Emakumezkoen trainerua uretaratzeko lanean ari da Zumaiako arraun elkartea

Hogei lagun inguruko taldearekin hasi ditu entrenamenduak. Dei egiten die 17 urtetik gorako gazteei arraunean hasteko. Behetik hasita ere, helburua Kontxan sartzea dela azaldu dute.
zumaia batelak

Emakumezkoen batel bat entrenamendua amaitu ondoren. (Argazkia: Juan Luis Romatet)

2013an irabazi zuen Telmo Deun arraun elkarteko emakumezkoen ontziak Kontxako estropada. Urtebete geroago bigarren egin zuen Donostiako estropadetan, eta hirugarren 2015. urtean. Denboraldi horren amaieran trainerua lehorreratu egin zuten. Ordutik, ez da izan emakumezkoen Zumaiako ontzirik arraun estropadetan.

Hutsune hori betetzeko lanean ari da arraun elkarteko zuzendaritza joan den udaberritik. «Elkartean sartu ginenean bi helburu genituen. Batetik, gizonezkoen ontziak maila mantentzea, eta bestetik, emakumezkoen trainerua uretaratzea berriro. Lehenengo helburua lortu genuen, eta orain bigarrengoarekin lanean ari gara», azaldu du Joseba Esnal Zumaiako Telmo Deun arraun klubeko lehendakariak.

Hogei arraunlari ingururekin hasi dituzte entrenamenduak Jose Enrike Manterola eta Jon Martija entrenatzaileek. Arraunlari taldea lortu dute, baina taldea handitzeko asmoarekin deialdia egin dute arraunean aritu nahi duten neska-mutilentzat. Astelehenean, hilaren 29an, 18:00etan Itsas kiroldegira ager daitezen deitu dituzte. 17 urtetik aurrerako gazteei zuzendu die deia.

«Beheko mailetatik hasiko gara datorren arraun denboraldian, baina kirol helburua Kontxako estropadarako sailkatzea da», azpimarratu du Esnalek.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend