Juan Joxe Agirrek irabazi du Uztarriaren III. Irudhitzen lehiaketaren argazkien atala

Alberto Beloki, Xanti Rodriguez eta Ainara Garcia argazkilariek osatu dute epaimahaia. Horiek azaldu dutenez, Agirreren argazkia "landutakoa, ondo pentsatutakoa eta konposizio aldetik zaindutakoa" delako nabarmendu dute. Irudi irabazleaz gain, beste hamaika irudi aukeratu dituzte Uztarriaren 2019ko Irudhitzen egutegia osatzeko. Argazkien atala itxita, martxan da testu laburren lehiaketa.
III. Irudhitzen lehiaketaren irudien ataleko argazki irabazlea: 'Euria Loiolan'. (Juan Joxe Agirre)

III. Irudhitzen lehiaketaren irudien ataleko argazki irabazlea: ‘Euria Loiolan’. (Juan Joxe Agirre)

Badu sariduna Azpeitiko Uztarria Komunikazio Taldearen III. Irudhitzen lehiaketaren argazkien atalak, eta Juan Joxe Agirre da bera. Argazkilari azpeitiarrak Loiola inguruetan ateratako Euria Loiolan izeneko irudia nabarmendu du Irudhitzeneko epaimahaiak, eta, horrenbestez, hark jasoko du 150 euroko diru saria. Aurten, Alberto Beloki, Xanti Rodriguez eta Ainara Garcia argazkilariek osatu dute epaimahaia, eta atzo, astelehena, elkartu ziren erabakia hartzeko. Hiru argazkilariak bat etorri dira irudi irabazlea nabarmentzerako unean. Hiru epaimahaikideek azaldu dutenez, Agirreren argazkia “landutakoa, ondo pentsatutakoa eta konposizio aldetik zaindutakoa” delako nabarmendu dute, besteak beste. Hirugarren Irudhitzen lehiaketaren argazkien atalaren gaia Koloreak izan da.

2019ko Irudhitzen egutegia osatzeko, argazki irabazleaz gain beste hamaika irudi aukeratu ditu epaimahaiak. Horrenbestez, Uztarria Komunikazio Taldearen egutegia Juan Joxe Agirreren, Angel Olabarriaren, Irene Larrañagaren, Iñigo Olarteren, Irati Arangurenen, Javier Bastidaren eta Iñaki Etxenagusiaren argazkiek osatuko dute. Argazki guztiak ikusgai, hemen.

Jarri hitzak irudiei

Irudien lehiaketa itxita, martxan da testu laburren lehiaketa. Bigarren atal honetako parte-hartzaileek Rodriguezek, Garciak eta Belokik aukeratutako hamabi argazkiei hitzak jarri beharko dizkiete. Gaur, azaroak 6, zabalduko da hitzak aurkezteko epea, eta hilaren 20an itxiko da. Xabier Gantzarain, Miren Gorrotxategi eta Leire Ostolaza arduratuko dira aurkeztutako testuetatik hamabi nabarmentzeaz. Horietako bat izango da testu irabazlea, eta haren egileak 150 euroko saria eskuratuko du.

Honakoak hauek dira testu lehiaketaren oinarriak:

  • Pertsona bakoitzak gehienez bost irudiri jarri ahal dizkio hitzak.
  • Argazkia oinarri, norberak erabakiko du zertaz idatzi. Argazkiaz, horren gainean egindako hausnarketaz, irudiak eragiten dionaz, sentiarazten dionaz, horren inguruan pentsatzen duenaz…
  • Gehienez 100 hitzeko testuak izan behar dute.
  • Aipatu egin behar da zein argazkiri jarri zaizkion hitzak.
  • Azaroaren 20a izango da testuak bidaltzeko azken eguna. Honako helbidera bidali behar dira testuak: lehiaketakuztarria@gmail.com.
Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend