Erorketak saihesteko tailerra egingo dute Azkoitian

60 urtetik gorakoei zuzendutako ikastaroa da, eta doakoa izango da. Bi saio egingo dituzte: azaroaren 20an eta 22an,10:00etatik 12:00etara. Parte hartzeko, izena eman behar da.

Adinekoak

Azkoitiko Udaleko Gizarte Ongizate sailak, osasun publikoarekin eta Azkoitiko anbulatorioarekin elkarlanean, erorketak saihesteko tailerra antolatu du bigarren urtez jarraian, 60 urtetik gorakoentzat. Ikastaroaren helburua da pertsona nagusiak arriskuez jabetzea; izan ere, adituen arabera, 60 urtetik gorako pertsonen erdiak urtean behin erori egiten dira. Pertsona nagusien artean, istripuen %90etik gora izaten dira erorketak.

Tailerrak bi zati izango ditu: teorikoa eta praktikoa. Parte teorikoan, arrisku faktoreak jorratuko dituzte: kalean eta etxean egon daitezkeenak nahiz adinak eragiten dituenak. Horrez gain, herritarrek eskura ditzaketen zerbitzuen eta baliabideen berri emango diete partaideei. Zati praktikoa, berriz, ariketa fisikoan oinarrituko da. Saio horretan, hainbat gauza azalduko dute: ohean edo aulkian egoteko jarrera egokiak, makuluak nola erabili, edo eroriz gero nola altxatu.

Saioak Elkargunean izango dira, azaroaren 20an eta 22an, 10:00etatik 12:00etara. Parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute, azaroaren 16ra bitartean, anbulatorioan edo 943-00 76 10 telefono zenbakira deituta. Tailerraren plaza kopurua mugatua da; edonola ere, antolatzaileek ez dute baztertzen beste tailer bat antolatzea jendea kanpoan geratzen bada. Doakoa da ikastaroa.

 

 

 

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend