Harmaila berria egingo dute Zarautzen, Asti Txikin

Belar artifizialezko zelaian Astiko hirugarren harmaila eraikitzen hasiko dira astelehenean. Beste biak baino txikiagoa izango da, eta estetika berdina izango du.
Xabier Txurruka eta Iban San Martin, harmaila berria egingo duten lekuan. (Amaia Urbieta Arruti)

Xabier Txurruka eta Iban San Martin, harmaila berria egingo duten lekuan. (Amaia Urbieta Arruti)

Asti Txiki futbol zelaiko harmaila estalia eraikitzeko lanak esleitu dizkio udalak Campezo Obras y Servicios enpresari. Datorren astelehenean hasiko dira obrak, eta 221.493 euroko kostua izango dute. 12 asteko iraupena izango dutela azaldu dute, beraz, udaberrirako harmaila berria prest egongo dela dago aurreikusita.

Asti Txiki futbol zelaiaren erdialdean eraikiko dute harmaila, orain jokalarien eserlekuak dauden lekuan. Eserleku zaharrak bota egingo dituzte, eta  zelaiaren beste aldean eraikiko dituzte berriak. Hala, aldageletatik gertuago egongo dira jokalariak. Errugbi zelaiaren eta Asti Txikiren artean dagoen bidea estutu egingo da, eta hiru metro inguruko pasalekua geratuko da bertan. Harmaila berriak 90 metro karratuko azalera izango du, eta 90 ikusle sartuko dira bertan. Oinarrian geratzen den espazioa gordeleku bezala aprobetxatuko dute. Harmaila estalia eta simetrikoa izango da, erdialdean eta bi alboetan eskilarak izango dituelarik. Xabier Txurruka alkateak azaldu duenez, mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzako egokitua egongo da. Harmailak berak hormigoizko egitura izango du, eta estaldurak, berriz, egur laminatuzko egitura izango du eta metakrilatoz estalia egongo da, ingurukoen estetika bera mantenduz. Obren ondorioz, Asti Txiki zelaia ez da erabilgarri egongo jardunaldi batez. Oraindik ez dute zehaztu zein izango den asteburua.

Aspaldiko eskaera

Zarautz Kirol Elkarteko futbol talde gehienek Asti Txiki zelaia erabiltzen dute entrenatzeko eta partidak jokatzeko. Hori dela eta, Xabier Txurruka alkateak harmaila berria “beharrezkoa” dela azaldu du. Estrategikoki, Santa Barbarari bizkarra ematen kokatuko dute harmaila, hala, iparraldetik datorren haizetik eta euritik babes gehiago izango dute bai ikusleek, baita jokalariek ere.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend