Begirada aktiboa zahartzaroari

Gizartean adinekoen parte hartzea bultzatzeko 'Herri txiki, beso ugari' proiektua garatu dute Saiaz Mankomunitatean. Proiektuaren prozesu guztian adinekoei entzutea "oso garrantzitsua" izan dela dio Elena Rikondo Saiazeko gizarte langileak.
Bilera bateko irudia. (Ataria)

Bilera bateko irudia. (Ataria)

Herri txiki, beso ugari proiektua landu dute Saiaz Mankomunitatea osatzen duten Albiztur, Beizama, Bidania-Goiatz eta Errezil udalerrietan. Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen Etorkizuna Eraikiz izeneko diru laguntzaren bitartez garatu dute. “Gure kezketako bat da herri hauetan dauden adinekoak nola txertatu gehiago herri barruko bizitzan, eta horren inguruan egin dugu proiektua”, esan du Saiaz Mankomunitateko lehendakaria den Agurtzane Zelaiak. “Herri bizitzan denontzat da aberatsa beraiekin parte hartzea, eta horrela denon artean laguntzea, azken finean adinekoak errazago egokitzeko parte hartzera”.

Adinekoekin egiten dituzten ekintzetan eta programetan ibilbide bat egina dagoela esan du mankomunitateko gizarte langilea den Elena Rikondok. “Parte hartze horretan ikusten genuen jende asko isolatuta geratzen zela”, esan du Rikondok. “Kontuan izan behar da landa eremu batean gaudela, dispertsio geografikoa dugula eta horrek mugatzen du adinekoen parte hartzea”. Bestalde, proiektuek askotan “hiri ikuspegia” dutela gaineratu du, eta horiek ez dietela balio. “Horregatik guk sortu egin behar izan dugu”, esan du Rikondok. “Eta guretzat oso garrantzitsua izan da zahartzaroari ikuspegi aktibo bat ematea, ez begiratzea adinekoa menpekotasunetik”.

Proiektuaren prozesu guztian adinekoei entzutea “oso garrantzitsua” izan dela dio Rikondok: “Oso lan zuzena egin da protagonistekin”. Farapi kooperatiba aritu da proiektua dinamizatzen eta bertako kidea den Nerea Eliasek azaldu duenez, “elkarlana gakoa izan da proiektu honetan, bai mankomunitatearen aldetik, bai udalen aldetik eta bai teknikarien aldetik ere”.

Egitasmoaren hasierako lanketa kuantitatiboa izan zen: biztanleria, adinekoen kopurua, horietatik zenbatek duen menpekotasuna, zerbitzuak zerrendatu eta horien erabiltzaileak zein diren zehaztu zuten. Hortik abiatu ziren proiektuaren “muinera”, hau da, “adinekoei entzutea”, Eliasek zehaztu duenez. Horretarako hiru lanketa egin zituzten. Batetik, sei banakako elkarrizketa egin zituzten herri bizitzan hain aktiboa ez den jendearekin. Bestetik, lau talde eztabaida egin zituzten, herri bakoitzean bat, mankomunitatean martxan dauden jardueretan parte hartzen duten adinekoekin. “Horrela bi profilak hartu ditugu kontuan, parte hartzen dutenak eta ez dutenak”, zehaztu du Eliasek. Hirugarren lanketa izan da behaketarena, herrietako zenbait ekitaldi eta leku esanguratsuetara joan, eta jaso zein ari den parte hartzen eta zein diren rolak.

Jarraitu erreportajea irakurtzen, Tolosaldeko Atariaren webgunean.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend