Urpean gordetako historia

Xabier Alberdi Donostiako Untzi Museoko historialariarekin hitz egin du 'Gipuzkoako Hitza'-k Getariako uretan aurkitutako zilarrezko lingoteaz.
Getariako zilarrezko lingotea

Getarian aurkitutako zilarrezko lingotea. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Duela bi hilabete pasatxo, irailaren 1ean, Borja Inza urpekariak forma hemisferikoa duen zilarrezko lingote bat aukitu zuen Getariako badiaren hondoan. Realeko urpeko jardueren ataleko kideak ustekabean egin zuen aurkikuntza, itsasertzetik ehun bat metrora eta zazpi metroko sakoneran, beste hainbatetan bezala urpean argazkiak ateratzen ari zela. Zortzi kilo ditu lingoteak, eta XVI. edo XVII. mendekoa dela ebatzi dute ikertzaileek, jatorri amerikarra duela eta kontrabandoan ekarritakoa dela.

Aurkikuntza “pozgarria” da Xabier Alberdi Donostiako Untzi Museoko historialariaren hitzetan, “ustekabean” gertatu dena. “Baina espero nuen egunen batean horrelakoren bat gertatzea”. Orain artean, euskal kostaldean ez zen azaldu izan zilarrezko lingoterik. “Andaluzian [Espainia] eta beste hainbat lekutan, Amerikarekin merkataritza eta itsas harreman estua izan zuten lurraldeetan, ohikoak dira horrelako aurkikuntzak, itsasontziak eta haien zamak galdu zirelako, eta denborarekin haiek agertuz joan direlako”. Espero zuen euskal kostaldean ere noizbat horrelako zerbait aurkitzea, “kontuan izanik euskaldunek nolako garrantzia izan zuten zilarraren inportazioan”.

Alberdik azaldu duenez, XVI, XVII eta XVIII. mendeetan, urrea eta zilarra zeuden munduko finantza sistemaren oinarrian. Hori zen benetako dirua, benetako dibisa, eta urrea eta zilarra bakarrik onartzen ziren nazioarteko harreman ekonomikoetan. “Eta zein zen munduko zilarraren jatorri nagusia? Espainiako inperioa. Espainiak Ameriketan eraiki zuen inperio hartan lokalizatu zituzten bi zilar gune nagusiak: bata, Boliviako Potosi inguruan dagoen El Cerro Rico mendian; eta, bestea, Mexikoko iparraldean, San Luis de Potosi eta Zacatecas inguruan. Bi gune horiek osatzen zuten munduko dibisen oinarriaren jatorria. Bi gune horietatik ateratzen zuten zilarra zen munduko ekonomiaren oinarria; hori zuen helduleku ekonomia sistema osoak, eta espainiarren esku zegoen, haiek ekartzen zuten hona”.

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend