ekarri ditu gogora Gloria Vázquezek, eta plastikoa arazo “benetan larria eta globala” dela azaldu du. “Horrela jarraituz gero, 2050 urterako itsasoan arrainak baino plastiko gehiago egongo da”.

Hori dela eta, udalek tokian tokiko ekimenak bultzatu behar dituztela azaldu du, modu globalean pentsatuz. Aurreko urtean abian jarri zuten plastikozko poltsak gutxitzeko kanpaina, dendei poltsak kobratzera behartuz. Kanpainaren helburua 2021erako Zarautz plastikozko poltsarik gabeko herria bihurtzea da, baina Vazquezek azaldu duenez, plastikozko poltsen erabilera “berehala” murriztu beharra dago: “itsasoak ezin du gehiago itxaron”.

Kanpainaren bigarren zatiaren lehenengo fasean ingurumen hezitzaile bat herriko dendetara joango da Europako ingurumen araudiaren inguruan informazioa zabaltzera, eta asteazkenetan bezeroei poltsarik ez ematera gonbidatzera. Asteazkenetako kanpaina “poliki-poliki ohitzen joateko” izango dela azaldu du Vazquezek, eta gogorarazi du “plastikozko poltsa baten bizitza baliagarria minutu gutxikoa bada ere, itsasoan, itsaslabarretan edo gure hondartzetan 400 urtetan zehar egon daitekeela eta mikroplastiko bihurtuta, arrainen janari bihurtzen dela, ondorioz, gure janari ere bihurtuz”.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend