Errezilen jaietako kale garbitzaileek botako dute samartinetako txupinazoa

Ostiraletik igandera eta azaroaren 18an ospatuko dituzte festak Errezilen. Igandean, San Martin egunez, bertso saioa emango dute parrokian Egañak, Enbeitak, Laburuk eta Martinek.

Bihar, ostirala, estreinatuko dituzte Errezilen aurtengo San Martin jaiak. Lau eguneko festa egitaraua prestatu dute: asteburu honetan, azaroaren 9tik 11ra, eta hurrengo igandean, azaroaren 18an, ospatuko dituzte samartinak.
Txupinazoa eta herri afaria izango dira jaien lehen eguneko hitzorduetako bi. Jaiek irauten duten bitartean goizero herriko kaleak txukuntzeaz arduratzen diren herritarrak izango dira aurten samartinen hasierako suziria botako dutenak. “Errezilen ditugun baliabide murritzak kontuan izanda, duela urte batzuk jaietan auzolanean kaleak garbitzearen ardura hartuko zuen boluntario talde bat eratu zen. Dozenaerdi bat herritarrek osatzen dute eta horiek botako dute txupinazoa, egiten duten lanaren aitortza gisara”, azaldu du Nekane Zinkunegi Kultura zinegotzi eta Festa Batzordearen kideak.

Frontoian egingo duten herri afarirako, berriz, 226 lagunek eman dute izena; Akerra elkarteak antolatu du aurten  afaria.

Bertsoak eta bakarrizketa
Azken urteetan ohiko bihurtu diren hitzorduak ez dira faltako asteburuan Errezilen, hala nola sagardo eta pintxo dastaketa, edo herriko produktuen azoka eta gazta eta tarta lehiaketa herrikoia; Elizagoien Ahizpek eta Obaneuke taldeak jarriko dute gauak festa giroan luzatzeko musika.

Baina berrikuntzak ere badaude aurtengo egitarauan. Igandean, San Martin arratsaldean, bertso saioa eskainiko dute parrokian Andoni Egañak, Onintza Enbeitak, Agin Laburuk eta Alaia Martinek. Azaroaren 18an, berriz, festak agurtzeko, Bakean dagoena bakean utzi binakako bakarrizketa eskainiko dute Borondegin Idoia Torregaraik eta Mirari Martiarenak; Euskaraldiari tartea egingo diote, horrenbestez, samartinetan.

EGITARAUA
Azaroak 9, ostirala
– 16:30. Haur jolasak.
– 19:00. Triki poteoa herriko trikitilari gazteekin.
– 20:00. Txupinazoa, Borondegiko balkoitik, festetako kale garbitzaileen eskutik.
– 21:00. Herri afaria, frontoian.
– 00:00. Gaztetxoen dantza emanaldia.
– 00:30. Elizagoien ahizpak.

Azaroak 10, larunbata

– 15:30. Mus txapelketa, Borondegin.
– 17:00. Haurrentzako jolas txokoak, frontoian.
– 18:00. Triki poteoa.
– 20:30. Sagardo eta pintxo dastaketa, frontoian.
– 23:00. Obaneuke.

Azaroak 11, igandea. San Martin Eguna
– 11:00. Meza, San Martin parrokian.  Hamaiketakoa, Borondegin.
– 12:00. Herriko produktuen azoka, frontoian. Tarta eta gazta lehiaketa herrikoia.
– 17:30. Bertso saioa, San Martin parrokian. Bertsolariak: Andoni Egaña, Onintza Enbeita, Agin Laburu eta Alaia Martin. Gai-jartzailea: Nekane Zinkunegi.

Azaroak 18, igandea
– 10:30. Gaztetxoen krosa. HHtik DBHra artekoentzat lasterketak.
– 11:30. Helduen IV. Kros Mistoa. 5 kilometroko ibilbidea. Izen-ematea: herrikrosa.eus.
– 13:00. Jubilatuentzako meza.
– 13:30. Ardo dastaketa, dantzalekuan.
– 14:00. Jubilatuen bazkaria, Borondegin.
– 18:00. Bakean dagoena bakean utzi binakako bakarrizketa, Borondegin.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend