Abian da Errigoraren udazkeneko kanpaina berria

Nafarroa hegoaldeko euskalgintza laguntzeko Errigoraren kanpainak bosgarren urteurrena du. Saskiak eskatzeko garaia da.

Bost urte euskarari puzka lelo hartuta abiatu du Errigorak bosgarren urteurreneko udazkeneko kanpaina berria. Dagoeneko, Errigorak egindako Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainaren bidez 800.000 euro bideratu dituzte zonalde zigortuko ikastolak eta AEK indartzera eta sare publikoan D ereduko taldeen sorrera sustatzera, Sortzen elkartearen bidez. Hala ere, Errigorak azaldu duenez «oraindik Nafarroako hegoaldean euskarak dituen erronkak oso handiak dira eta inoiz baino garrantzitsuagoa da urriaren 25etik azaroaren 14ra saskiak eskatu eta denon artean putz egitea gure hizkuntzak hegan egin dezan».

Nafarroako erriberako nekazaritza eta euskara bultzatzeko xedez sortutako egitasmoa da Errigora. Bertako ekoizpenaz gozatzeaz gain, udazkeneko kanpaina honetan saldutako saskiekin irabazitakoaren %25 Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara bideratuko da, auzolanari esker.

Urola Kostan ere, hainbat eragilek lagunduta, herriz herri saskiak eskatzeko aukerak jarri dituzte hainbat lekutan, aurreko Errigoraren kanpainetan bezala. Hala, azaroaren 14ra bitartean egongo da saskiak eskatzeko aukera. Eta, Internetez eskaera egin nahi dutenek, Errigora.eus webgunearen bidez egin dezakete.

Azkeneko kanpainetan bezala, Nafarroa hegoaldeko 23 ekoizleren produktuekin osatutako bi saski izango dira aukeran: beltza (Errigoraren saski klasikoa: oliba olio birjina, ozpina, mahats zukua, orburu bihotzak, piper txorizero mamia,
potxak, ardo beltza, zainzuri zuriak, borraja, pikillo piper osoak, arbendolak, melokotoia almibarrean eta tomate frijitua) eta zuria (berritasunak eta produktu bereziagoak dituena: pikillo saltsa, pasta, pikillo piper osoak, orburuak, zainzuri zuriak, ardo beltza, zainzuri krema, piperrada, ozpina, arroza, teilak, ardo eta kanela pastak eta txokolatezko cookieak). Horietako saski bakoitza 50 eurotan eros daiteke.

ERRIGORAREN KANPAINA
– Saskiak eskatzeko tokiak Urola Kostan herriz herri:
– Azkoitia. Azkoitiko AEK euskaltegian eta Maxixatzen euskaldunon elkartean.
– Azpeitia. Elkargunean, Elikagunean, Orkatz kultur elkartean, Baigera jubilatuen eta pentsionisten elkartean eta Azpeitiko Ikastola Ikasberrin.
– Getaria. Botikan eta drogerian eskatu daitezke saskiak.  Getarian Errigoraren kanpaina sustatzen ari den Eskubide Sozialen Kartak saskiak eskatzeko mahaia jarriko du azaroaren 5ean eta 6an, 18:30etik 20:00etara, Berdura plazan.
– Orio. Karkarako bulegoan, Orioko AEK euskaltegian eta Orioko Herri Ikastolan.
Zarautz. Eguzki tabernan, Lakarin, Orokieta ikastetxean, Oteitza lizeoan, Salbatore Mitxelena Ikastolan, Txomin Agirre AEK euskaltegian eta Zarautzeko Errigoraren Gunean (Urdaneta bidea 13).
– Zestoa. Zestoako AEK euskaltegian eta Portale Kultur Elkartean.
– Zumaia. Inpernupen eta Zumaiako AEK euskaltegian.
– Internetez eskaerak egiteko: Errigora.eus webgunean.

– Saskiak jasotzeko egunak: Azaroaren 29tik abenduaren 4ra banatuko dituzte eskatutako saskiak.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend