Haritz Alberdi izango da EH Bilduren Getariako alkategaia datozen udal hauteskundeetan

EH Bilduren hautagaia gaur erabaki eta aurkeztu dute Getarian
Haritz Alberdi (kamiseta morearekin) gaur arratsaldean Getariako EH Bilduren batzarrean.

Haritz Alberdi (kamiseta morearekin) gaur arratsaldean Getariako EH Bilduren batzarrean.

Haritz Alberdi izango da EH Bilduren Getariako alkategaia datozen udal hauteskundeetan. Gaur arratsaldean batzar irekia egin dute, eta bertan aurkeztu dute zerrendaburua, eta han bildutakoek aho batez berretsi dute proposamena. Getariako EH Bildu pozik azaldu da herritarren aldetik batzarrak izandako erantzunarekin.

Alberdi aukeratuta, udan abiatutako “prozesuaren lehen harria” jarri duela adierazi du Getariako EH Bilduk. Koalizioko Getariako Hauteskunde Batzordeak jakinarazi duenez, herritarren artean egindako galdetegiak ezarri ditu proposamenaren oinarriak: “250 lagunetik gora aritu dira azken asteetan beren iritziak azaltzen. Herritarren izen-abizen zehatzak eta alkategai egokiaren ezaugarriak bateratu ditu prozesuak, eta, zenbait izen-abizen atera dira prozesutik”. Behin hori eginda, udal politikagintzan ari direnekin “kontrastatu” duela azaldu du EH Bilduk, eta “herriak ontzat” hartu du Alberdi alkategai izatea. “Boto berde kopuruak ondo frogatzen duen eran, herriaren aukeraketa da”, adierazi du Getariako EH Bilduk.

Haritz Alberdi: “Inurri lana egiteko prest”

Alberdik eskertuta jaso du Getariako alkategai izateko proposamena. Azken urteetan udalgintzaren bidea gertutik jarraitu duela adierazi du, eta Nika Lertxundi Getariako alkateak eta haren taldeak azken bi udal agintaldi hauetan egindako lana baloratu du: “Aldaketa egonkortzera gatoz. Haize alde doa itsasontzia, eta horri eutsi nahi diogu”.

Haritz Alberdi irakaslea da lanbidez. Herrigintzan ere ibilbide luzea du. “Etorkizuneko Getaria egiteko begirada kritiko bat beharrezkoa” dela esan du: “Herritar guztien ordezkaria izan nahi dut, herritarren beharrak ahalik eta ondoen lantzeko”. Horretarako, Alberdik “ezinbestekotzat” jo du herritarren kezkak eta nahiak jasotzea: “Inurri lana da gurea. Sorbaldak elkar ondoan jarri eta eguneroko lanari ekiteko prest gaude”.

Gaur Getariako EH Bilduk egindako batzarra. Haritz Alberdi (kamiseta morearekin) Nika Lertxundi gaur egungo alkatearen ondoan.

Gaur Getariako EH Bilduk egindako batzarra. Haritz Alberdi (kamiseta morearekin) Nika Lertxundi gaur egungo alkatearen ondoan.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend