Azaroaren 15ean izango da Azpeitiko brigadako lanpostuen oposizio-lehiaketarako aurreneko azterketa

Datozen egunetan argitaratuko dute behin-betiko hautagaien zerrenda. Azterketa guztiak gainditzen dituztenek merituen balorazioa egiteko dokumentazio aurkeztu beharko dute oposizio-lehiaketaren prozesuarekin bukatzeko. Hori egin ostean osatuko da behin betiko oposizio lehiaketako lan poltsa.
Azpeitiko brigadako langile bat, artxiboko irudi batean. (Uztarria)

Azpeitiko brigadako langile bat, artxiboko irudi batean. (Uztarria)

Azpeitiko Udalaren brigadan denetariko lanak egiteko lehen mailako ofizialen lau lanpostutarako oposizio-lehiaketaren lehen azterketa azaroaren 15ean izango da, Izarraitz pilotalekuan, 10:30ean hasita. Udalak gaur jakinarazi ditu azterketaren inguruko xehetasunak.

Udalak uda aurretik jarri zuen martxan herriko brigadan denetariko lanak egiteko lanpostutarako oposizio-lehiaketa. Guztira, 165 lagunek eman zuten izena deialdian, eta horietatik 159 onartu eta 6 baztertu ditu erakundeak. Datozen egunetan argitaratuko dute hautatuen behin betiko zerrenda. Azterketarako izena emanda eta onartuta dauden herritarrek beren NANa aurkeztu beharko dute azterketa egin ahal izateko.

Oposizio-lehiaketara aurkeztuko diren lagunek test formatuko azterketa egin beharko dute, 90 minutuko epean. Azterketa 50 galderek osatuko dute, eta euskaraz zein gazteleraz egiteko aukera izango da. Josu Labaka Zerbitzu Orokorretako zinegotziak azaldu duenez, lehen azterketa gainditzen dutenek baina hizkuntza eskakizunaren ziurtagiririk aurkeztu ez dutenek hizkuntza eskakizunaren ziurtagiria ateratzeko txanda izango dute ondoren. Behin hori eginda, urtearen amaiera alderako bigarren eta azken azterketa praktikoa egin beharko dute. Azterketa guztiak gainditzen dituztenek merituen balorazioa egiteko dokumentazio aurkeztu beharko dute oposizio-lehiaketaren prozesuarekin bukatzeko. Hori egin ostean osatuko da behin betiko oposizio lehiaketako lan poltsa.

Erakundeak esan duenez, udalak “ahal bezain beste lanpostu publiko egonkor sortzeko konpromiso osoa du”, betiere “legeak ezarritako mugak eta tasak errespetatuta”. Horrela azaldu du Labakak: “Modu gardenean bete nahi ditugu lanpostu publikoak. Herritar orok lanpostu horiek betetzeko aukera izan dezaten sortu ditugu lanpostu publikoak”. Langile publikoen “egonkortasuna bermatzen joateko” bide bat ireki nahi du udalak.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend