Getariako hilerriko beilatokia aurkeztu dute Santu Guztien Egunez

Duela ia urtebete hasi ziren eraikuntza lanak, eta gaur aurkeztu dute beilatokia. 140.000 euroko kostua izan dute eraikuntza lanek. Zerbitzua herrian bertan ematea da proiektuaren asmoa.
IMG_3186

Santu Guztien Egunez Getariako beilatokia aurkeztu du udal gobernuak. (Argazkia: Maria Maya Manterola

Erosotegi enpresak otsailerako eraikuntza bukatu bazuen ere, Santu Guztien Egunez aurkeztu dute gaur Getariako hilerriko beilatokia. Getariarrei zerbitzua herrian bertan eskaintzeko asmoz abiatu zuen proiektua udal gobernuak duela hiru urte. Hilerrian izan dira Nika Lertxundi Getariako alkatea eta udal gobernuko ordezkariak, beilatokia herritarrei zabaldu eta zerbitzuaren inguruko xehetasunak ematen.

140.000 euroko kostua izan du obrak. “Altzarietan ere inbertsioa egin dugu, beste 7.600 euro. Hirugarren adinekoentzat aproposak diren eserlekuak jarri ditugu, gogorrak eta altuera dutenak”, dio Lertxundik. Haren hitzetan, 275 euroko tasa izango du beilatokiak, eta 155 eurokoa hileta zibilenak. Ehorzketaren tasa bat igo dutela ere azaldu du Lertxundik: “Egunez izanez gero, 113 euroko tasa izango du zerbitzuak. Arratsaldez, aldiz, 170 eurora igoko da”. Arratsaldeko ehorzketetan kostua igo egiten dela azaldu du, udaletxeko brigadako langileak goizez beren lan ordutan daudelako.

“Azken zortzi urte hauetako ibilbidean haurtzaindegi berria, eguneko zentro berria, erretiratuen elkarte berritua, kiroldegi berritua eta orain, agur bat egiteko toki bat ere badugu”. Alkateak azaldu duenez, herritarrek Getarian bertan “jaio, bizi eta agurtzeko” aukera dute orain.

Epe motz batean, hileta zibil kopurua igoko dela uste du udal gobernuak.

 

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend