Santiago Banda: “Eliza askotan organoak kendu eta teklatu modernoak jarri dituzte jada. Zoritxarrez”

Gaztea zela Bachen Tocata eta fuga entzun zuen eta organoaz maitemindu zen. 38 urteko zumaiar honek organoko kontzertu ugari eman ditu eta instrumentu hau irakasten du Donostiako Kontserbatorioan.

santiago bandaFlysch organo jaialdiaren sortzaileetakoa eta antolatzaileetakoa ere bada Santiago Banda.

Zer adinekin hasi zinen musika munduan?

8 bat urte izango nituen. Forondan klaseak ematen zirela dut gogoan, eta hara joaten hasi nintzen. Bi urte egin nituen han. Baina nik pianoa jo nahi nuen, eta han ez zuten ematen. Zumaian bazegoen akademia bat, Carmelo Mendizabalena, eta han hasi nintzen pianoa ikasten.

Zuen etxean ba al zegoen musikazaletasunik?

Ez. Baina amak esan ohi zidan gure aitonak eskusoinua jotzen zuela. Amaren aita zen eta portugaldarra zen. Oso txikia nintzela etorri zen behin, baina ez nuen aitona ezagutzeko aukerarik izan.

Organora egin zenuen salto. Zer zuen organoak pianoak ez zuena?

Lagun baten etxera joaten nintzen diskoak entzutera. Garai hartan dena nuen deskubritzeko. Pieza bat ea ezagutzen zuen galdetu nion. Bachen Tocata eta fuga zen. Diskoa jarri zidan eta txundituta geratu nintzen. Zinta batean grabatzeko eskatu nion eta etxean egunero entzun nuen. Maitemindu egin nintzen eta organoa jo nahi nuela esan nuen. Donostiako Kontserbatoriora joan nintzen eta 16 urterekin hasi nintzen ikasten.

Noiz arte jarraitu zenuen ikasketekin?

Kontserbatorioa amaitu ondoren, klabezina ikasi nuen Musikenen. Hura bukatu ondoren Alemaniara joan nintzen organoa ikastera eta orain arte. Baina hau etengabea da. Kurtsoekin eta klaseak ematen beti ikasten da.

Zer behar da organista izateko?

Organoa jotzeko gaitasun berezi batzuk behar dira. Organoa haize instrumentua da; pianoa, berriz, sokak dituen perkusio instrumentua. Teklatua jotzen badakizu bidea eginda daukazu, baina organoa eskuekin eta oinekin jotzen da eta koordinazio handia behar da.

Gogoratzen al duzu zein izan zen eman zenuen lehen kontzertua?

Zumaiako parrokian izango zen. Kontzertuetan beti izaten da beldurra, hasieran gehienbat, baina nire kasuan beste sentsazio bat izan nuen: boteretsu sentitu nintzen, orkestra bat nire eskuetan izango banu bezala. Hala sentitzen naiz organoa jotzean, zuzendari bat banintz bezala.

Orkestra bat eskuetan…, magikoa ere bada.

Bai, bai. Tutuei eusten dien kutxa hermetikoari sekretu ere deitzen zaio. Hor barruan dagoenak bihurtzen du magikoa. Tutu nimiñoak daude, eta baita oso handiak. Handiena 12 metrokoa izan daiteke eta txikiena zentimetro gutxi batzuetakoa.

Eman dituzun kontzertuetatik ba al duzu bat edo beste asebete zaituena?

Egon dira batzuk, bai. Zumaian bertan emandakoak, edo Getarian Flysch jaialdiaren barruan eman nuena, adibidez. Baina leku gehiagotan ere izan naiz jotzen.

Organo bereziren bat jotzeko ametsik ba al duzu?

Hori beti. Holandan eta Alemanian dauden antzinako organoetan jotzea geratzen zait. Aurrez aipatu dudan diskoa, Tocata eta fugarena, antzinako organo batean jota dago, eta halako bat jotzea amesten dut. Ikaragarrizko soinua dute, eta, aldi berean, oso polita.

Kendu nabarmendutako irudia

Elizarekin eta mezarekin lotzen da organoa…

Organoa Kristo aurreko V. mendean asmatu zuten eta elizetan Kristo ondorengoko XIII. mendean sartu zen. Hau da, sortu eta 18 mendera. Azkenaldian badago erlijioarekin halako talka bat, urrutiratze bat, eta organo kontzertuak ere bide horretatik eraman nahi dira. Baina, noski, organoaren estetika erlijioarekin lotuta dago. Kontzertuetan bestelako piezak ere jotzen ditugu, organorako egindako orkestren moldaketak, adibidez.

Kostaldeko herrietako organoak ezagutzera emateko Flysch jaialdia sortu zenuten.

Bai, eta aurten hirugarrengoa egin dugu. Organo oso onak ditugu hemen, elizetan aurki ditzakegun beste objektuak bezain onak. Bisita gidatuetan erretaulak eta kaperak erakusten dituzte, baina organoak ez. Zergatik ez dira erakusten haiek ere, altxorrak baldin badira? Gehienak XIX. mendekoak dira. Ideia bat egiteko, Stradivarius biolinen mailakoak dira. Gero, noski, organoak jo egin behar dira, horretarako sortu zituzten eta.

Instrumentu moldakorra al da organoa?

Oso moldakorra. Flysch jaialdian beste musika diziplina batzuekin lotzeko saiakera egiten dugu. Iaz jazzeko musikari bat ekarri genuen Madrildik Getariara, eta organoarekin jotako jazz kontzertua eman zuen. Izugarria izan zen.

Teknologia etengabe doa aurrera. Egunen batean lortuko al da Casio batekin XIX. mendeko organo baten soinua lortzea?

Hori lortu da. Ez da gauza bera, noski. Orain urte batzuk hasi ziren organo historikoen tutu bakoitza grabatzen. Gero horiek instrumentu elektronikoetan sintetizatu dituzte. Eliza askotan organoak kendu eta teklatu modernoak jarri dituzte jada. Zoritxarrez.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend