Eneko Otaño: “Lan txukuna egitea nuen xede, eta helburu hori lortu nuen igandean”

Txapelketan aritu ziren sei aizkolariak. (Ibon Errazu)

Txapelketan aritu ziren sei aizkolariak. (Ibon Errazu)

Igandean jokatu zuten Mikel Larrañaga azpeitiarrak eta Eneko Otaño beizamarrak Lehen Mailako Aizkolarien Txapelketa, jendez leporaino bete zen Iruñeko Labrit pilotalekuan, eta bi aizkolariak hirugarren eta bosgarren sailkatu ziren hurrenez hurren.

Larrañaga “gustura” da egindako lanarekin. Dena den, hark azaldu duenez, saioaren bukaera aldean neke pixka bat sumatu zuen: “Fisikoki pixka bat gehiago prestatuta egon izan banintz, hortxe behar nukeen, aurrean”. Hala eta guztiz, horri bueltak ematen aritzea “alferrikakoa” dela aitortu du Larrañagak, eta txapelketan “ondo” sentitu zela azpimarratu du. “Gerra eman nien nire aurretik sailkatu ziren bi aizkolariei –Atutxa eta Vicente–, eta ikusi dut horiekin batera nagoela aurrean”. Etorkizunera begira ere jarri da azpeitiarra, eta esan du “aurrera segitzeko gogoz” dagoela. “Nire burua lehen hiruren artean ikusita, aurrera segitzeko gogotsu nago; entrenatzen segitzeko gogo gehiago piztu zait”.

Otañok bete du iganderako jarria zuen helburua: “Lan txukuna egitea nuen xede, eta helburu hori lortu nuen igandean. Oso gustura nago bosgarren postua eskuratuta”. Beizamarrak lehen aldiz parte hartu zuen Lehen Mailako Txapelketan, eta “esperientzia polita” izan zela adierazi du. “Jende asko izan zen pilotalekuan, izugarrizko giroa zegoen, eta horrek lagundu egiten du sufritzerako orduan”. Igandean lortutako emaitza tarteko, datorren urteko Donostiako Aste Nagusian jokatuko den Urrezko Koparako txartela lortu du aizkolari gazteak, eta han lehiatzeko “izugarrizko ilusioa” duela gaineratu du.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend