Azpeitiko apustu etxearen aurka, 1.636 herritarren sinadura bildu ditu Elkar-ekin taldeak hilabetean

Elkar-ekineko kideak, bildutako sinadurak eskuetan dituztela. (Elkar-ekin)

Elkar-ekineko kideak, bildutako sinadurak eskuetan dituztela. (Elkar-ekin)

Urriaren hasieratik amaiera bitartean iraun du Azpeitiko Elkar-ekin taldeak antolatutako sinadura bilketak, eta haren arabera “asko” izan dira herriko txoko ezberdinetan eta kalean jarritako postuetan beraien sinadura eman duten herritarrak. Zehazki, 1.636 lagunek sinatu dutela jakinarazi du.

Joan den hilaren 30ean zabaldu zuten Balentina Agirre plazan apustu etxea, eta ordutik lokala zabalik badago ere, “haren aurkako borroka” ez dela amaitu jakinarazi dute. Izan ere,  taldearen arabera, negozio horren aurkako jarrera “oso zabala” dela erakusten dute jasotako sinadurek. “Kalean sinadurak biltzen egon garen egunetan pertsona askorekin hitz egiteko aukera izan dugu, eta herritarren kezkak eta iritzi ezberdinak zuzenean entzun ahal izan ditugu. Guretzat bereziak izan dira hainbat herritarrek eman dizkiguten testigantzak. Batzuek zuzenean ludopatia gaixotasunaren ondorioak pairatu dituzte, beste batzuek oso inguru hurbilean izan dituzte eritasun honen ondorioak. Ludopatia ezkutuan pasatzen den arazoa da, baina asko dira gure herrian bere ondorioak pairatzen ari diren pertsonak”. Horrez gain, herritarrek “borroka honetan” erakutsi duten inplikazioa txalotu du Elkar-ekinek, eta gogoratu du apustu etxearen inaugurazioan 50 lagun inguruk protesta egin zutela lokal barruan.

Taldeak gaineratu du “gutxi batzuen esku” geratzen dela apustu etxek irabazten duten “dirutza”. “Pertsona gutxi horiek beste pertsona askoren pobreziaz baliatzen dira dirutza hori egiteko”. Hain zuzen ere, halakorik ez dutela “onartuko” ohartarazi, eta aurrera begira mobilizazioak prestatzen ari direla aurreratu dute.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend