“Bestelako etorkizuna eraikitzeko, lehenengo hura irudikatu beharra dago”

'Esku ikusezinaren itzal luzea. Ekonomiaren erretorikaren kritika' ikerketa liburua plazaratu du Joseba Permachek. Ekonomialari desberdinek garatutako diskurtsoek gizartean izan duten eraginaren inguruko analisia egin du bertan.
(Amaia Urbieta Arruti)

(Amaia Urbieta Arruti)

Esku ikusezinaren itzal luzea. Ekonomiaren erretorikaren kritika lana kaleratu duzu. Zerk bultzatu zaitu liburuan egin duzun ikerketa egitera?
Bere garaian, ekonomia ikasi nuen. Kartzelan sartu gintuztenean, berriz, soziologia ikasten hasi nintzen, eta konturatu nintzen, ekonomiak ez bezala, soziologiak etengabe zalantzan jartzen zuela bere burua. Azken krisi ekonomikoaren hasierarekin kointziditu zuen, eta guzti horrek eraman ninduen ekonomiaren inguruko irakurketaren hausnarketa bat egitera. Duela bi urte, langabezian nengoela, master bat egin nuen, eta master amaierako lanaren ikerketa aprobetxatu nuen ekonomiaren diskurtsoa aztertzeko. Orain, UEUk argitaratu du nik egindako lana.

Ekonomiaren diskurtsoa zeri deitzen diozu?
Zehazki, liberalismoa edo gaur egungo neoliberalismo ekonomikoa defendatzen duten ekonomialariek erabilitako diskurtsoa aztertu dut, eta horrek gizartean betetzen duen funtzioa. Garbi esanda, azken krisiaren harira, aztertu dut aditu ekonomikoek erabilitako diskurtsoak nola legitimatu duen herritarroi inoiz egin zaigun lapurretarik handiena, “bankuen erreskatea” izenean. Funtsean, krudela, ankerra eta erabat ez eraginkorra den sistema bat justifikatu dute.
Adam Smithen, Friedmanen eta Hayeken diskurtsoak aztertu ditut gehienbat, gaur egungo krisiaren harira adituek eratutako diskurtsoak gizartean izan dituen eraginaren inguruko ondorioak ateratzeko.

Adam Smithen ideiak dira gaur egungo ekonomia sistema kapitalistaren oinarria. Zer diozu haren pentsakerari buruz?
Adam Smithi buruz irakurketa oso ezberdinak daude. Uste dut bere garaian kokatu behar direla haren hausnarketak. Garaiko errealitateari erantzuten zion haren diskurtsoak, baina baita garaiko interes ekonomikoei ere, eta, kasu honetan, nire ustez, garaiko klase burgesaren interesei. Azkenean, Smithek planteatzen du norberak bere interes propioak jarraitzea onuragarria izango dela gizarte osoarentzat. Hori azaltzeko esku ikusezinaren metafora erabili zuen. Adam Smith erretorika irakaslea zen, eta nire ustez ez da kasualitatea bere metaforak eta bere esamoldeek halako indarra izaten jarraitzea 200 urte geroago.

Orain Smithen ideiak aplikatzen dira, baina ez da beti hala izan, ezta?
Liburuan aipatzen dut Smithen ideiek indar handia izan zutela, baina 1929an nazioarteko krisi ekonomiko oso handi bat egon zen, eta horrek ekarri zuen liberalismo ekonomikoaren ideiak zalantzan jartzea. Tarte luze batez ideia horiek albo batean egon ziren, eta gero berriro neoliberalismoak berreskuratu zituen. Hori dela eta, 80. hamarkadatik hona, adibidez, soldatek barne produktu gordinean duten pisua %10ean jaitsi da eta etekinak berriz %10ean igo dira. Beraz, langileen aurkako eraso bat egon da.

Neoliberalismoaren diskurtsoa krisia bere horretan areagotzeko erabili da. Komunikabideek esan izan balute bankuei 75.000.000.000 euro oparituko dizkietela, jendea oldartu egingo litzateke, ez luke halako lasaitasunez onartuko.

Zergatik ez du erreakzionatzen gizarteak halakoen aurrean?
Neoliberalismoak koinziditzen du Sobietar Batasunaren amaierarekin, eta Fukuyamak bere garaian esan zuen: «Amaitu da historia, hemendik aurrera liberalismo ekonomikoa eta demokrazia formala egongo dira». Nik uste dut ofentsiba ideologiko hori gaur arte mantentzen dela. Azken hamarkada luzeetan egon den krisirik handiena bizi dugu, milioika langabetu daude, milioika emakume prekario, natur baliabideei egiten ari garena ikaragarria da, eta, hala ere, funtzionatzen duen sistema bakarra dela esaten digute.

Hogei urte barru berdin jarraituko al dugu?
Ez dakit. Zentzu horretan ekonomialariei egin dakiekeen kritikarik handienetako bat da oso gutxik aurreikusi zutela krisia. Nik ez daukat gaitasunik hemendik hogei urtera zer egongo den irudikatzeko. Uste dut apaltasun horretatik egin behar zaiola aurre egoerari. Hori bai, bestelako etorkizun bat eraikitzeko bestelako etorkizun bat irudikatu behar da. Zentzu horretan, helburuak ez luke izan behar hainbeste zer gertatuko den asmatzea, baizik zer nahiko genukeen, gaurdanik zein urrats egin pentsatzeko.
Ekonomian, era lineal batean planteatzen dira gauzak. Orain iragartzen digute krisi bat egongo dela, eta badirudi ezin dugula ezer egin horren aurrean. Beraz, garrantzitsua da pentsatzea non egon nahi dugun hemendik hogei urtera eta horrantz urratsak egiten hastea.

Duela urte batzuk garbia zen liberalismoaren alternatiba. Zer gertatzen da gaur?
Nik uste dut arazoetako bat dela alternatibarik eza. Badago sozialismo erreala deitu zen eredu hori, baina uste dut  eredu horrek izan zuen arazo handienetakoa bakarrik egungoa kudeatzera mugatu izan zela, eta nolako etorkizuna nahi zuen ahaztu zuela. Kasu honetan, etorkizuna berrasmatu behar dela uste dut, eta alternatiba hori esparru desberdinetatik egiten ari diren proposamen eta iruditegi, sinbologia berri batekin irudikatu beharko genukeela.

Sistemaren krisiak eman du pentsamendu alternatibo eta kritikorako aukera, eta uste dut horretan guztian ikus daitezkeela alternatiba txikiak. Zailena da  planteamendu desberdinetatik egiten diren irakurketa kritiko horiek barnebiltzen dituen alternatiba global eta integrala eraikitzea.

Posible al da hori, bizi garen gizarte indibidualistan?
Gizartea oso indibidualista da, bai, baina bizi garen herrian herritarrek historian zehar erakutsi dute arazoei auzolanean aurre egiteko prest daudela. Euskararen alorrean, komunikabideen alorrean, hezkuntzaren alorrean, kooperatigintzan… Horrek esan nahi du herri honetan elkarlanean eta bestelako baloreetan sinesten dela. Azken hilabeteetan, pentsiodunen mugimendua eta mugimendu feminista indartuta eta oldartuta daude, zentzu positiboan. Hausnarketa eta alternatiba politikoak eraikitzen ari dira, batzuk asmatuko dute gehiago eta besteek gutxiago, baina Europako oso herrialde gutxitan topatu dezakegu bigarren indarrean EH Bildu moduko alderdi politiko bat, alkatetza asko kudeatzeko gaitasuna duena, bestelako eredu parte hartzaileago bat garatuz, beste hainbat eragilerekin batera.

Nik uste dut errealitate hori hor dagoela, eta nahiago dut gauzei alde positibotik begiratzea. Historiak erakusten du ezkerrak batzuetan aurrera egiten duela eta besteetan atzera. Baina amore ematen badugu, eta bakoitza bere interes propioei soilik begiratzen hasten bagara… uste dut horretarako ez duela merezi bizitzeak. Nire kontraesanak ere onartzen ditut, eta uste dut denok maila batean edo bestean berekoiak garela. Dena den, horrek ez du esan nahi ez dudanik jarraituko bestelako jendarte baten alde borrokatzen.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend