Iñaki Segurola ‘Puntuka’: ‘Beltzaldiko argitasunak’

Eta halako batean (2011ko abendua zen egutegietan) puskatu egin nintzen. Puskatuta gelditu nintzen. Ez dago hitz hoberik hura adierazteko. Bi urteko umearen sendotasun emozionalera amildu nintzen berrogeitakarekin. Hori onenean. Txarrenean, hilda bezala sentitzen nintzen, eta horrek esan nahi du ez neukala pozik; ez ezeren pozik eta ez ezertarako pozik, eta orduan bizitzen segitzea ezinkizun oso-osoa zen barrutik, nahiz-eta kanpotik gizagauza bixidun baten itxurari eutsi.

Urte batzuk joan dira eta orain kontatzeko moduan naiz. Eta ez neure burua erakusteagatik, baizik-eta besteri erakusteagatik eta argitasun pixkat emateagatik. Beltzaldi gogorrean pasatakoari ilunpetxo bat gelditzen zaio betiko itsatsia, baina baita argi biluzi bat ere, eta argi horrekin ari naiz gaur, ustez behintzat. Eta kontatzeko moduan naiz, ez nuelako neure burua garbitu, jakina, baina orduan gauzarik naturalena zirudien betiko bukatzeak: hilda bezala egotetik hilda egotera dagoen aldea oso axalekoa da.

Mundu guztiak aditu du “depresio” hitza, baina mundu guztiak ez daki zer dagoen hitz horren azpian eta aldirietan, eta funtsean dagoena da bizi nahi ez eta bizi beharra; eguna argitu orduko gau beltzaren zain egotea… eta abar luze eta zatar bat. Orain esaten ditut gauza hauek agerian, baina orduan, barruti intimoenetik kanpora, ez zegoen hori adituko zuen belarririk eta bihotzik. Hauek gauza zakarregiak baitira belarri normalentzat, eta hemen doa gaurko aurreneko argitasuna beltzaldi gogorrean amildu den edonorentzat: badaezpada, ezin eduki liteke izugarrizko esperantzarik familia ofizialarekin, zeren izan baitaiteke helduleku eta laguntza, baina izan liteke kontrakoa ere, eta izan liteke arazoaren parte eta arazoaren iturburu ere; segurua dena da ez dela batere esperantzarik eduki behar lagun edo adiskide ofizialetan, eta hau ia orokorra da eta ahobatezkoa: laguntasuna ez da holakoetan laguntzeko, zeren laguntasuna oso gauza arina baita gure artean edo gure munduan, eta lagun ofizialek arinetik eta komeni bezala hartu ohi dute asuntoa: “esajeratu egiten du”, “ez dauka motiborik hola egoteko”, “ez pentsatu orain zentroa bihurtuko haizenik”, “negar erraz egiten duk hik”, eta abar. Hau argitasun moduan diot, ez inor epaitzeagatik. Inor ez baikaude libre “humanoegiak” (hau da: eskasak) izatearen bekatutik. Bestela esanda: badaezpada, ez segurutzat jo seguru ez den heldulekurik; ez amarik, ez lagun minik eta ez ezer. Laguntza, gehienetan, uste ez den lekutik agertu ohi da.

Argitasun gehiago. Nerea lorik egin ezinarekin hasi zen, eta nola hura gehitxo luzatzen ari zen eta txarrenean bukatzeko tankera hartzen ari zen, Osakiretsara jo nuen neure herioan eta haien kit osoa irentsi nuen neure zorigaitzean, eta konturatzerako adikzio anizkoitz bortitzean harrapatuta gelditu nintzen. Tranxilium, Diazepam, Noctamid, Orfidal, Trankimazin, Mirtazapina, Deprax edo Escitalopram izeneko ehundaka pastilla joan ziren eztarrian behera. Nere ondoeza psikiatrizatu egin zen, eta narko batazuridunen eskuetan salduta gelditu nintzen. Eta ezagutu dut orain psikiatrizatuen aktibismoa, badago borroka bat, konektatua nago mundu horrekin, eta hitzegin beharrekoak hitzegin eta gero, ausartzen naiz beste honako argitasun hau ematera: antidepresiborik ez hartu, eta benzodiazepinak (lotarako eta lasaitzekoak) oso era puntualean bakarrik. (Ez naiz nor antipsikotikoez eta bestelakoez ezer esateko, baina dakidanetik ari naiz behar duenari ustez ondo erakusten.) Psikojakintsuengatik izan balitz, gaixo pastillatu kroniko bat izango nintzen, kasurik onenean. Horretarakoxe daude ia denak: psikobotiken ekoizpen eta banaketaren azkenaurreko katebegia izateko. Eta serotoninaren ipuintxoa eta beste ipuintxo biomediko batzuk kontatzeko, nahiz batere ebidentziarik egon ez.

Psikobotikek ondoeza txartu eta luzatu egin zidaten neri asko. Eta gaitzerdi
kasurik txarrenean ez bainintzen erori, zeren beste batzuk heriotzaraino eraman baitituzte, eta prospektuan bertan jarri behar izan zuten hori: antidepresiboek depresioa txartu eta suizidiora eraman lezaketela; industriak badaki prospektuak ez direla irakurtzen eta medikuak ez direla esaten dixkuratuko, jakina.

Ez dago gaurkoz beste argitasunik. Edo bai: bakoitzak aurkitu behar duela bere bidea, medikuntza ofizial edo zientifikoaren kale itsutik kanpora, badaezpada. Ate asko jo eta gero aurkitu nuen nik neurea, eta funtsean esan nezake botikak utzi ahala irten nuela putzutik. Eta ezin esan gabe utzi lagun on-onak izan nituela argia eta ura: argi eder bat (maitasuna, bai!) eta ur eder bat (homeopatia, bai!).

Batzuek zoratu egin behar izaten dute zuhurtzia pixkat irabazteko. Edo puskatu egin behar izaten dute berriro osatzeko. Hori pentsatzeak lagundu egiten du: horra gaurko azken argitasuna.

2 iruzkin albistean

Utzi iruzkin bat

*

*

  • Maite Garmendia
    25 urria 2018 at 16:00 - Reply

    Beti eskergarriak izaten dituk bene benetan eta barru barrutik egindako testigantzak.
    Lagungarriak ere bai.
    Horrelakoak gehienetan ezkutuan eduki beharrekoak izan dituk sozialki halako estigma bat eransten diotelako hori jasaten ari denari.
    Ausardia ere beharrezkoa delakoan nagok baina hik ez dek horrek gabezik.
    Bejondeikela!

  • Gotzon
    29 urria 2018 at 17:01 - Reply

    Besarkada har ezak Jon.

  • Send this to friend