Urola Kostako osasun langileen ehuneko 15,25ek ez dute dagokien hizkuntz eskakizunik

Urola Kostako 118 langiletatik 18k ez dute hizkuntz eskakizuna. Azpeitiko larrialdi zerbitzuetako beharginen erdiak erdaldunak dira. Zestoako, Aizarnazabalgo eta Getariako pediatra erdalduna da.

UEMA osasun zerbitzu

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko ordezkariek Uema osatzen duten 86 herrietako osasun zerbitzu publikoetako langileen hizkuntz eskakizunak aztertu dituzte, 2018ko ekaineko datuak erabilita. Uemak bi urtez behin egiten du behaketa, eta aurtengoan familia medikuak eta pediatrak ez ezik, erizainak, harrerako langileak eta larrialdi zerbitzuetakoak ere izan dituzte kontuan azterlana egiterakoan. Uema osatzen duten 86 herrietan 616 beharginek egiten dute lan arlo horietan, eta horietatik 133 langilek (%21,6) ez dute hizkuntza eskakizunik.

Urola Kostako bederatzi herri dira Uemako kide: Aizarnazabal, Azpeitia, Beizama, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaia. Azkoitia eta Aia ez dira Uemako kide, eta, beraz, ez dituzte herri horietako osasun zerbitzuak aztertu.Uemako parte diren bederatzi herri horietan 118 familia mediku, pediatra, erizain nahiz harrerako eta larrialdi zerbitzuetako langile aritzen dira beharrean, eta horietatik 18k ez dute dagokien hizkuntz eskakizunik; hau da, langileen %15,25ek.

Eskualdeko herrietako batez bestekoa Uema osatzen duten herri guztien batez bestekoaren azpitik dago, baina, hala ere, badira hutsuneak, eta herritik herrira ere aldeak nabarmenak dira. Azpeitiko eta Zarauzko osasun etxeak dira handienak langile kopuruari dagokionez, eta dagokien hizkuntz eskakizuna duten beharginen kopuruak desberdinak dira batean nahiz bestean. Azpeitian bostetik langile batek ez du hizkuntz eskakizunik, eta Zarautzen langileen %13,63k. Osasun zerbitzu apalagoak eskaintzen dituzten herrietan ere badira aldeak: Zumaian bostetik ia langile batek ez du hizkuntz eskakizunik, eta Zestoan langileen %14,28 da ez duena.

Hainbat hutsune

Uemako kide diren Urola Kostako bederatzi herrietako datuak aztertuz gero, badira euskara bermatuta ez dagoen osasun zerbitzuak. Azpeitiko anbulatorioko larrialdi zerbitzuak dira horren adibiderik garbiena. Hain zuzen ere, Azpeitiko eta Zarauzko anbulatorioetan eskaintzen dute zerbitzu hori, eta ikaragarrizko aldea dago hizkuntz eskakizuna duten bateko eta besteko langileen kopuruan. Izan ere, Azpeitiko larrialdi zerbitzuetan lau medikuk eta lau erizainek egiten dute lan, eta erdiek –bi medikuk eta bi erizainek– ez dute hizkuntz eskakizuna. Zarautzen ere zortzi behargin aritzen dira lanean sail horretan, eta hango kasuan, den-denek dute dagokien hizkuntz eskakizuna. Azpeitiko larrialdi zerbitzuetako datua da denetan ezkorrenetakoa, azpeitiarrei ez ezik, larrialdi zerbitzuetara Azpeitira joaten diren inguruko herrietako biztanleei ere eragiten baitie langileen hizkuntz gaitasunak.
Uemak egin duen azterlaneko emaitzetan bada beste datu ezkor bat ere: Zestoako anbulatorioan pediatra bakarra dago eta erdalduna da. Gainera, mediku horrexek artatzen ditu Getariako eta Aizarnazabalgo haurrak ere. Hori dela eta, herri horietako umeek gaztelaniaz hitz egin behar izaten dute harengana joaten direnean. Herri horietan ez ezik, Zarauzko osasun etxeko hiru pediatretako batek ere  ez du dagokion eskakizuna.

Pediatren egoera aldatu egin da orain bi urtetik hona Azpeitian. Izan ere, orain arte, han lanean aritu diren hiru pediatretako batek ez zuen betetzen hizkuntz eskakizuna, baina aldatu dute, eta hirurak euskaldunak dira gaur egun. Datu horri lotuta, Josu Labaka Uemako lehendakariak nabarmendu du herritarrek urteetan eskatu dutela pediatra guztiak euskaldunak izatea, eta lortu dutela azpimarratu du. Hala eta guztiz, herri batzuetan pediatra euskaldunak ordezkatzera gaztelaniaz hitz egiten dutenak joan izan direla ere azaldu du Uemak, eta gaineratu du halako kasuetan hainbat kexa agertu dutela herritarrek tokian tokiko udaletan.

Labakak azaldu duenez, oro har, Osakidetza “pausoak” ematen ari da osasun zerbitzuak euskalduntzeko, baina haren arabera, gaur-gaurkoz, oraindik ere “nabarmenak” dira hutsuneak. Hark dioenez, arazoaren oinarriari heldu behar zaio, eta azaldu du unibertsitatean “apustu serioa” egin beharra dagoela profesionalek euskaraz ikasteko aukera duina izan dezaten eta profesional euskaldunek Osakidetzan lana euskaraz egin ahal izan dezaten.

Bestalde, Uemako lehendakariak gogorarazi du hizkuntz eskubideen urraketak salatzeko Hizkuntza Eskubideen Behatokiarekin harremanetan jar daitezkeela herritarrak.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend