Baserritarrak eta emakumeak azokaren erdigunera

Udane Juaristi artista azkoitiarra mural bat egiten ari da bere herriko Berdura Plazan. Kandida Azkarate Askasua birramonaren argazki batetik abiatuta, "baserritarrei, eta batez ere, emakumeei" omenaldia egin nahi izan die.
Udane Juaristi

Udane Juaristi, Azkoitiko Bedura Plazan egiten ari den muralaren aurrean. (Ihintza Elustondo)

Emakume baserritar bat, azokako produktuz inguratuta. Irudi hori ari da margotzen Udane Juaristi (Azkoitia, 1985) artista, Azkoitiko Berdura Plazan. Ez da edozein gorpuzten ari den emakumea; Juaristiren birramona da: Uzin baserriko Kandida Azkarate Askasua. Aurrerantzean, haren irudiak estaliko du herriko azoka inguratzen duen hormetako bat. “Baserritarrei, eta batez ere, emakumeei omenaldia egin nahi izan diet. Beti bigarren planoan egon da emakumea, eta isilpeko lan hori azaleratu nahi izan dut”. Normalean ez bezala, aldarrikapen tresna gisa baliatu du oraingoan artea Juaristik.

Azken boladan asko ibili da kanpoan azkoitiarra, eta bazuen “herrian zerbait egiteko gogoa”. Horregatik, Azkoitiko Udalera jo zuen, herrian hormaren bat libre ote zegoen galdezka. Berdura Plazako horma bat uzteko prest agertu zen udala, eta “ideia polita” iruditu zitzaion artistari gune horri “bizia ematea”.

Lanari ekin zion orduan Juaristik: “Beti gustatu izan zait kokalekuarekin zerikusia duten muralak egitea, eta horregatik, Azkoitiko zerbait egin nahi nuen, Berdura Plazarekin lotura zuena”. Birramonaren argazki zahar bat aurkitu zuen orduan, eta irudi horrekin eta azokako beste argazki batekin muntaia egin zuen, Photoshopa erabiliz; emaitza hori da horman egiten ari den irudia. Askotan, argazki zaharren eta oraingo errealitatearen arteko kontrastea bilatzen du Juaristik, eta azken lanean ere gauza bera egin du. Kontraste hori areagotzeko, gainera, zuri-beltza eta koloreak nahastuko ditu.

Orain arte teknika mistoa erabili izan du artistak batez ere, hau da, argazkiak eta pintura uztartu izan ditu. Baina azkenaldian margoekin soilik ari da lanean, “pinturan sakontzeko gogoa” zuelako, eta Azkoitian egiten ari den lana ere gisa horretakoa izango da. Orain gutxi arte eszena urbanoak egiten aritu izan da artista, baina azkenaldian pertsonak ditu lanerako gai. “Arropek-eta jokoa ematen didate margotzeko”, azaldu du. Garaiak aldatzen joaten direla nabarmendu du artistak, eta aldaketa hori beharrezkoa ere badela uste du: “Saiatzen naiz gauza berriak egiten eta teknika berriak probatzen; beti gauza bera egiten ezin zara gelditu”.

Udane Juaristiren murala

Juaristi egiten ari den murala. (U.J.)

“Harrera ona”

Atzo, asteartea, hasi zen azkoitiarra margolana osatzen, eta ostiralean bukatuko du. Goiz eta arratsalde ari da bertan lanean, eta haren arabera, jende askok galdetzen dio margolanaren inguruan. Oro har, “harrera ona” izaten ari dela azaldu du.

Irunen (Gipuzkoa), Lekunberrin (Nafarroa), Bartzelonan, Madrilen, Baionan eta Donostian egin ditu azken lanak Juartistik, eta Errenterian beste lan bat egingo du hil honen bukaeran. Azkoitian ere baditu mural gehiago: Dean eta Latz tabernetan, Lidl saltokiaren kanpoan eta bidegorrian –Ikasi dendaren ondoan–, hain zuzen ere. Dena den, esku artean duen lana izango da Azkoitiko erdigunean eta leku publiko batean egingo duen lehena.

Muralen kultura oraindik ere oso zabalduta ez dagoen arren, pixkanaka indarra hartzen ari dela uste du Juaristik. “Gero eta gehiago ari dira arte urbanoari lotutako jaialdiak-eta antolazten, eta nik uste dut garrantzitsua dela kultura hori sustatzea, horma zahar ugari dagoelako herrietan. Funtsean, mural hau opari bat da herritarrentzako; ezer txarrik ez du, dena du positiboa. Denetarik egongo da; batzuek baloratuko dute eta beste batzuek ez, baina uste dut orokorrean baietz”.

 

 

 

 

 

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend