Harri baten dantza

Azaroaren lehen egunarekin batera, Arantzazuko santutegirako bidea hartu zuen Jorge Oteiza eskultoreak 1968an. Hamalau urtez, bide bazterrean botata egon ziren santutegiaren fatxadarako diseinatu zituen hamalau apostoluak, utzita. Lana bukatzera itzuli zen. Atzo bete ziren 50 urte.
Oteiza

Oteiza Museoa/Berria

Hizkiz eta marrazkiz beteriko ohar liburua. Tituluan, bi hitz: `Frisoaren balleta´. «Mailuaren eta zizelaren hotsa meza doinuekin batera». Karratu zirriborroak. «14 ate dantzariak ateratzeko». Geziak karratuen azpialdera. «Debekua: sartu egiten dira». Jorge Oteizak idatzitako oharrak dira. Mailua eta zizela kendu zizkioten Oteizari, 1954an, Elizak debekatu egin baitzuen Arantzazuko santutegiaren aurrealderako egiten ari zen frisoa. Apostoluek hamalau urte eman zuten Arantzazurako bide bazterrean. Bukatu gabe, eta bide ertzean botata. Utzita. Galarazpenak sortutako frustrazioak bideratu nahian edo, ballet pieza sortu zuen eskultoreak: Androkantu eta segi: balleta, errepidean dauden apostoluen harriengatik. Poema bana idatzi zien hamalau apostoluei. Hamalau urte igaro ondoren itzuli zen lurrean ziren eskulturak altxatzera. Honela dio 1968ko urriaren 31ko Arantzazuko santutegiaren kronikak: «Oteizak bere lanari ekin dio berriz. […] Asko eztabaidatu da eta zigortuta ere egon da estatua horiek moldeatzeko erabilitako formaz».

1968ko azaroaren 2a, Arantzazuko santutegian. Mahai beraren bueltan, Juan Zubieta frantziskotarra eta Oteiza eskultorea. Kontratu bat dute aurrean, hamalau urte lehenago diseinatutako Apostoluen frisoa behin betiko bukatzeko baldintzak jasotzen dituena. Ez batak, ez besteak ez zuten sinatu dokumentua. Sinadurarik gabe gorde da, hutsik, Arantzazuko artxibategian. Hutsunearen zergatiak 1983an Oteizak argitaratutako Ejercicios espirituales en un tunel. En busca y encuentro de nuestra identidad perdida (Gogo jardunak tunel batean. Gure nortasun galdua bilatuz eta topatuz) idazlanean ageri dira. Honela dio: «Nik, ahal dudan guztietan, ez dut sinatzen, eta azaltzen dut eskuan dudala nik hitza. Arantzazun, bete ez ziren bi kontratu sinatu izanaz nekatuta, uko egin nion hirugarrena sinatzeari, eta nire hitza ematen nuela esan nuen».

Minduta itzuli zen eskultorea Oñatira, Elena Martin Oteiza Museoko ikertzailearen arabera. «Ulertu beharra dago artistak zuen frustrazioaren neurria. Urteak igaro ahala, bere lana bide bazterrean utzita eta bukatu gabe dagoela ikusten baitzuen». Jon Etxeberria ikerlaria bat dator. «Ez zuen itzuli nahi. Santutegiaren fatxada zegoen bezala utzi nahi zuen: hutsik». Oteizaren lagun min Miguel Pelay Orozkok ere eskultorearen ezinak idatzi zituen: «Horrenbeste urtez itxaron izanak sakon samindu zuen haren ilusioa, eta ez zuen ezer jakin nahi Arantzazura itzultzeari buruz. […] Jorgek zioen, hutsunea, estatuarik ez jartzea, ederragoa eta esanguratsuagoa zela orduan; […] betirako amaitutzat jo zuen bere eskultura zikloa».

Zeri eutsi ez zuten burdinazko euskarri herdoilduak besterik ez zuen basilikaren fatxadak 1968an. Metro batzuk beherago, Azkartzako biribilgunearen bazterrean, berriz, hamalau marmol zati lurrean botata. Markina-Xemeindik eramandako harriak ari zen Oteiza lantzen. Honela azaldu du Martinek: «Hamalau apostoluetatik, lau landuta zeuden; beste bat erdi leunduta zegoen, baina gainontzeko bederatziak harri blokeak besterik ez ziren».

Artelana behar zuena haurren parke bihurtu zela zioen Joseba Longartek, auzoko Zelai Zabal ostatuko tabernariak. «Haurrek eguzkia hartzen zuten harrietan, igeltsuarekin margotzen zituzten, eta ostendu egiten ziren […]. Harriak zituzten hutsuneetan eseri, eta salto ere egiten zuten, apostoluetara igota». Artelanaren bukaeraren hasiera izan zen 1968ko azaroa: orduan hartu zuten harriek tailerrerako bidea, berriz.

Erresistentziaren ikurra

Oteizaren apostoluak bide bazterrera nola heldu ziren ulertzeko, nazioarteko testuinguruari erreparatu behar zaiola uste du Etxebarriak: II. Mundu Gerraren ondoren hondakin artean zegoen Europari, alegia. Elizak berreraikitzeko eta zaharberritzeko lanek sortutako eztabaida izan du Etxebarriak hizpide. «Artea erlijioaren eraginetik askatzearen aldekoen eta aurkakoen arteko eztabaida zegoen orduan». Elizak ez zuen onartu modernitatea, eta arte berriaren ibilbidetik urrundu zen horregatik.

Testua irakurtzen jarraitzeko, egin klik hemen.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend