Maitane Subijana ‘PUNTUKA’: ‘Eskubidea bat baita’

Askotan kosta egiten zaigu zein jarrera hartu jakitea, hautu bat hartzea, eta erabakitako hori praktikan jartzea zer esanik ez.  Askotan kosta egiten zaigu zalantzak izatea, zalantzari bere tarte bat eskaintzea. Baina kontraesan guztien gainetik zalantzetan katigatuta bizi gara, eta soka horri tiraka errenkadan erortzen diren domino piezak legez logikarik ez duten jarrerak arrazoitzen erortzen da azken dominoko pieza.  Eta gu hor gabiltza orain ona eta orain hara, zu belarriprest eta ni ahobibizi. Abestiari jarraiki hartu kontrola eta aukeratu rola… telebista piztu eta zuk izena eman al duzu?

Mundu honetan despistaturik ez da falta-eta badaezpada Euskaraldiaz naiz mintzo.

Lur honetan euskaraz gehienek badakite, lehen baino gehiagok bai behintzat. Euskararen ezagutzak gora egin du, baina afarietan gazteleraz barra-barra, eta euskal jaietan aupa Maurizia, baina beste 365 egunez ezer ere ez.

Ez da oraingoa gure euskararen krisia, eta erabilerak behera egin duen honetan hilabete barru 11 egunetan zehar egingo den ariketa soziala dugu Euskaraldia. Badut kezka euskararen normalizazioaren ardura ez ote duen herritarraren bizkar jartzen, eta ez gobernuarengan edo horiek bideratzen duten hizkuntza politikarengan. Badut kezka EAJk Euskaraldiarekin dituen benetako helburuak zein ote diren, zergatik babesten ote duen hain sutsuki.

Arestian esan dut kosta egiten zaigula zein jarrera hartu erabakitzea, eta niri bederen kosta zait Euskaraldia ulertzea, kosta zait honen guztiaren atzean zer dagoen ulertzea, kosta zait izena ematea.

Zalantzak sortzen dizkit astebeteko ariketa batek zein neurritan alda dezaken joera, nor izango den polizia eta nor epaitua. 60.000 lagunek baino gehiagok eman dute jada izena Euskaraldirako, ez da zifra makala, eta pozten naiz euskararen aldeko ekimen batean hainbeste jende animatzea, baina ez dakit horiek guztietatik zenbatek hartuko duten benetako konpromisoa, zenbatek lortuko duten erdararako «inertziak» apurtzea, zenbatek utziko dituzten lotsak eta beldurrak albo batera eta euskaraz ozen egingo duten.

Izan ere porke ni naiz euskaldun, pero kuadrilakoekin gazteleraz que ya sabes nos entendemos mejor, eta atzerritar bat ikustean haserre porke joder kaixo esan eta ez du ulertzen…

Euskaltzalea izaki sentitzen naiz polizia, baina zoritxarrez askotan non eta norekin gu ere ez gara atzean geratzen.

Zer da obligazioa, eta zer borondatea?

Euskaldunok zailtasunak hor ditugu, beti izan ditugu, baina sarri askotan zailtasunei aurre egiteko nahiak borondatearekin du lotura, horregatik hamaika egun horietan parte hartuko duten herritar kopuruak baino parte hartzaileen kalitateak izango du garrantzi handiagoa. Eta funtsean euskararen alde egiten den oro izango da ongi etorria, ezer ez dagoelako soberan, eta euri tanta batekin hasten baitira putzurik handienak ere.

Horregatik ni Ahobizi izango naiz, eta zu?

Guztion artean egin behar dugu, baina bakoitzak berea, ez baita berdina izango Azpeitian, Itsasun, Guardian edo Erriberrin.

Gure arteko ariketa esperimental honek kalterik egingo ez duelako, har dezagun aho eta belarrien indarra, batzuetan mesedegarri baitugu polizia izan beharra, eta 11 egunetan zabaldutako ateek jarrai dezatela hamabi, hamahiru eta datorren urte dena, izan ere askotan ahaztu egiten baitzaigu euskara eskubide bat dela.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend