Belaunaldiz belaunaldi, eguneroko bizitza idien artean

Alejandro Olidenek 60ko hamarkada hasieran lehen idia ekarri zuenetik, Ortzaikako familiako ondorengoek segida eman diote tradizioari. Gaur egun, olidendarren idiak ezagunak dira Euskal Herriko probalekuetan, eta haien "hitzetan etorkizunean ere bai, inongo okerrik ez bada."

Iñaki OlidenBatista Olidenek hamahiru Kontxako bandera irabazi zituen 1934 eta 1955 urteen artean. Orduan, estropalariek teknika kuriosoak erabiltzen zituzten entrenamendu saioak egiteko; Batistaren ilobak, Iñakik, harridura handiarekin gogoratzen du horietako bat: “Osabak kiloak hartzeko joera zuen, eta estropadak baino egun batzuk lehenago, sauna moduko muntaketa bat egiten zuen etxeko sukaldean: Michelin fabrikako gomazko zinta batzuk lotzen zituen tripa eta gerri aldean, eta labea pizten zuen. Aulki batean eseri, makurtu, eta burua eskuoihalarekin tapatuta, labeak botatzen zuen berotan ematen zituen minutu batzuk, nahikoa izerditu bitartean”.

Hamarkadaz hamarkada estropalarien entrenatzeko modua, eta orokorrean, arrauna bera, asko aldatu dira; Oliden aita-semeen iritziz, garai zaharretatik gaurdaino idi-demetan eman den eboluzioa ere handia izan da; beren familiako hiru jenerazio izan dira horren lekuko.

Alejandro
Alejandro Oliden Ortzaikan jaio zen, eta han bizi izan zen herrira etorri aurretik. Garai hartan, auzoan idiekin aritzeko afizioa zuten, eta hango giroak sortu zion bere animaliak izateko gogoa.

“Gure aita estropalaria ere izan zen, bost Kontxa irabazi zituen. Haren hitzetan, beren gazte garaian Orion ez zen arrauna beste konturik, eta horrek bultza zuen traineruan sartzera. Hark, ordea, ez zuen bere burua arraunlari petotzat”, dio Iñakik. Alejandrok eta Nati Etxezarreta emazteak harategia ireki zuten Orion 1959an. Burgoseko hiltegi batera jenero bila egindako bidaietako batean, gustuko idi bat ikusi zuen. Handik egun gutxira, herrian zen animalia.

Iñaki eta etxekoentzat, egun oso berezia izan zen hura: “Dema jokoan hasitakoan, aitak arraun kontuak betirako laga zituen. Idia lehenago ekarri izan balu, arrauna probatu ere ez zuela egingo esaten zigun”.

Idiak igeri Motondoraino
Ortzaika auzoan, beste leku askotan bezala, ohikoa zen idiak baserriko lanetarako erabiltzea. Olidendarrek, auzoko lursailez gain Motondo aldeko baratzak ere goldetzen zituzten, eta horretarako, idiek errioa gurutzatzen zuten; animalia bat alaren gainean pasatzen zen ibaiertz batetik bestera. Bigarrenak, berriz, igerian gurutzatzen zuen ibaia alderik alde, embarkazio txikiaren atzetik. Iñakik hamabi urte zituen aitak demarako lehen idia ekarri zuenean, eta bera ere berehala zaletu zen.

“Guretzat, umetan, bizigarri ederra izan zen animalia hura, amari grazia handiegirik egin ez arren”, gogoratu du. Apustu munduari usain txarra hartzen zion Natik, eta senarra giro horretan sartu zitekeenaren errezeloak, ezinegona eragiten zion. Hala ere, ez zen halakorik gertatu. “Nire aita, semea eta hirurok lehiaketa, apustu eta erakustaldietan bete betean sartuta ibili gara urte luzez, baina sekula ez dugu dirua jokatzeko biziorik izan”.

Psikologiaren garrantzia idi-deman
Iñakiren semeak, Iñaki hau ere, hamalau urterekin jokatu zuen lehen dema erakustaldia, oraindik txapelketa ofizialetan aritzeko gutxiengo adinik ez zuenean.

Gaur 42 urte ditu, eta gutxi dira herri kirol honi berak adina dedikazio eskaini dioten lagunak. Kanpotik begiratuta, idi-deman animaliaren indarrak eta erresistentziak dirudite landu beharreko faktorerik garrantzitsuenak.

Iñakiren iritziz, ordea, ia arreta handiagoarekin zaindu behar da idiaren arlo psikologikoa: “Ordu asko ematen ditut beren jokaerak ulertzen saiatzen. Animalia bakoitza enigma bat da, eta idien buruan ahalik eta sakonen sartzea da niretzat erronkarik handiena. Horrek pizten dit lanean jarraitzeko motibazioa”, azaldu digu.

Umilak, urduriak, harroxkoak, lasaiak… Idi bakoitzak bere nortasuna du, eta probalekuan lan ona egiteko, izaera hori ondo ezagutu behar da: “Itzain lanetan ari denak asmatu egin behar du idiaren onena ateratzen; horretarako, nahitaezkoa da animaliaren motibazioa edo animoa behar bezala egotea. Noski, idiak ere ulertu egin behar du bera gidatzen ari den pertsonak zer eskatzen dion. Dema,azken finean, gizakiaren eta animaliaren arteko elkar ulertzea da. Komunikazio hori ondo gauzatu dadin, idiak dira eskola onena”.

Iñakik denborarekin ikasi du hori: “Animaliari begiratzen ikasiz gero, hark erakutsiko dizu hura nola tratatu. Baina horretarako, denbora asko eman behar da haiekin”. Hondartzara bideko txabolan, olidendarrek hamar idiko hazienda dute. Animalia bakoitzari aginduak emateko, Iñakik hitz solteak erabiltzen ditu: etorri, aida, pasa,… Normalean, berehala erreakzionatzen dute. “Hitzak baino garrantzia gehiago du tonuak. Asko zaindu behar da ahotsaren tinbrea hitz egiterakoan. Aginduak jaso eta duten berehalako erreakzioa ikusita, idiak azkarrak direla ondoriozta daiteke. Hobe tontoagoak balira!”, oihu egin du aitak atetik. Azkarrago beteko lukete esandakoa.

Idiaren begiratua
Arrantzale zaharrak nahi-beste xehetasun aurkituko dizkio, lehen begiratuan, bare-bare ageri den itsaso zatiari. Iñaki semeak begiradaren zorroztasun bera du etzanda, deskantsatzen, ia berdinak diruditen bi idiekin.

Animaliaren altuera, luzera, zabalera, larruazala, buztana, hankak, lepoaldea… Idiaren atal fisiko desberdinei erreparatzeaz gain, bada berarentzat garrantzia duen beste ezaugarri bat: begiratua. Horri erreparatuz, Iñakik atera dezake animaliaren izaeraren aztarnaren bat. “Ezagutzen ez ditudan pertsona eta idia aurrean jarrita, errazago hartuko diot tankera bigarrenari”, bota du ironiaz.

Etxean egindako uztarriak
Azken urteetan uztarriak egiten ikasi du Iñaki semeak. Bere esanetan, horri esker bere idiek errendimendu hobea ematen dute lehiaketetan: “Dema munduan sakontzen joateko beste urrats bat izan da uztarriak egiten ikastea. Lehen, derrigor, uztarri-egileari deitu behar izaten genion. Hori da ohikoena, idien ia jabe gehienek egiten dutena. Ez da erraza enbor zati batetik abiatuz halako pieza bat sortzea, zehaztasun handia eskatzen duen artisau lana da”.

Garai batean, idiak lanerako ibiltzen ziren, eta tarteka lehiaketak jokatzen zituzten. Orain, berriz, idiak deman aritzeko bakarrik dituzte jabe gehienek: “Horregatik, uztarri zaharrak zabalagoak ziren, idiak lanean elkarrengandik libreago ibiltzeko. Orain estuagoak dira, deman hobeto aritzeko. Beharbada, materialari dagokionean, hori da eman den aldaketa nabarmenena”.

“Idiek sufritu, arraunlariek Kontxan bezala!”
Azken urtetan, zeresan handia eman du gizartean kirol edo ospakizunetan animaliek jasotzen duten tratuak. Gaiak ertz eta erpin zorrotz asko ditu, eta kontuz jarri dugu mahai gainean. Errezelorik gabe, Iñaki gazteak titular batekin erantzun digu: “Nire burua baino hobeto zaintzen ditut idiak!” Animaliek bizimodu ona dutela dio. “Egunero, goizeko zazpietarako etortzen naiz ukuilura, eta jana ematen diedan bitartean, adi-adi egoten naiz ea eztula, hankaren batekin erren, botaka edo ezer arrarorik egiten duten. Edozein txikikeria atzemandakoan, albaitariari deitzen diot berehala”.

“Ukuiluan animaliei ematen zaien tratua ez du jendeak ikusten, baina probalekuetakoa bai. Han, makilakada eta ziztada handiak jaso izan dituzte idiek”. Aitaren hitzetan, oraingo egoerak ez du lehengoarekin zerikusirik. “Lehen, animaliek egurra jasotzen zuten, hori ukaezina da. Ezagutu izan dut apustu bat irabazteagatik animaliei edozer egiteko prest zegoen jendea. Hura ez zen bidezkoa”.

Azken urteetan, inoiz idiren bat probalekuan zerraldo geratu dela eta, polemika handiak izan dira, eta idi-zaleei akusazio gogorrak egin zaizkie: “Tristeena, batzuen jokaeraren ondorioz denoi jartzen zaigun fama txarra da, kexatu da Iñaki gaztea. Interneten, batez ere, jendeak epai moralak erraz egiten ditu, gaiaren benetako ezagutzarik izan gabe, eta hori mingarria gerta daiteke”.

Ukuiluko eguneroko martxan ez, baina beren idiek probetan sentitzen duten sufrimendu mailaz galdetuta, aitak bizi erantzun digu: “Estropalariek Kontxako estropadan bezala! Nekatu egiten dira, noski, baina gureek behintzat ez dute hortik haragoko minik hartzen”.

Aia, etxeko plaza
“Oriotarra izan arren, Aiako probalekua etxeko plaza da niretzat”, dio Iñaki semeak. Leku berezia da berarentzat. “Duela urte gutxira arte, ez nuen lortzen han txapelketa ofizialik irabaztea. Ez dakit, ilusio gehien egiten zidan lehiaketa zelako-edo, irrika gehiegi izaten nuen, eta beti suertatzen zitzaidan ezustekoren bat”.

Azaroaren 1, 3 eta 5ean XIX. Kintopeko idi probak jokatuko dira Aian. Saizar sariketarako puntuagarriak izango dira lehia hauek. Iñakik hirugarren egunean parte hartuko du, astelehenean. Oraindik ere, proba batzuk astegunean izan arren, jendetza juntatzen da herrian. “Bizkaiko idiak ere etortzen dira lehiatzera, eta hango jende asko erakartzen dute. 300-400 ikusle juntatzeko ez da asko behar izaten”, gehitu du Iñakik.

Itxura guztien arabera, etorkizunean idi-demak izaten segituko dugu: “Duela urte batzuk galdetu izan bazenit, agian ezetz erantzungo nizuke, baina orain, gazte jendea ikusten da probalekuetan. Nik, okerrik ez bada, hil artean izango ditut idiak. Txapelketa egunetan ez dut asko gozatzen, baina eguneroko lanean bai. Idiek asko irakatsi didate bizitzaz; pertsona bezala hazten lagundu didate”.

Bazkalostea ederra joan da olidendarrek palotetan duten txabolan. “Maitasuna eta errespetua” dira elkarrizketatuek idiei erreferentzia egiterakoan gehien erabili dituzten hitzak. Aita-semeek bi balio horietan oinarritzen dute bi adarreko animalia harrigarri hauekin duten harremana.

Bukatu aurretik, olidendarrek herritar orori luzatu diote txabolara gerturatu eta beren mundutxoa gertuagotik ezagutzeko gonbita.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend