ZAE-ren bigarren eskuko denda, barrutik

Urteak daramatza arraun elkarteak bigarren eskuko arropa, altzari eta objektuak jasotzen eta prezio baxuetan saltzen herritarrei. Arronan zeukaten lokala, baina hura eraitsi ostean tanatorioaren atzeko eraikin batean daude. Oristel Leyva da hango langilea, eta azaldu du bizikletak direla gehien saltzen diren objektuak.

Lantegi zahar bat arropaz, liburuz, altzariz eta era guztietako objektuz betea. Horixe da ZAE Zarautz Arraun Elkartearen bigarren eskuko denda. Astelehenetik larunbatera egoten da zabalik, eta gaur goizean ere herritar gutxi batzuk ibili dira sartu-irtenean.

Emakume bat kromo bila joan da. Hainbat forma eta irudi dituzte, eta brillantina ere bai. Kolekzionatu egiten dituela azaldu dio dendako arduradunari, Oristel Leyvari. 50 zentimoan eraman ditu kartoizko kaxatxo batean.

Dendan dauden gauzen zerrenda egitea baino, akaso errazagoa litzateke ez daudenena egitea. Oinei masajea emateko tresna? Badituzte pare bat. Eskiak? Badituzte. Estufak, haurrentzako aulkiak, sofak, komodak, lanparak, alfonbrak, ispiluak, koadroak, mantak, lababoak, sukalderako tresnak, liburuak… Ez da ezer falta.

Leyvak azaldu du herritarrek era guztietako objektuak eramaten dituztela dendara, eta erosleek ere denetarik erosten dutela. Arrakasta gehien dutenak, hori bai, bizikletak eta liburuak omen dira. “Hilabete bakoitza desberdina da, egun bakoiza ere bai, baina uda partean bereziki bizikletak asko saltzen dira”.

Prezio baxuak

ZAEk arraun elkarterako dirua biltzen du dendari esker, baina horrekin batera, beste onura batzuk ere sortzen ditu: batetik, berrerabilpena sustatzen du eta, bestetik, gutxien dutenei laguntzen die. “Jendea etortzen da bere jatorrizko herrialdera joan aurretik, gauza asko erostera. Guk prezio bereziak egiten dizkiegu, pakete antzekoak”, adierazi du Leyvak.

Bigarren eskuko dendara herritar asko etortzen dela esan du, eta zarauztarrez gain, Zumaiatik eta Getariatik ere etorzen direla, bai gauzak uztera, bai erostera. “Inguruko herrietan ez dago honelako dendarik, eta hona etortzen dira”.

Prezio erakargarriak dituzte: esaterako, liburuak euro batean dituzte salgai, arropa euro bat eta bost euro artean, eta bizikletak hamar eta 60 euro artean.

Berrerabilpena du ardatz dendak. “Esaterako, alokairuan bizi direnek ezin dute altzaritan askorik gastatu, ez dauka zentzurik horretan inbertitzeak. Hemen erosten dituzte altzariak, eta batzuek berriz bueltan ekarri izan dituzte, etxez aldatu direnean”.

Gauzei bigarren aukera bat ez, hirugarren eta laugarren aukera bat ere ematea posible dela erakusten dute horrelako ekimenek.

Turistak, objektu zaharren bila

Bigarren eskuko gauzez gain, arraun elkartearen materiala ere eros daiteke bertan: elastikoak eta banderak. Uda partean turistek erosi ohi dituztela kontatu du Leyvak, euren herrialdeetara eramateko oroigarri gisara. Japoniaraino ere iritsi omen dira.

Arraun materialaz aparte, objektu zaharrak erosteko ohitura dute turistek. Dendan badago zaharretik: lanparak, material eta tamaina guztietako figurak, koadroak, etab.

ZAEko guztiak inplikatuta

Dendako arduraduna gustura da herritarrek duten jarreragatik, eta baita arraun elkarteko kideen inplikazioagatik ere. “Hemen elkarteko den-denek jartzen duten euren apurra. Behar ez dituzten gauzak ekartzeaz gain, denek laguntzen dute zerbaitetan”, azaldu du.

Batzuk liburuak behar bezala sailkatzeaz arduratzen dira, beste batzuk aparatu elektronikoak aztertzeaz, beste batzuk bizikletak konpontzeaz, denda txukuntzeaz, etab.

Astelehenetik ostiralera goiz eta arratsaldez irekitzen du denda ZAEk, eta larunbatetan, goizez.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend