Kristina Colomo: “Polit sentitu nahi du jendeak, baina ez du astirik arropa erosteko”

‘Personal shopper’ zerbitzua eskaintzen duen Interneteko gune batean lan egiten du Colomok. Sektore berria da, baina indarra hartzen ari dela dio, gaur egungo "behar" bati erantzuten diolako.
Cristina_Colomo

Kristina Colomo.

Erosketak egiteko modua aldatzen ari da. Dendetara joan beharrean, gero eta gehiago dira etxeko sofatik Internet bidez arropa erosteko hautua egiten dutenak. Are gehiago: badira arropa aukeratzea beste batzuen esku uzten dutenak ere. Horren adierazle da Kristina Colomoren (Zestoa, 1994) lanbidea: personal shopper (erosketa egile pertsonalizatua) zerbitzua eskaintzen duen Interneteko Lookiero webgunean lan egiten du.

Nola iritsi zara horrelako lanpostu batera?

Lidergo Ekintzaile eta Berrikuntza Gradua ikasten ari nintzela,  enpresari batek gure unibertsitatera jo zuen, buruan ideia bat zuela eta hura martxan jartzeko ikasleak behar zituela esanez. Ni eta ikaskide bat sartu ginen proiektu horretan; hori izan zen gure Gradu Amaierako Lana. Bost pertsona hasi ginen lanean proiektuan, eta denbora batera, webgunea martxan jarri genuen. Gaur egun, 160 pertsona inguru ari gara lanean. Bilboko enpresa bat da, baina jendeak beste herrialdeetatik ere egiten du lan, etxetik: Euskal Herritik, Espainiatik, Frantziatik, Erresuma Batutik, Belgikatik, Portugaldik, Argentinatik…

Nola funtzionatzen du plataformak?

Internet bidez personal shopper zerbitzua eskaintzen dugu, momentuz, emakumeentzat soilik. Bezeroak bere profila sortzen du webgunearen bidez, hainbat gauza zehaztuta: zein diren bere gustuak, nola janzten den lanerako, nola janzten den denbora librean, zer neurri dituen, zein diren bere lehentasunak… Profil hori personal shopper batek aztertzen du, eta profilari gehien egokitzen zaizkion bost jantzi aukeratzen ditu hark. Bezero horri kaxa bat iristen zaio etxera bost jantzirekin, baina aurrez ez du jakiten zer jasoko duen. Ondoren, bost egun izaten ditu jantzi horietatik zein hartuko dituen erabakitzeko eta gainontzekoak itzultzeko, eta aukeratzen dituen jantzi horiek bakarrik ordaintzen ditu. Kaxarekin batera, arropaz aparte, personal shopperaren ohar bat jasotzen du bezeroak: hark zehazten du zergatik aukeratu dituen jantzi horiek, zerekin jantz ditzakeen, nola inspira daitekeen…

Zein da zure ardura enpresa horretan?

Negozio alorreko postu batean lan egiten dut; product manager postua dut.

Aurrez ba al zenuen moda munduarekin loturarik?

Ez. Beti gustatu izan zait moda, eta egia esan, beti esaten nuen aukera edukiz gero, nahiko nukeela arlo horretan lan egitea.

Antzeko erosketa zerbitzuak ohikoak al dira?

Gero eta ospetsuagoak dira izen emate bidez arropa saltzen duten erosketa zerbitzuak, eta gurearen antzeko zerbait badagoen arren, sektoreak ez dauka indar handirik oraindik. AEBetatik datorren negozio eredu bat da; han badago oso-oso indartsua den antzeko webgune bat. Europan ari dira pixkanaka indarra hartzen horrelako zerbitzuak, baina ez dago antzeko gune asko oraindik. Oso sektore berria da.

Erraza al da pertsona batek Internet bidez emandako datuekin zer nahi duen asmatzea?

Ez da erraza. Garrantzitsua da bezeroak ematen duen informazioa: hark argazki batzuk bidaltzea, iruzkinak uztea… Ez dago formularik, baina dakiguna da zenbat eta informazio gehiago eman, orduan eta aukera handiagoa dagoela asmatzeko.

Internet bidez emandako informazioarekin, pertsona bat ia-ia aurrez aurre bezala ezagutzera irits daiteke?

Bai, beno… Lan handia dago atzean, e! Personal shopperak asko aztertu behar du profila. Normalean, lehen kaxa izaten da zailena; bigarrengotik aurrera, errazagoa da asmatzea, elkar ezagutzen joaten direlako bezeroa eta langilea.

Arrakasta izaten ari al da webgunea?

Bai, egia esan, handia. Pixka bat harrituta gaude. Jendeak errepikatu egiten du esperientzia, oro har.

Zeren ondorio da arrakasta hori?
Gaur egun, ez daukagu denborarik. Gure bezeroa, gutxi gorabehera, 30-48 urteko emakumea da, lan egiten duena, umeak dauzkana… Funtsean, benetako behar bati erantzuten ari gara: jendeak ez du denborarik erosketak egitera joateko, edo beste gauza batzuei ematen die lehentasuna. Horrez gain, eskaera egin duen bezeroak ez daki etxean zer jasoko duen, eta sorpresa faktore horrek sentipen berezia eragiten du, harrapatu egiten du jendea. Esperientzia oso ezberdina da.

Deigarria da bezero gehienek profil antzekoa izatea.

Gaur egun, badago joera bat norbere buruarekin ondo sentitzekoa, guapa sentitzekoa. Batzuek lanerako jantzi berezi bat behar izaten dute, eta esfortzu bat eskatzen die erosketak egitera joateak; denbora behar izaten dute horretarako. Edo, agian, irudi ona eman nahi du jendeak, polit sentitu nahi du, eta errealitate bat da astirik ez duela arropa erosteko. Egoera horren aurrean, profesional batek zure ordez jantziak aukeratzea eta guapa sentiaraztea… Ikusi dugu behar bat asetzen dela zerbitzuaren bidez.

Emakumeek badute presio bat gizarte honetan polit sentitzeko?

Bai, baina denek ez dute hori sentituko. Norbaitek esango du: “Nik ez dut polita sentitzeko beharrik”. Denontzako dago lekua, baina egia da gure bezeroak denborarik ez duten eta guapa sentitu nahi duten emakumeak direla.

Nola erosten du jendeak gaur egun arropa? Zer sumatzen duzu inguruan?

Uste dut denetarik dagoela. Nahiz eta nik Interneteko enpresa batean lan egiten dudan, dendetara ere asko joaten naiz, eta gainera, gustatu egiten zait. Baina egia da joera handia dagoela Internetez erosteko; gero eta gehiago.

Zergatik ari da hori gertatzen?

Izan daiteke erosotasunagatik. Jendeak ez du denborarik, eta oso erosoa da zure etxeko sofatik erosketak egitea.

Zuk lan egiten duzuna bezalako Interneteko plataformek ez al diete kalterik egiten merkatari txikiei?

Ez da samurra hau aitortzea, baina bai. Horrelako enpresek alde onak eta txarrak dituzte, denak bezala. Merkatari txikiei kalte egiten diete, baina nire ustez, gaur egungo beste erronka bati oso erantzun positiboa ematen diote: hau da, kontziliazioari. Interneteko enpresetan, jende askok bulegotik kanpo lan egin dezake, etxetik, adibidez, eta horrela, beraien erara antolatzen dute denbora: bizitza pertsonala eta enpresarekin duten konpromisoa kudea ditzakete. Gaur egun, beste era bateko behar bat asetzen dute horrelako enpresa berriek.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend