“Orioko tumuluak Egiptoko piramideen garaikideak dira”

Bentako merendoaren parean, Lusarbe auzoan, tumulu kontzentrazio handia aurkitzen da: Tontortxikiko Tumuluak dira. 5.000 bat urte dituzten hilobi-multzo hauek 1982an aurkitu ziren. Azken urteetan, Orioko Udalak eremu horren garbiketa lanetan lagundu du. Luis del Barrio Gipuzkoako ondare arkeologikoaren dibulgatzailearen esanetan, izugarrizko altxorra du Oriok. Herriko aztarnarik zaharrenak dira Tontortxikiko elementu hauek; edonork bisita ditzake, paraje ezin hobe honetan.

tumuluakTontortxiki izeneko parajean, Igeldoko Estazio Megalitikoan, Orioko udalerriari dagokion zoruan,  atentzioa ematen du panel erraldoi batean ageri diren prehistoriako  gizon-emakumeen marrazkiak. Luis del Barrio Gipuzkoako ondare arkeologikoa zabaltzeaz arduratzen da.  Bere esanetan, orain dela 5000 urte transhumantzia egin eta ehizan ibiltzen ziren gizon-emakumeek beren komunitateko hildakoak harriz jositako hilobietan lurperatzen zituzten.  “Mendi honetan 1982an Prehistoriako lau hilobi aurkitu ziren; tumulu izena hartzen dute. Zer dira tumuluak? Hobiak dira, eta bertan giza hezurdurak –gaur egungo panteoien antzerakoak–, edo gorpuen errautsak –errausketa– aurki daitezke. Ez dakigu zehazki tumulu hauetan errautsak edo gorpuak dauden gordeta. Indusketa arkeologiko bat egin beharko litzateke horretarako. Baina, ezbairik gabe, balio arkeologiko izugarria duen eremua da honakoa”.

Zenbat urte izan ditzakete tumulu hauek?
Hilobi hauek 3.000 eta 5.000 urte bitartean eduki ditzakete. Brontze Aroan eraiki ziren. Argi eta garbi ikusten da garai hartan lur eremu honetan giza talde bat zegoela. Ehiza egiteko transhumantzian jarduten zuten. Oraindik ez zuten nekazaritza ezagutzen, ezta abeltzaintza ere. Deigarria da Tontortxikiko eremu hau aukeratu izana beraien hilobiak ezartzeko.

Halaber, bitxia da lau hobi horiek bata bestearen ondoan egotea, distantzia gutxira. Normalena da halako ehorztokiak mendian bakarturik edo isolatuta egotea.

Esan daiteke Orioko aztarna zaharrenak direla Tontortxiko elementuak?
Zalantzarik gabe. Oso gertu, Aian, Altxerriko kobak daude: horiek 18.000 eta 20.000 urte bitarte dituzte. Kasu honetan, Igeldoko mendiko eremu honetan, Orioko Lusarbe auzoan zehazki,  bizilagunak bazeudela frogatuta geratu da, tumulu hauei esker.  Hauek dira orain arte Orioko udalerrian ezagutzen diren aztarna zaharrenak.

1982an eman zen aurkikuntza. Zein urrats eman dira gaur egunera arte prehistoriako hilobi hauek balioan jartzeko?
Gure helburu nagusia da Orioko ondare arkeologikoa dibulgatzea eta gizarteratzea. Urte hauetan guztietan, Orioko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko sailaren laguntzari esker –lur horiek foru erakundearen jabetzakoak dira– urtean bi aldiz hango sastrakak kentzen ditugu tumuluak eta horiek ikusteko bidea garbi mantendu daitezen, edonorentzat bisitatzeko modukoa izan daitekeen baliabide bat izateko.

Aldi berean, Eusko Jaurlaritzako Kultur sailetik emandako diru-laguntza baten bitartez, azken bi urte hauetan indartu egin ditugu garbiketa lanak eta, era berean, ibilbide zabal bat egokitu dugu.

Edonork egin al dezake Lusarbeko edo Bentako merenderoaren parean aurkitzen diren tumuluen ibilbide hori?
Edonork. Bideak ez du inolako zailtasunik. Familiak, adinekoak, talde handiak, edota norbanakoak joan daitezke hara.
Nabarmentzekoak dira proiektu hau aurrera eramateko administrazio publikoak ezarritako xedeak:  inguruneak daukan potentzial turistikoa handitzea; bideak eskaintzen dituen ikuspegi ederrak balioan jartzea –Larrun, Aiako Harriak, Adarra, Ernio eta Izarraitz  mendiak ikus daitezke Tontortxikiko tumuluetatik– eta, noski, eremuak gordetzen duen kultur eta historia ondare aberatsa indarrean jartzea, horrek eskatzen dituen kontserbazio eta dibulgazio lanak aintzat hartuz.  Ibilbidea erraza eta erosoa da. Esate baterako, Lusarbeko merenderoan hamaiketakoa egin, eta ondoren, edo lehenago, parean dagoen sarbidetik, tumuluak bisitatu daitezke. Eguneko plan bikaina.

Ateak eta panelak ere jarri dira bertan.
Bai. Bi sarbide daude merenderoaren parean. Bietan panelak ipini ditugu aurten; bertan eremuak duen balio arkeologikoa agerian ipintzen da, tumuluen historia eta definizioa, kokapen mapa bat,  baita jarraitu beharreko argibideak ere. Azpimarratu nahi dut panelak eta ate berriak jartzea posible izan dela Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak emandako laguntza bati esker.

Tumuluak 1982an aurkitu ziren, eta orain arte ez da mendi ibilbide edota baliabide arkeologiko zein turistiko modura egokitu. Zergatik?
Horrelako zenbait gune daude Gipuzkoan zehar; baina asko eta asko sastraka tartean daude. Gure lana da indusketak egitea eta ondoren, erakunde publikoei aurkitutakoaren txostena erraztea.

Egia esan, txalotzekoa da Orioko Udalak erakutsi duen konpromisoa. Guk aurkeztutako ikerketen emaitzen berri eman genionetik, 2007 inguruan, urtero gune hori garbitzeko eta  balioan jartzeko laguntza eman du. Udal gutxi daude halako inplikazioa erakusten dutenak.

Done Jakue Bidea hor gertu pasatzen da. Azken urteetan erromes fluxua asko hazi da. Horrek eragin al du Tontortxikiko tumuluek izandako bisitari kopuruan?
Bai. Esan dezakegu erromes asko bide ofizialetik zertxobait desbideratzen direla Orioko tumulu hauek bisitatzeko, eta harrituta geratzen dira aurkitzen duten paisaia-multzoa eta altxor arkeologikoarekin.

Orain, 2018 hasieran panelak eta bestelako seinaleztapenak ipini direnetik, egunero 10 bat pertsona etortzen dira, Oriotik,  Usurbildik, Donostiatik, Aiatik… baita Done Jakue Bidea egiten duten hainbat eta hainbat erromes ere, edota Donostiatik Igeldoko errepidea hartu eta lurraldea ezagutzera datozen turistak.

Zergatik ez da oraindik promoziorik egin?
Kontserbazio lanetan aritu gara;  orain, behin ibilbidea behar bezala egokituta, ziur Orioko Udalak dibulgazio eta promozio lanei ekingo diela.

Etxeko ondarea lehenesten al dute herritarrek?
Ez. Elementu hauek ez dira sekula balioan jarri. Orokorrean, ez dugu ezagutzen herrian duguna.
Machu Picchura joateko dirutza gastatzen dugu eta han dagoenaz liluratuta geratzen gara.

Hondakin horiei argazkiak atera eta etxera itzultzean, ingurukoei erakusten dizkiegu , harro-harro. Ez gara ohartzen etxe ondoan, ozeanoa zeharkatu gabe, antzerako elementu arkeologikoak ditugula; kasu batzuetan, atzerriko monumentu edo hondakin ospetsu horiek baino garrantzitsuagoak. Jendea harrituta geratzen da jakitean, hilobi hauek egiten ari zirenean, Egipton piramideak eraikitzen ari zirela. Garaikideak dira.

IGELDOKO ESTAZIO MEGALITIKOA

Igeldoko Estazio Megalitikoa 10 monumentuk osatzen dute. Beraien desberdintasunak berebiziko interesa ematen die, trikuharriz, tumuluz eta bi harrespilez osatuta dagoelarik, Piriniar gune geografikoei dagokien bezala. Guzti hori Kontxako Badiatik Oriora doan kostaldeko katean dago. Tertziario aroko hareharriz osatutako lurra da.

Estazio honetan ondorengo monumentu megalitikoak daude:
– Aitzazate I, Arrobizar eta Iturrietako trikuharriak.
– Tontortxiki I, II, III eta IV ko tumuluak.
– Aitzazate eta Mendizorrotz I eko harrespilak.

Monumentu horiek Brontzea, Eneolitoa, Burdin Aroa eta Neolitoa aroak hartzen dituzte. Estazio Megalitiko honetako elementu guztiak Monumentu Multzo daude izendatuta .

Donostia, Usurbil eta Orioko udalerriak hartzen ditu Igeldoko Estazio Megalitikoak. Zehazki, Tontortxiki I, II, III eta IV tumuluak dira Oriori dagozkionak. Prehistoriako lau hobi-multzo hauek bata bestearen ondoan daude, 500 bat metroko ibilbidean.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend