Herritarrentzat onak diren azpiegiturak sustatzen jarraituko duela nabarmendu du Getariako Udal Gobernuak

Getariako EAJk egindako kritikei erantzun dio, EH Bilduko ordezkariek osatzen duten Udal Gobernuak

Getariako EAJk 2019rako udal tasen eta zergen inguruan Udal Gobernuak hartutako erabakia kritikatu du; besteak beste, arratsaldeko ehorzketak %50 garestitu izana salatu dute jelkideek. Kritika horien aurrean, Getariako Udal Gobernuak —EH Bilduko ordezkariek osatzen dute— idatzi bat kaleratu dute. Bertan, azpimarratu dute Getariako herriaren zerbitzuak hobetzeko lanean jardun eta segituko dutela. Beilatokia egiteko prozesuan EAJk hainbat oztopo jarri izana salatu du, eta 2019ko udal tasak eta zergak erabakitzeko orduan jelkideek azaldutako jarrera gaitzetsi du Udal Gobernuak.

“Azken bi agintaldi hauetan, ahalegina egin dugu herritarren eguneroko bizitzarako funtsezkotzat jotzen ditugun hainbat azpiegitura berritzeko, hala nola, anbulatorioa, eguneko zentroa, haur eskola, liburutegia eta erretiratu eta pentsiodunen elkartea. Eta noski, beilatokiaren proiektua bide horretan egindako beste urrats bat izan da guretzat hasieratik. Herritarrei zerbitzu berri bat eskaintzea izan da gure helburua”, adierazi du Udal Gobernuak.

Herritarren aurrean aurkeztu berri duten hilerriko beilatokiaren inguruan honakoa adierazi du EH Bilduk: “Duela zazpi urteko egoera ekonomiko kaskarrarekin, ezinezkoa zen horrelako inbertsio bat egitea. Kudeaketa ekonomiko on baten ondorioz, ordea, egingarri bihurtu dugu lehen ezinezkoa zena. Hala, hiru urteko lanketaren ondoren, azaroaren 1ean zabaldu zituen ateak beilatokiak”.

Beilatokia egin bitarteko prozesuan EAJk hainbat kritika egin eta oztopo jarri dituela salatu dute EH Bilduko udal ordezkariek. “Jarrera oztopatzaile horren adibide dira, udal tasen eta zergen gaia modu partzial eta interesatuan erabiliz azken egunetan egin dituzten adierazpenak; beste behin ere, herritarren artean nahasmena eta zalaparta sortzeko helburuz egindakoak, hain zuzen”.

EAJk egindako adierazpinen aurrean, hainbat kontu argitu nahi izan ditu Udal Gobernuak: “Beilatokiaren erabilera tasa inguruko herrien ia berdina da: 275 euro. Arratsaldez ehorzteko kostua %50 igo da —113 euro kostatzen da goizez eta 170 euro arratsaldez—. Arratsaldez, brigadako langileen lan orduek ere kostu handiagoa eragiten diote Getariako Udalari. Eta, nahiz eta arratsaldeko kostua igo, ez da kostu osoa estaltzen. EAJk kritikatu dituen gainerako % 2,1eko igoerek ez diote hilerriarekin loturiko tasei soilik eragiten; herriko ia tasa guztiei eragingo dien irizpidea izan da hori”. Azalpen horiek guztiak eman ondoren, EAJri hainbat galdera zuzendu dizkio Udal Gobernuak: “Nork du beilatokiarekin fijazioa? Non ikusten du udalak negozioa egiteko intentzioa? Ondoko herrietan zilegi dena zergatik ez du ondo ikusten Getarian?”.

“EAJko udal taldearen jarrera onartezina da”

Horrez gain, EAJk udal zergen eta tasen gaian duen jarrera kritikatu du Udal Gobernuak. “Gaia lantzeko egin zen batzordera eta, ondoren, ordenantza fiskalen inguruko erabakia hartzeko egindako udalbatzarrera ez ziren azaldu EAJko kideak; ez batean ez bestean ez zuten parte hartu”.  Proposamen bat adosteko “borondate falta” egotzi diote EAJko udal taldeari. “Jarrera onartezina da, gure iritziz. Edozein kargu publikotan gaudenok ezinbestekoa dugu guk ordezkatzen ditugun herritarrekiko errespetua; haiekiko konpromisoa dugu. Baina badirudi EAJri ez zaizkiola gehiegi axola berak ordezkatzen dituen herritarrak, eta hori beraien erantzukizuna da”.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend