Unax Blanco: “Edozein keinurekin erraztu diezaiokegu bizitza alboan dugunari”

Esku Bidez taldeak ‘Zuk’ dokumentalaren emanaldia eskainiko du gaur, 19:00etan, Elkargunean. Bihar Izaroren kontzertua izango da. Bildutako dirua Itsas Laguntza Humanitarioarentzat izango da.
Unax Blanco (Eta Kitto)

Unax Blanco (Eta Kitto)

Migrazio krisiak eragindako hondamendiaren erdian lanean aritzen diren euskal boluntarioen testigantzak jasotzen dituen Zuk dokumentalaren zuzendaria da Unax Blanco (Eibar, 1977). Egileak dioenez, “eta nik zer egin dezaket?” galderari erantzuna ematea du xede dokumentalak.

Dokumentalaren izenari erreparatuta, zergatik Zuk?

2016an Refugiados, camino a ninguna parte dokumentala egin genuen. Lana ETBn eman eta gero, Euskal Herriko eta Espainiako hainbat tokitan proiektatu genuen. Saio horien osteko solasaldietan beti galdera bat ateratzen zen: “Eta nik zer egin dezaket?”. Eta galdera horren erantzuna da Zuk dokumentala. Izan ere, era askotan lagun dezakegu. Ez daukagu Libiara, Greziara edo Italiara joan beharrik laguntzeko; Euskal Herrian ere modu askotan lagundu dezakegu. Gaur eta bihar, han edo hemen, guri edo zuri. Hortik dator Zuk.

Migrazio krisiaren aurrean, lau euskal proiektutako boluntarioren testigantzak jaso dituzu lanean. Zer garrantzia du erakunde horiek egiten duten lanak?

Horiek egiten duten lana tamalez ezinbestekoa da gaur egun. Tamalez diot, gobernuei eta Europari dagozkien lanak egiten dituztelako. Agintariek dagokien lana egingo balute, ziurrenik ez genuke beharko halako elkarterik.

Euskal Herrian sortuak dira CEAR-Euskadi, Zaporeak, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Itsas Laguntza Humanitarioa taldeak. Nabarmentzekoa al da Euskal Herrian sortu den elkartasun eta laguntza sarea?

Euskal Herria gaiarekin nahikoa kontzientziatuta dagoela uste dut, behar bada, orain dela 80 urte, Gerra Zibileko garaietan, gu ere izan ginelako errefuxiatu. Nabarmendu behar genukeen beste datuetako bat honako hau da: askoz ere errazago ematen diegu laguntza Euskal Herritik kanpo lan egiten duten elkarteei. Beraz, orain ikusi beharko duguna da zer erantzun ematen diogun migrazioarekin gertatzen ari denari.

Eguneroko lanean hainbat oztopo izan dute proiektu horiek, hala nola Zaporeaken sukaldea erasotu zuten eta Itsas Laguntza Humanitariokoak Aita Mari ontzia itsasoratzeko Espainiako Gobernuaren sinadura baten zain daude hilabeteetan.

Finean, elkarteen lan onak berarekin dakarren hausnarketetako bat da agintariek gai hauei aurre egiteko duten gogo eza.

Orain urtebete aurkeztu zenuen Zuk lana. Ordutik hona aldatu al da migratzaileen egoera?

Aldatu bada, txarrerako aldatu da. Orain Libiako uretan ez dago erreskateetarako barkurik, beraz, ez dakigu zer gertatzen ari den Libiatik ateratzen diren migratzaileekin. Greziako uharteetara iritsi eta iritsi ari dira migratzaileak, baina Gobernuz Kanpoko Erakunde handi guztiek alde egin dute handik. Hori dela eta, erabat ahazturik dago hango egoera. Eta, hemen, Euskal Herrian, migratzaileak heltzen ari diren heinean agintariek erakusten duten erantzuna gero eta okerragoa da.

Eta gizarteak ahaztu egin al ditu errefuxiatuak?

Egin genuen lehen dokumentalean Alberto Sicilia La Sextako kazetariak esan zuen bezala, gauza bat soilik espero dut: krisi honetan Europan izaten ari garen jarrera ikusita, halakorik bizitzerik ez egokitzea guri. Bat egiten dut gogoeta horrekin.

Erakunde publikoek hartu al dute migratzaileei laguntzeko neurririk?

Ez daukat datu zehatzik, baina hartu dituzten neurriak oso murritzak dira, eta politikarien aurpegiak zuritzeko soilik balio izan dute.

Politikari askok eta askok bozetarako amu gisa erabili dute migratzaileen egoera, mezu xenofoboak zabalduta. Zer isla du horrek gizartean?

Beldurra erabilita askoz ere errazagoa da politikari horiek dituzten mezu neoliberalak inposatzea.

Dokumentala egin ostean, migrazio krisiari dagokionez, zer ondoriozta dezakezu?

Mundua erabat ari da aldatzen, eta guk ez dugu horretaz jabetu nahi. Mugek gero eta garrantzia gutxiago dute mundu globalizatu honetan.

Errefuxiatuen aldeko Azkoitiko Esku Bidez taldeak antolatu du dokumental emanaldia. Zer garrantzia du tokian-tokian halako taldeak sortzeak?

Agintarien politikei erantzuteko oso garrantzitsua da kontzientziazio taldeak sortzea. Gainera, gutako bakoitzak modu askotan lagundu dezakegu; izan ere, edozein keinurekin erraztu diezaiokegu bizitza alboan dugunari.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend