Laboaldia prestatu dute Azpeitian, Mikel Laboaren “unibertso poetiko oparoa erakusteko” egitarauarekin

Azaroaren 21etik abenduaren 2ra, erakusketa bat, hitzaldiak, mural margoketa eta kontzertuak izango dira, besteak beste, herrian. Azpeitiko Kultur Mahaiak eta Kulturaz kooperatibak antolatu dutem, hainbat eragilerekin elkarlanean.
Enok Sudupek egin du Laboaldiaren kartela.

Enok Sudupek egin du Laboaldiaren kartela.

Mikel Laboaren heriotzaren hamargarren urteurrenaren bueltan, Donostiako artistaren “unibertso poetiko oparoa erakusteko” egitaraua osatu dute Azpeitiko Kultur Mahaiak eta Kulturaz kooperatibak, beste hainbat eragilerekin elkarlanean. Azaroaren 21etik abenduaren 2ra, erakusketa bat, hitzaldiak, mural margoketa eta kontzertuak izango dira, besteak beste, herrian.

“Mikel Laboaren unibertso poetikoa bere osotasunean erakustea da gure asmoa, baina ez omenaldia egiteko bakarrik, ez bere lanaren alderdi guztiak ezagutzera emateko soilik, baizik eta sortzaile berriei ateak irekitzeko, sortzeko grina kutsatzeko, mundua nork bere erara eman dezan laguntzeko”, azaldu dute antolatzaileek, Laboak bere ibilbidean eta bere sormen lanarekin gauzatutako zubilanari erreferentzia eginda: belaunaldi arteko zubilana eta esparru ezberdinetako artistekin zubilana. “Mikel Laboaren lanak ahotsa eta kantua ditu ardatz, edozein herri kantak bezalaxe, eta gitarra biluzi bat. Bere lanak, ordea, beste mundu asko biltzen ditu bere baitan: bere garaiko hainbat poetaren hitzak hartu zituen kanturako, Zumeta pintorearen lana hautatu irudia jartzeko, beste hainbat musikarirekin aritu zen lanean…”.

Egitaraua

Hau da Laboaldiaren egitarau osoa; Enok Sudupe azpeitiarrak egin duen kartelean jaso dute antolatzaileek:

Azaroaren 21etik abenduaren 2ra

  • Erakusketa: Laboa gertutik. 18:00etatik 20:00etara, Betharrameko Udal Erakusketa Aretoan.

Azaroaren 23a, ostirala

  • Aurkezpena: Laboaren begiak liburuxka, Alaitz Aizpuru egilearekin. 18:00etan, Udal Liburutegian.

Azaroaren 24a, zapatua

  • Mural margoketa. Egunean zehar, Alde Zaharrean.

Azaroaren 27a, asteartea

  • Hitzaldia: Laboaren kateak: iragana eta oraina, zilbor-heste. Ana Gandararekin. 19:00etan, Sanagustin kulturgunean.

Azaroaren 28a, asteazkena

  • Bisita gidatua eta hitzaldia: Non dago Mikel Laboa? Josune Albisurekin. 19:00etan, Betharrameko Udal Erakusketa Aretoan.

Azaroaren 30a, ostirala

  • Zumetarenera txangoa, arratsaldez.
  • Solasaldia eta entzunaldia: Laboaren belarria, Ibon RGrekin. 21:30ean, Gaztetxean.

Abenduaren 1a, larunbata

  • Kontzertua: Laboa hamaika ahotsetara, herriko musikarien eskutik. 22:30ean, Sanagustin kulturgunean.
Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend